Dokumentuaren akzioak
Amorruaren edertasuna
Julian Aristegi 1936ko urriaren 28an fusilatu zuten Francoren aldeko
militarrek, Hernaniko hilerriko kanpoaldeko horma baten aurka. Urte
hartako urri eta azaroan Donostia inguruko beste 200 pertsona fusilatu
zituzten, agiri edo euren nortasunaren inguruko argibiderik utzi gabe.
«200 familia elbarrituta eta ezjakintasunean utzi zituzten. Ezina eta
amorru gordea islatu nahi izan ditut». Mikel Aristegi dantzari eta
koreografoaren hitzak dira (Donostia, 1969), Ezustekoa (Unerwartet)
lana deskribatzen ari dela. Dantzariak bere aitona eta beste fusilatuak
omendu nahi izan ditu, eta, horretarako, 2006an Hernanin estreinaturiko
izen bereko ikuskizun laburrean oinarritu da, gaia luzeago garatuz. Lan
berria larunbatean taularatuko du aurrenekoz, Donostiako Antzoki
Zaharrean, eta beste emanaldi bat egingo du igandean.
Ezustekoa-ren aurreko bertsioa txiki gelditu
zitzaion Aristegiri. Behin taularatu zuen Hernaniko kultur etxean, eta
lau aldiz Txillida Leku museoan. Hogei minutu inguruko lana zen, eta
bere aitaren hitzak zituen lagun. «Lanak, baina, potentzial handiagoa
zuela iruditu zitzaidan, ordubeteko ikuskizun landuago bat egiteko
modukoa», azaldu du dantzari eta koreografoak. Bertsio berrian,
Aristegiren aita ez da fisikoki ageri, bai ordea irudi bezala,
proiekzio batean. Zuzendariaren alboan beste hiru dantzarik hartzen
dute parte: Eneko Gilek, Lara Martellik eta Matthew Morrisek. Bertsio
laburrean Aristegik betetzen zituen ia rol guztiak.
Lanak hamahiru eszena ditu, eta Aristegiren aitonaren
fusilamendua eta haren eraginak kontatzen ditu. Fusilatu aurreko bizia,
atxiloketa, borreroaren hausnarketa, fusilamendua bera, emaztearen
atsekabea, alarguna, bilobaren ikerketak... Lana Jose Mari Aristegi
Mikelen aitak idatzitako olerki batekin bukatzen da. «Testua ageri den
une bakarra da, aitona hil eta 65 urtera aitak idatzitako gutuna.
Dantza-antzerkia da, baina dialogo guztiak dantzaren bitartez garatzen
dira. Estetikari dagokionez, berriz, dantza garaikidea da».
Aristegik atzera begiratu du bere familiaren oroitzapenak
arakatzeko, eta urteetan gordetako sentimenduak dantzan agertzen saiatu
da. «Emozioen estetika aurkitzen saiatu naiz, gordetako amorrua polita
izan dadin lortzen. Drama ilun eta itxi horren barruan zerbait polita
aurkitu nahi izan dut». Koregrafoak emozioen garrantzia nabarmendu du:
kide bat galdu duen familiaren atsekabea, norbait hiltzera behartuta
dagoen guardia zibila, alargunaren bizia... Azken pertsona horrek
-«nire amamak», zehaztu du- dramari kontrapuntua jartzen lagundu dio.
«Amorrua gorde eta irentsi zuen, nire aita eta beste lau seme-alabak
bakean hezi nahi zituelako. Seme alabek lana arintzen dute, ikuspuntu
tolesgabea dira, drama jasan arren aurrera arazorik gabe jarrai
dezaketenak».
Pertsonaiak lehen pertsonan izendatzen baditu ere -«nire
aita, izeba Marikarmen, aitona...»-, hotz mintzo da Aristegi. Bere
baitan bildu behar izan du lana perspektibaz aztertu eta zuzentzeko.
Entsegu bakoitzean eta bereziki Txillida Lekuko emanaldietan hunkitu
egin dela aitortu du, kideek antzezten dituzten rolak bere sendikoak
direlako, baina zuzendari lanak urruntzera behartu du. «Barne borroka
bat izan da, nire emozioetatik urrundu behar izan dut ikuskizuna findu,
kontrolatu eta egitura aztertzen jarraitzeko».
Lanak ez du helburu moral jakinik, Aristegik ez du ikuslearen
kontzientzia astintzeko asmo berezirik. «Gertakariak nolakoak izan
ziren kontatu nahi dut, eta belaunaldi berriek ezagut ditzatela, jabetu
eta berriz gerta ez daitezen. Baina hori oso mezu unibertsala da, eta
ez dut sakondu nahi». Lanak epaiketarik ere ez du egiten, narrazio
hutsa da, autoreak ez duelako inor salatzeko asmorik. «Ez dut inor
erruduntzat edo errugabetzat jo izan nahi».
Dokumentuaren akzioak