Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Amoria & Dolore», baietz hirugarrenean dantzatu!

Dokumentuaren akzioak

«Amoria & Dolore», baietz hirugarrenean dantzatu!

Apirilean Victoria Eugenian estreinatu behar zuen Kresala konpainiak «Amoria & Dolore» ikuskizuna. Dena prest zuten, baina martxoan mundua geldiarazi zuen izurria heldu zen, poztasuna atsekabe bihurtuz. Ekainean berriz saiatu ziren. Alferrik. Eta hirugarrenean bai, larunbatean abiatuko baita Euskalduna jauregian Kresalaren «mundu bira» partikularra.
Egilea
Amaia Ereñaga
Komunikabidea
Naiz
Mota
Albistea
Data
2020/07/21
Lotura
Naiz

0721_kul_kresala

“La Princesse de Babylone” (1788) liburuan idatzi zuen Voltairek gerora hain ospetsua egin zen esaldia: «Pirinioetako magaletan dantzatzen den herria» da euskaldunon herria. Juan Sebastian Elkanoren mundu biraren bosgarren mendeurrena gogoratzen den 2020 aldrebestu honetan, Pirinioetako magalean bizi den herri dantzariaren sena behar zen gogora ekarri. Ordukoa eta gaurkoa. Doinu barrokoekin edertuta.

Getariako itsasgizonak gauzatutako munduaren zirkumnabigazioa euskal nabigazioaren “urrezko garaian” heldu zen, hainbat errege eta jauntxoren banderapean eta haien ohorerako –hortik datoz bosgarren mendeurrenak eragindako polemikak–, euskal marinelek munduko ozeanoak zeharkatu zituzten garaian. Nabigazioak gurean utzi duen arrastoa agerikoa da, baita euskaldunok itsasoan barnako ibilietan munduaren kontzepzio modernoan izandako lehen mailako eragin historikoa ere. Euskal Herria nahitaezko igarobidea edo atea izan zen luzaroan nabigatzaileentzat.

Eta garai horiek ekartzen ditu gogora Donostiako Kresala konpainiak prestatutako “Amoria & Dolore” dantza ikuskizunak. Iraganera bidaiatzeaz gain, hori bai, ikerkuntza eta berrinterpretazioa lagun, ondare artistiko eta koreografiko berria sortu nahi izan du Donostiako konpainia beteranoak. «Ikuskizuna euskal nabigazioaren ‘urrezko garaian’ kokatzen dugu, baina gauzok espaziotik eta denboratik kanpo gelditzen dira. Ez dute inoiz gaurkotasuna galtzen», azaldu zuen atzo Fausto Aranzabalek, ikuskizunaren koreografo eta zuzendariak.

1968an Gene Yurrek sortutako konpainiaren zuzendari artistikoa da Aranzabal 1993tik. Euskal dantzaren mundu tradizionala eta poetika bisuala inspirazio iturri hartuta, antzezpen originalak osatu dituzte, emozioetatik sortzen diren mugimenduei tentu handiz erreparatuz.

Etxeparetik Galeanora

Bernart Etxepareren olerki batetik hartu dute ikuskizunaren “Amoria & Dolore” izenburu iradokitzailea, bizitzaren bi aldeak adierazte aldera. Etxeparerekin batera, Josean Artze, Pio Baroja, Jo Mirande, Margarita de Navarra edota Eduardo Galeano bezalako egileen olerkiek hezurmamitu dute ikuskizunaren mundu poetikoa... eta, nola ez, baita musikak ere, erabateko garrantzia baitu antzinako musikak eta barrokoaren edertasunak “Amoria & Dolore” lanean.

Enrique Solis, Miren Zeberio eta Euskal Barrokoensemblek ikuskizunaren musika prestatzeko egindako lana azpimarratu nahi izan zuen Aranzabalek atzo. «Hiru orduko lana izan zitekeen. Zer sartu erabakitzea baino zailagoa izan da kanpoan zer utzi erabakitzea». Koreografiei dagokienez, hamazazpi eszena dira, ekinaldi bakarrean. «Corpus koreografikoa osatzeko hiru ardatz izan ditut: Juan de Esquivel Navarro [Felipe IV.aren dantza irakaslea], Juan Ignacio Iztueta eta Antonio Gades. Esquivelek dantza historikoko tratatu asko landu izan ditu eta horrek hari bat eman digu. Iztuetak, gipuzkoar dantza eraren aldetik, beste bide bat ireki digu. Gades, berriz, dantzaren dramaturgia eta dantza tradizionala dantza garaikidean txertatzeko maisu handia izan da».

Estreinaldia larunbatean, uztailaren 25ean, izango da, Bilboko Euskalduna jauregiko auditorioan (sarrerak 27 euro balio ditu). Ia 30 dantzariren parte hartzea duen ikuskizunak iraganeko marinel abenturazaleak biziberrituko ditu, itsasotik gertu, gibelean Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa adi-adi begira dela. Museo horretan bertan, Elkanoren mundu birari buruzko erakusketa dago uneotan ikusgai.

SENTIPEN BAT


Ekuadorko Teatro Gran Colombia antzokian ikuskizunaren eszena batzuk aurreratu zituzten otsailean. Fausto Aranzabal Kresalako zuzendari artistikoaren arabera, «erabat ulertu zituzten, herri dantzak hori baitu: norbera sentipen kolektibo baten barnean kokatzen du»

Dokumentuaren akzioak