Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Amodioaren jainkosa

Dokumentuaren akzioak

Amodioaren jainkosa

'Venere'

Koreografia: Daniel Abreu. Dantzariak: Dacil Gonzalez, Anuska Alonso, Pilar de Andres, Janet Novas, Maxi Sandford, Daniel Abreu. Lekua: Donostiako Gazteszena. Eguna: Otsailak 20.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2016/02/24
Lotura
Berria

Atxagaren izenburua parafraseatuz, bi aldiz jaso dugu oso denbora gutxian Daniel Abreu koreografoa. Abenduaren 19an Bilbon ikusi genuen Silencio lanarekin, eta orain Venere ekarri du Donostiara, Gazteszenako aretoa ia goraino beteta zegoela eta dantza zein kultura arloetako zale asko bertaratuta.

Italierazko izenburuak Venus jainkosari egiten dio aipu, eta haren bidez amodioaren irudi mitologikoari. Bestalde, komeni da jakitea Abreuren piezak beren izenburuaren esanguratik sortuak izaten direla, figuraziorako tentazioari uko eginez eta barne elaborazio-prozesu baten ondorioz. Beharbada horrek lagunduko digu proposamen kriptiko honen misterioa deskodetzen eta ikusi dugun dantzaren kalitatea oroimenerako gordetzen.

Silencio emanaldia ikusi ostean, estoizismo transzendental deitu nion Abreuren estiloari, baina oraingo honetan ez nago hain seguru deitura bera emango ote niokeen pieza honi. Geroko solasaldi informalean aretoko atarian elkartu naiz emanaldira etorritako bi aditu handirekin —Jose Angel Irigarai eta Mizel Theret— haiengandik gehiago ikasi nahian, eta bien onberatasunaz baliatuko naiz esateko haren abstrakzio maila zela solasaldiaren gai nagusia. Atrebentzia ez bada, nik uste dut batzuetan uste genuela Abreuk ez zuela abstrakzio nahikorik erdietsi, baina segituan onartzen genuen batere figuraziorik ez genuela ikusi emanaldian zehar. Azken finean, nik uste dut kontua dela abstrakzioaren eremuan jokatu duela koreografoak, baina aldi berean argi dago ez duela gu abstraitzea lortu, proposamenaren zatikatzearen erruz eta piezarako muin argirik ez aurkitzearen ondorioz.

Transzendentziarik gabeko abstrakzio horretan, eszena solte asko garatu dute dantzariek, loturarik gabeko irudiak bata bestearen atzetik planteatuz eta estetika hutsezko koadroak eraikiz. Bestetik, esan liteke eremu onirikotik eta surrealistatik edan dutela, sentsazioen alorrean logikarenean baino gehiago, eta balio sinboliko ezezagun batekin agian, ametsetan gertatzen den bezala. Besteak hurbil egon arren, bakardadean aritu dira dantzariak gehienbat, beren inprobisazioak abiapuntutzat hartuta eta akrobaziatik edo bihurrikatzeetatik hurbil zeuden eboluzioak deskribatuz, baina intentzio fisikotik haratago baleude bezala.

Hiruzpalau alditan bakarrik elkartu dira gorputzak, korapilo harrigarrietan txirikordatuta, eta egia da aurkikuntza politak egin dituela koreografoak. Adibidez, neska batek besteen gorputzetatik eskegita eta zorua ukitu gabe ibili denean edo dantzariak etzanda eta mutur batetik bestera desplazatu direnean. Irudi hori eta beste batzuk, ordea, gehiegi luzatu dira, eta agerikoa izan da neska guztiek ez zeukatela Silencio piezako dantzarien dentsitatea, eta nolabaiteko efektismoaren parte zirela. Era horretan, erdibidean geratu gara, koreografoaren bilaketa zintzoak erakarrita baina haren emaitzan murgildu ezinik eta berarekin zer egin jakin gabe.

Dokumentuaren akzioak