Dokumentuaren akzioak
Amodioa eta heriotza
Kritika. Dantza
Bi gai handirekin bisitatu du Euskal Herria
—martxoaren 30ean Donostia eta apirilaren 1ean Miarritze— Genevako
(Suitza) Ballet du Grand Theatre konpainiak. Izen berezia eduki du
egitarauak: Transit umbra sed lux permanet (Iluntasuna igaro,
baina argiak iraun egiten du), eta aurrekoetan bezala konpainiaren
bikaintasuna frogatu da oraingo honetan ere.
Transit umbra
izan da gaueko lehen pieza, eta Francesco Ventrigliak sinatu ditu
koreografia, eszenografia eta jantzien diseinua. Ez da harritzekoa,
koreografoak mitoen denboran eta espazioan kokatu nahi izan baitu
amodioari buruzko alegoria hau, are unibertsalagoa egiteko berez
unibertsala den gaia. Bide horretatik, erdi totem erdi zutabe erraldoi
bat paratu du agertokiaren ezkerraldean, eta antzinako edo urruneko
zibilizazio bateko itxura eman die dantzariei, emakumeak soineko
ederrekin eta gizonak estilo bereko gonekin jantziz.
Arnold Schönbergen Verklärte Nacht kamera-musika (Gau argiztatua, jatorriz; La nuit transfigurée,
beste askoren aburuz) izan da lehen zatiaren gidaria, eta Schönbergena
ere izan liteke totem-zutabea edertzen zuen amodiozko besarkadaren
margolana, eremu askotan jardun zuelako sortzaile austriarrak. Mahlerren
estiloko disonantzia neurtuek eta ezaugarri emozionalek, ordea,
nolabaiteko laztasuna eman diote piezari, eta zenbait momentutan
bazirudien dantzarien mugimenduen helburu bakarra partitura edertzea
zela. Tartean, baina, dantzaren izpiritua nagusitu da eszena batzuetan,
urrats klasikoak, keinu garaikidea eta —itxura batean—askatasun
pertsonala izan zitekeena konbinatuz, harik eta punturik gorenera heldu
den arte amaierako pas de deux luze eta pasionatuan.
Gaueko bigarren zatiak —Sed lux permanet—
Gabriel Faure-ren Requiem hartu du oinarritzat, eta kasu honetan Ken
Ossola izan da koreografoa. Errauts koloreko agertoki batean, gorpu
berpiztuen itxura hartu du konpainiak, eta itxura melodramatikotik
hurbil ibili da zenbait momentutan, gorpuen giharretan izandako espasmo
txikien eraginez. Baina mugimendu sinkopatuetatik arintasun handiko
eboluzio etereo eta leunetara igaro dira laster batean, eta orduan heldu
dira benetako bikaintasunera. Izan ere, Faureren musikak berak arimaren
izaera immaterialaren berri ematen digu etengabe, eta horren adibiderik
garbiena da Agnus Dei-rekin batera etorri den pas de deux
miresgarria, batez ere bi dantzarien besoak behin eta berriro
txirikordatu direnean, hipnotikoki eta abiadura zorabiagarrian.
Dokumentuaren akzioak