Dokumentuaren akzioak
Amodioa eta heriotza
Kritika, 'Romeo and juliet'
Lehen fokua apurka-apurka pizten denean, haren azpian deskubritzen dugu ia biluzik dagoen gizon bakarraren gorputz gihartsua, eta mugitzen hasten denean ikusiko dugu oin bat kasko baten barruan daramala. Orduan argi dakigu gaur ikusiko dugun muntaiak aurreko bertsio guztietan egindakoarekin apurtzeko nahia duela. Eta egia da, zeren eta Fabrizio Plessik diseinatutako eszenografia eta jantzi futuristek guztiz kutsu espartarra ematen diote lanari eta Mauro Bigonzettiren koreografiek bezainbeste garrantzia hartzen dute lanaren osotasunean, argiztapen ederraren kutsu sinbolikoarekin batera.
Gauzak horrela, Bigonzettiren eta Plessiren sorkuntza honetan guztiz lausotua geratzen da denok soberan ezagutzen dugun amodio eta heriotza istorioa, ahaleginik handiena egin dutelako abstrakzio mailarik gorenean kokatzeko eszenako elementuak eta pertsonaiak. Horrela izanik, behin baino gehiagotan biderkatuta ikusten dugu Romeo eta Julietaren bikotea, haren balio unibertsala irudikatu nahian edo.
Arestian esan bezala, koreografoak uko egin dio edozein eratako narratibotasunean jausteari eta indar guztiak bideratu ditu tragediaren azpian mugitzen diren indarrak -amodioa, patua, taldeen arteko gorroto eta borrokak- irudikatzera. Dantzarien mugimenduek bat egiten dute Prokofieven konposizioaren kolpe eta inflexioekin, ahalmen handiko musikaren eta dantza kementsuaren arteko eragina areagotuz, eta bikainak dira konpainiako hogei dantzariek erakutsitako prestakuntza fisikoa eta gaitasun akrobatikoa, haietariko ia edozein izan daitekeelako solista une batean edo bestean.
Edertasun goreneko eremuan kokatuta ere, esaldi koreografiko labur gehiegi sortu ditu Bigonzettik nire irudiko, eta zenbait errekurtso estetiko --kaskoa oinean, kasu-- nahiko diskutigarriak dira. Era berean, lar errepikatzen dira keinu jakin batzuk, hala nola emakumeek burutzen dituzten espasmo labur ugariak, baina oro har itzela da koreografoaren ideia jarioa eta, dudarik gabe, bi amoranteen arteko azken pasarteak goia jo eta goiari eusten dio, batez ere ur eta su jauziak banatutako bi eremuak elkartzen doazen koadro zoragarrian.
Dokumentuaren akzioak