Dokumentuaren akzioak
Amezuatarren doinuak gogoan
Bost belaunaldiz Berrizko eta Durangaldeko danbolin izandako Amezua familia omenduko dute gaur
Amezuatarrek «meritu handia» zutela dio Jon Irazabal Gerediagako kideak; izan ere, «solfeorik ez zuten inoiz ikasi, ez ziren musika partitura bat irakurtzeko gai». Danbolina eta txistuarekin, hartara, «belarriz aritzen ziren, doinua ikasi eta buruan gordetzen zuten». Aitak semeari edo aitonak bilobari irakatsitakoari esker, «Bizkaian egun ezagutzen ditugun euskal dantza batzuek iraun izan dute». Antzeko transmisiorik izan duen beste familiarik ez da: «Abadiñon bazegoen aita eta semeek osatutako talde bat, baina ez honen modukoa, Amezuatarrena bakarra da; Bizkaian behintzat, bai».
Omenaldia ez ezik, Gerediaga elkarteak liburu bat egin du Berrizko danbolin familiari buruz dagoen informazioa biltzeko: «Ikerketa sakonik ez da egin, baina nortzuk ziren eta txistulari bakoitzari buruz dagoena bildu dugu 24 orriko liburuxka batean». Ale gutxi argitaratuko dituzte, 200 eta 300 artean, Irazabalen arabera.
Gaurko omenaldia iluntzeko zortzietan hasiko da, Berrizko Kultur Etxean. Bertan, Udalarekin eta Gerediaga elkartearekin batera, Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo dantza taldeak eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko lagunak izango dira. Ekitaldiaren hasieran hitzaldi labur bat eskainiko dute Amezuatarrei buruz eta, ondoren, Serafin Amezuari 1973an egin zioten elkarrizketa eta bertan grabatutako doinuak plazaratuko dituzte. Ondoren, Manuel Intxaustik XX. mendeko 1920ko hamarkadan Euskal Herriko ohitura eta dantzen inguruan eginiko lau minutuko filmazio bat proiektatuko dute, non Amezuatarrak danbolina jotzen zuten. Azkenik, omenaldia erromeria giroan bukatzeko, Durangaldeko herri koplen kantaldia egingo dute.
HISTORIA LUZEA. XIX. mendeko agirietan azaltzen da lehenengo aldiz Berrizko Elizateak Amezuatarrei danbor jotzaile lanengatik egindako ordainketa baten berri. Vicente Urkizak Berrizko historiari buruzko liburu batean aipatzen du Juan Bautista Amezua herriko lehen txistulari ofiziala izan zela, eta Udalaren kontu liburuetan 1785. urtean San Pedro eguneko funtzioetarako danbolin jotzaile bat eramaten zutela azaltzen da. 1758an jaio zen bost belaunaldiko familiari hasiera eman zion Amezuatarra. Bost seme izan zituen Magdalena Gallastegirekin, eta, horien artean, Juan Domingo Amezuak jarraitu zuen aitaren ofizioarekin.
Juan Domingo 1805ean jaio zen eta hiru seme-alaba izan zituen. Hirugarrena, Francisco Maria Amezua, aitarekin batera aritu zen danbolin jotzaile. Iurretako Euskal Jaietan, 1891n, Anton Abadia eta Sabino Aranaren aurrean jo zuen. Bere zortzi seme-alaben artean, Hipolito Amezuak hartu zuen danbolinaren lekukoa, eta 75 urterekin hartu zuen erretiroa, 1945. urtean Serafin Amezua bere semearen esku uzteko.
Dokumentuaren akzioak