Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Amezketako Talai Dantzariak dantzan hasteko prest dira gaur eta bihar

Dokumentuaren akzioak

Amezketako Talai Dantzariak dantzan hasteko prest dira gaur eta bihar

Gerra Zibilean galdu ostean, inauterietan dantzatzeko ohitura hau, orain 30 urte inguru,berreskuratu zen Amezketan

Egilea
Amaia Goikoetxea
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Amezketa
Mota
Erreportajea
Data
2008/02/03
Gurean ere, inauteriak baditu hainbat aurpegi. Lizartzako eta Tolosako inauteriak har ditzakegu ezberdintasun horien adibide gisa. Hau da, ezagunena eta handiena Tolosakoa bada ere, eskualdeko beste zenbait txokotan inauteria ospatzeko modu propioa dute. Esaterako, gaur eta bihar, Amezketako talaiak kalera irtengo dira Talai Dantza egitera. Aritz Larreta da talai horietako bat, eta berak kontatu dizkigu dantza honen inguruko xehetasunak.

Izenaren jatorria aipatu digu lehenbizi. «Talai-Dantza, izena bera ere ez dakigu nondik datorren. Badakigu 'talaia' hitza gaztelerazko 'mirador' hitzaren pareko zerbait dela, baina egia esan ez dakigu dantza honi izen hori emateko arrazoia zein den. Abaltzisketan dantza egiten dutenak txantxoak dira. Hori gehiago entzuten da, beste herri batzuetan ere badaude txantxoak, Nafarroa aldean,... Baina guk ez dugu Talai Dantza egiten den beste tokirik ezagutzen, eta beraz, ezta beste talairik ere».

Kopuru ezberdina
Inauteri igandez eta astelehenez ateratzen dira talaiak dantzara. «Dantzari kopurua aldatu egiten da urte batetik bestera. Batzuetan hogei lagunetik gora biltzen gara, beste batzuetan, berriz, taldea osatu ezinik,... Larunbatean parranda egin duena igandean ez da aterako, eta gero astelehenean egundoko jendetza bilduko gara. Edo baliteke igandean parrandan dabiltzala, hi, bihar dantza atea beaiu!, esatea eta, astelehenean goizean goiz hantxe izatea. Iaz gazte kuadrila berri bat animatu zen eta jende asko bildu ginen».

Talaietan ateratzeko ez dago adin mugarik. Aritzek aipatu digunez, iazko taldean gazteenak 16 urte zituen, eta zaharrenak 34 inguru. «Edonork parte har dezake dantza honetan, neska zein mutil, ez dago inolako mugarik. Garai batean, neskak poltsero lanetan bakarrik ibiltzen ziren, baina hori amaitu zen. Gaur egun denok ateratzen gara».

Aipatu bezala, igandez eta astelehenez ateratzen dira talaiak dantzara, soinujoleak lagun. Goizeko zortzietan Zazpi-Itturri elkartean biltzen dira. «Bi talde egiten ditugu», azaldu du Aritzek. «Talde bat San Martin aldetik abiatzen da, Petxunea baserritik, eta bestea Ugartetik. Batzuk mendiz egiten dute bidea, besteek errepidez. Bakoitzak bere buelta egindakoan denok Zubillaga auzoan elkartzen gara, eta handik gora herri guztia elkarrekin egiten dugu bi taldeek».

Hori igandeari dagokiona. Astelehenean, berriz, talde bat Bedaio aldera joaten da, eta bestea igandean bisitatu gabe geratu diren baserrietara hurbiltzen da. «Astelehenean, bi taldeak Larreta baserrian elkartzen gara».

Eguerdiko ordubiak aldera arte ibiltzen dira talaiak dantzan. Tarte horretan dantza egiten dute, dirua biltzen dute, hamaiketakoa ere leku askotan ematen diete,... «Eskaintzen diguten hamaiketakorik onenetako bat igandean Ausetxe etxean jartzen digutena izaten da», aipatu zigu Aritzek. «Bertakoa da urte askotan talai dantzari izan den Koldo Saralegi, eta hark hamaiketako ederra ematen digu». Ez dago batere garbi Talai-Dantza noizkoa den. Badirudi Gerra Zibilaren aurretik bazela Talai-Dantza egiteko ohitura. «Gerra aurretik egiten omen zen dantza hau. Gerra Zibilean, ordea, moztu egin zen eta orain 30 urte inguru berreskuratu zen berriz. Ordutik urtero egin da. Gertatu izan da urteren batean hamar lagun bakarrik elkartzea, baina dantza urtero egin da, hutsik egin gabe».

Abaltzisketan txantxoak
Inauteri igandean, Abaltzisketan txantxoak ere ateratzen dira dantzara. Aritz Larretak aipatu digunez, Abaltzisketan egiten duten dantza eta Amezketakoa oso antzekoak dira. «Esaten dute lehen bi herrietako dantzariak euren ibilbideetako punturen batean elkartu ere egiten zirela».
Musika berdintsua da, «hangoa agian motelxeagoa eta gurea biziagoa, baina antzekoa da». Jantziei dagokienez ezberdintasun gehiago dago. «Haien jantziak dotoreagoak dira. Txuriz jantzita ateratzen dira, txano gorria daramate borla horiekin, gerriko gorria, eta bi zapi sorbaldetatik gerrira gurutzatuta. Guk, berriz, abarkak, artilezko galtzerdiak, maonezko galtzak, faja beltza, alkandora, lepoan koloredun zapia eta txapela daramatzagu».

Gaur eta bihar goizean, beraz, itxura horrekin ibiliko dira Amezketan talaiak dantzan. Aritzek aipatu bezala, dantza egingo dute, dirua bilduko dute eta hamaiketako ederrak dastatuko dituzte. Ez dugu Talai Dantzaren sortze data ezagutzen, ez dakigu noiztik dabiltzan talaiak dantzan, baina espero dezagun desagertze data ere inoiz ez ezagutzea..

Amezketako Talai Dantzariak dantzan hasteko prest dira gaur eta bihar
Gaur eta bihar, Amezketako talaiak kalera irtengo dira dantza egitera. Argazkiakn, talaiak Ugarten. [LARRETA]

Dokumentuaren akzioak