Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Amets goxoen bila

Dokumentuaren akzioak

Amets goxoen bila

Egilea
Ane Muñoz
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2008/02/10

Txikitako dantza txapelketak etorri zitzaizkidan burura. Bai, urte askoz euskal dantza talde bateko kide izan nintzen, eta han eta hemen ibiltzen ginen, dantza gora dantza behera. Gogoratzen dut Axen dantzari txikiontzat eminentzia bat zela. Txapelketetan, haren eta beste begi adituen aurrean dantza egin behar izaten genuen, eta zeinen urduri jartzen nintzen, ni behintzat. Zinta-dantzako zinta koloredunak ez zitezen oker korapilatu erronka galanta izaten zen, lerroak zuzen mantentzea, fandangoan besoak behar bezain tente jartzea, edota kabriolak ahalik eta finen egitea. Horiek ondo egiten genituenean, pozik jaisten ginen oholtzatik.

Orain, nire begi insomniatuen aurrean, horra Axen Egaña, gure txikitako eminentzia, bizitzaz eta, bide batez, gure kulturaren historiaren zati garrantzitsu batez goxo solasean: lehen antzerkiak euskaraz, aldizkariak, musika eta dantzak.

Oso interesgarria, bai, baina aitortu behar dut goizaldean amesgaiztorik ezatseginena izan nuela: Axenek, jende pilaren aurrean, fandangoa behin eta berriro dantzatzera behartzen ninduen. «Segi, ez gelditu, eta beso horiek gora!» zioen ozenki, eta ni, hura sufrimendua, besoak igotzen nituenero pololoak abarketaraino jaisten zitzaizkidala ikusirik.

Dokumentuaren akzioak