Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Amesteko dantza

Dokumentuaren akzioak

Amesteko dantza

Arrazionaltasuna bazter uzten du ananda dansaren '¡alicia?' lanak, eta ametsetako gertaera absurdoak ditu ardatz

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2005/03/31

Valentziako konpainiak gaur estreinatuko du, Bilboko Arriaga antzokian, Lewis Carrollek idatziriko Alice´s Adventures in Wonderland eta Through the Looking Glass obrak nahasten dituen lana. Peter Pan eta Ozeko Aztia obra arrakastatsuak eman ondotik, publiko orori zuzenduriko ¡Alicia? lanarekin itzuliko dira Bilbora.



Ananda Dansa konpainiako Rosangeles Valls zuzendariaren hitzetan, ametsen munduan barruratzen da ¡Alicia? ikuskizuna. «Ez du idatzizko gidoirik, ispiluetan islatzen diren pertsonaien ametsek gidatzen dute obra». Hala, Ananda Dansaren ¡Alicia? konprenitzeko, arrazionaltasuna alde batera utzi behar dela uste du Ana Luisa Ramirezek, Valentziako konpainiako literatura adituak. «¡Alicia? ametsekin eratutako jolasa da, amesteko obra; ez du izateko arrazoi edo zergati zehatzik, gertaerak ametsen mundukoak dira: absurdoak». Obra bukatzerako, ondoko galdera hau ibiliko da ikusleen buruan dantzan: nor da ametsen egilea? Ramirezek azaldu duenez, galdera hori ikuskizunaren amaiera alderantz aterako bada ere, Ananda Dansa konpainia hortik abiatu da ¡Alicia? egiteko. «Pertsona ororen baitan bezala, Alice neskatilaren barruan Alice asko daude. Zuloan behera erortzen denean, ez da kanpoko mundurako zulo batera jausten, mundu ugari biltzen dituen bere barne mundura baizik». Ramirezen ustez, jende orok ditu ni ugari, eta ohitura ona da ni horien gainean gogoeta egitea; alegia, ametsen munduan ateratzen diren beste mundu horien inguruan hausnartzea. Horregatik du harridura eta galdera marka bana Ananda Dansaren obraren izenburuak (¡Alicia?); «dantzariak Carrollek asmatutako Alice pertsonaiaren ametsekin harritzen dira, eta haien inguruan pentsatzen dute».



Eszenografia «magikoa» du obrak



Vallsen arabera, eszenografia «magikoa» du lanak. Ahozko hitzak ez du lekurik; bai, ordea, idatzizkoak. Bestalde, Pascual Perisek diseinaturiko dantzarien jantziak «bitxi samarrak» direla azaldu du Valentziako konpainiako zuzendariak. «Perisek XVII. mendeko arropan oin hartu du, dantzaren abstrakziorako bidea egiten duten jantziak egiteko». Carrollen garaiko Ingalaterrako tipikoak dira, baina, aldi berean, oso fantasiosoak.



Toni Aparisi koreografoak gidatuta, Susana Rodrigo, Geles Alonso, Cristina Fernandez eta Jose Gimenez dantzariak ariko dira Arriagako oholtzan. Lewis Carrollen izenpean Charles Lutwidge idazleak amestutako Aliceren ametsak amestuko dituzte. Amets egiteko obra eskainiko dute.

Dokumentuaren akzioak