Dokumentuaren akzioak
Amerikarrak plaza-dantzan
Gure Euskal Etxeak emango ez ligukeen prestakuntza intentsiboa da». Mariana Madariagak ondo daki zertaz hitz egiten duen, bera izan baita 2008ko Gaztemundu programaren bekadunetako bat. Aurtengo aldia amaitu da. 1996. urtetik Eusko Jaurlaritzak urtero atzerriko Euskal Etxeetako gazteentzat antolatzen duen ekintza kulturala da. Urte honetan, uztailaren 1etik 15era sei herrialdetako gazteak izan ditu Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroa bisitatzen.
Programa osatu duten 30 gazteak Argentina, Peru, Txile, Uruguai, Kolonbia eta Ameriketako Estatu Batuetakoak izan dira. Parte hartzeko jarraitu beharreko irizpideak dira Euskal Herritik kanpo bizitzea, gutxienez hiru urtez atzerriko Euskal Etxe bateko kide izatea, programa honetan aurretik parte hartu ez izatea eta Eusko Jaurlaritzak proposaturiko gaiaren inguruko analisi bat egitea. Oraingo honetan, helburua euskal ohituretan jakintza sakonagoa izatea izan da, horretarako, beren Euskal Etxeetan dauden euskal instrumentuen erabilera eta egoeren analisia egin behar izan dute partaide guztiek.
20-30 urte bitarteko gazteek euskal instrumentu tradizionalen inguruko ekintzak egin dituzte. Hamabost egun hauetarako proposamenen artean hitzaldi ezberdinak izan dira Joera berriak Txistu musikan Garikoitz Mendizabal eta Aitor Furundarena eta Trikitixaren gaurko egoera Joseba Tapiaren eskutik. Musikaetxeako Pedro Erosegi koordinatzailearen gidaritzapean dantza, txalaparta, perkusioa, txistua, eta panderoa ikasteko txokoak egin dituzte goizetan Gasteizko Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioan.
Arratsaldeetan, euskal geografian murgildu dira turismo apur bat eginez, Errioxako upeltegiak, Gaztelugatxeko ermita (Bizkaia), Laidako hondartza (Bizkaia) eta Gasteizko Santa Maria katedrala bisitatu dituzte, besteak beste. Egonaldia guztiz aprobetxatzeko eta eskolek sortzen duten estresa ezabatzeko parrandarako astia ere izan dute Iruñeko Sanferminetan izan baitira.
Azpimarratzekoa da Gaztemundu ez dela opor nahiz bidaia programa baten moduan hartu behar. Bertan egindako ekintza guztiak dagozkien Euskal Etxeetan aplikatzeko helburuarekin eratuak izan dira, ikasketa eta teknika eredu berriak izango direlakoan. Horregatik, partaide bikainen hautaketa ezinbestekoa da ikasitako errekurtsoak ondo barnera ditzaten. Baina ezin uka daiteke gazteen esperientzia pertsonalerako inoiz ahazten ez den oroitzapen horietako bihurtu dela.
Erro euskalduna dute gazte guztiek. Ikusi mendizaleak eta Loretxoa abestiak buruz dakizkite, gutxi batzuk euskaraz mintzatzen dira, baina gehienek beren jatorriaren istorioa zein den badakite. Hainbat aurretik egonak dira Euskal Herrian, oraindik senideren bat gelditzen zaielako hemendik bizitzen. Beste batzuek, berriz, lehen aldiz bisitatu dute. Gaztemundu osatu duten gazteek «oso ondo» pasatu dituzte hamabost egunak, inoiz ahaztuko ez duten bidaia bizi izan dutelako.
Gustavo Ossa Txileko ikaslea
«Euskal Herritik jendearen umiltasuna gustatu zait»
L.M Gasteiz
Gustavo Ossa 24 urteko txiletarra da. Hango Euskal Etxeak betidanik jakin izan du Eusko Jaurlaritzak ekintza hori egiten duela, baina derrigorrezko ikasketak direla-eta ez du inoiz aurkezteko astirik izan. «Oraingo honetan, Gaztemundu nire azken aukera ikusten nuen euskal ohiturak bertatik bertara ezagutzeko».
Txileko Euskal Etxeko kide da txikia zenetik Gustavo Ossa, eta oso gustura doa astero euskara eskolak jasotzera. Bere zentroan jende askok eman dute izena, baina egia esan, bakarrik beren borondatez apuntatzen diren horiek jarraitzen dutela adierazi du: «Pena da, gainontzekoak San Inazioetan besterik ez direlako agertzen».
Txileko Euskal Etxean aurki daitezkeen instrumentuei dagokienez, oso gutxi dituztela azaldu du: «Espainiako Gerra Zibila piztu zenean euskal etorkin asko joan ziren Txilera, euskal ohiturak bertan garatu zituzten, eta garai hartan musikari eta instrumentu gehiago zeuden». Gustavo Ossa Euskal Herritik Txilera joandako familiaren laugarren belaunaldikoa da, eta ulertzen du 70 urte baino gehiago igaro ondoren nolabaiteko gabezia musikala izatea.
Dauden partaide guztietatik euskara hobekien eta gehien dakien mutila da, kalean oso ondo moldatzen da hizkuntzarekin, gainera. Hitz egiteko orduan segurtasuna nabaritzen zaio. Euskaraz hitz egiteko gaitasuna Euskal Etxeko eskolei eta entzuten duen musikari esker da.
Programari dagokionez, oso trinkoa iruditu zaiola adierazi du: «Goiz eta arratsaldez aritzen gara ikasten hitzaldi eta eskola praktikoen bitartez, eta asteburuak herrialdea ezagutzeko erabili ditugu». Gaztemundutik herrialde askotako lagun berriak eta aurretik bizi gabeko esperientziak eramaten ditu. Euskal Herritik gehien gustatu zaizkio paisaia berdea eta jendearen umiltasuna: «Hona heldu, galdu eta gizon bati galdetu genionean hartu behar genuen bide laburrena adierazi zigun».
Mariana MadariagaArgentinako ikaslea
«Parana osoan txistulari bakar bat dago»
L.M. Gasteiz
Mariana Madariagak 30 urte ditu, eta Paranako biztanlea da (Argentina). Euskal Zentroaren lehenengo kideetakoa da sortu zenetik, abizena eta aitonen jatorria dela-eta, izena ematea proposatu zioten, eta, geroztik, taldekide aktiboenetarikoa da. Gaztemundura aurkeztu zuen bere burua hango Euskal Etxean kide guztiei programaren oinarriak eman zizkietelako, eta adin muga 30 urtekoa zela ikusita, azken aukera zela ikusi zuen.
Han egiten dituzten ekintzen inguruan galdetutakoan zera erantzun du: «Euskal Etxean ez dugu ordutegirik, ez gara astero elkartzen, noizbehinka baizik eta elkartzen garenean dantzarekin zerikusia duten ekintzak egiten ditugu». Azaltzen duenez, interesa gehienbat hizkuntzan eta dantzan dute jarrita, instrumentuek musikan ikasketak izatea dakartelako. Funtsean, praktikotasuna bilatzen dute egiten dituzten topaketetan. Elkartean ez dute euskal musikaririk: «Parana osoan txistulari bakar bat dago, eta gure dantzak plazarazten ditugunean playback-aren beharra izaten dugu».
Gaztemundu ekimen paregabea iruditu zaio, hainbat herrialdetako kolektibitate askok ez dizkietelako gazteei halako aukerak ematen. «Paranako jende ugari Euskal Herrira etorri da Gaztemunduko proiektupean, eta denak oso pozik etorri dira beti». Aurtengo gaiari dagokionez, oso interesgarria iruditu zaio musikarena, txistulari bakar bat baitute: «Gure Euskal Etxeak emango ez ligukeen prestakuntza trinkoa da». Osotuak eta oso ondo antolatutako ekintzak egin dituztela iruditu zaio, hori bai, nahiz eta euskal odola izan zainetan tangoak jotzen dituzten tabernak bota ditu faltan.
Ikasi duen guztia lan egiten duen hedabidean erreportaje batean azaltzea du helburu. Argentinan programa ahal den jende gehienak ezagutzea nahi du. Mariana Madariagari gehien gustatu zaio Euskal Herrian dagoen giroa da, baina gazte izanda jaia batez ere. Are gehiago, egun hauetan izandako lagunak bat etorri dira bere iritziarekin.
Gaztemundu ekintzapean Euskal Herrira bidaiatzen den lehen eta azken aldia izan da, baina etorkizunean bere kontu hona bueltatzea espero du gogo handiz.
Juan Jose Macias Kolonbiako ikaslea
«Euskal dantzak aurrenekoz dantzatu ditut jendaurrean»
L.M Gasteiz
Juan Jose Macias 25 urteko gazte kolonbiarra da. Zerbitzu militarra egiten egon da bere herrialdean, eta hori bukatu arte ez du Gaztemunduko notiziarik izan. Haren amak izan zuen horren berri, eta beharrezkoa zen dokumentazio guztiarekin batera programan parte hartzea proposatu zion. Ingurukoek animatu eta proiektua egiten hasi zen bere Euskal Etxean dituzten euskal instrumentuetan oinarrituta. Zorte apur batekin egindako lana gainditu eta behin betiko zerrendatan ikusi zuen bere izena. Euskal Herrirako txartela lortuta zuen.
«Gure zentroan larunbatero elkartzen gara instrumentu eta Euskara eskolak jasotzeko asmoz». Helduen taldean dantza oso garatua dago, baina oraindik plazan dantzatzera ez dela ausartu aitortu du. «Hemen dantzatu ditut lehenengo aldiz euskal dantzak jendearen aurrean». Dantza kontserbatorioan egiten dituztenak nahitaezkoak dira, baina denek oso gustura jasotzen dituztela azaldu du.
Gaztemundu asko gustatu zaio, jende jatorra ezagutu du Euskal Herrian, baita lagun berriak egin ere. «Askok izango ez duten aukera izan dudala iruditzen zait, eta benetan asko eskertzen dut». Egindako ekintzetatik gehien gustatu zaizkio musikan oinarritutakoak, batez ere txalaparta eta perkusioa. Dantzan eta kantuan ez da hain eroso aritu.
Dokumentuaren akzioak