Dokumentuaren akzioak
Amerikak hil zuen artzaina
Gas-ganberak ez dira soilik nazien terrorearen ondare izan. Amerikako Estatu Batuetan gutxienez 1920tik erabili izan dira heriotzara kondenaturiko jendea hiltzeko, eta oraindik hainbat estatutan indarrean dago metodo hori. 1952 azaroaren 13an, Nevadako Carson City ondoko espetxean, aulki bati lotuta, gas pozoitsua erabiliz bizitza kendu zioten Txomin Malaxetxeberria Gizaburuagako artzainari.
Bere historia 30 urte lehenago hasi zen, 1912an hemeretzi urte besterik ez zituela, sorterria utzi eta Mendebaldeko Paradise herrira egin zuenean han zituen anaiengana. Euskal Herriko beste txoko askotatik bezala, AEBetara eta Argentina edo Uruguaira milaka lagun joan ziren garai hartan artzain edo abeltzain; haietako bat zen Txomin. Baina ezin izan zion basamortuaren gogorrari eutsi, eta anaiak Euskal Herrira itzuli ziren bitartean, lana eta burua galdu zituen Nevadako toki bakarti haietan.
1947an, liskar baten ondorioz preso egon zen denbora batez eta handik ateratzean kalean bizi izan zen eskekoaren hurrengo baldintzetan. Psikiatriko batean ingresatu zuten, eta amorrualdietako batean erizain bat eta gaixo bat hil zituen kolpeka. Halaxe aterarazi zioten azken hatsa State Prisoneko gas-ganberan.
Bakardadeaz borrokatzen ikuskizunak, Malaxetxeberriaren kasutik abiatuta, “amerikar ametsa betetzea lortu ez zuten horiengan” jarri du arreta. 2019ko maiatzean estreinatu zen Ispasterren, eta Lekeitiotik igaro ondoren, urtarrilaren 26an Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean berriz ikusteko aukera izango da berriz ere –sarrera guztiak agortuta daude–.
Jose Antonio Elu zuzendari artistikoak gidaturik, bertsolari, dantzari eta musikarien bidez osatu dute emanaldi berezia. Bakardadea eta horrek sortzen duen etsipena dramatizatzen dute dena uztartuta, berariaz sorturiko bertsoekin. Artzainen bizimodu gogorra, gurdiak, klima eta ametsak.
XIX. mende amaieran eta XX. hasieran, asko izan ziren Euskal Herria abandonatu zutenak bizi hobeago baten bila; engantxandoreen kantu-ederrek erakarrita Amerikara egin zuten. Eliza katolikoak eta hedabide gehienek emigrazioaren alde ilunak azaleratu zituzten: “Ontzi aundi oyen aldamenean zintzilik irukitzen duten eskalleran oña jartzen dutenian, asten dira Amerika zale diranen zorigaiztoko gora berak”, idatzi zuen José Cola y Goiti abokatu arabarrak.
Alde batera utzita orduko eliteen kontrol sozialerako nahia eta interes ideologikoak, ezin ukatu liteke herritarrek bertsotan entzuten zituzten txin-txin hotsak, urrutiko intxaur eta miseria bihurtu zirela askorentzat. Malaxetxeberriaren zorigaiztoko ibilbidea markatu zuen ostatuko liskarra, ez zen debalde hasi: ogi koskor bat zegoen jokoan.
Dokumentuaren akzioak