Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Amaiur Dantza Taldeak emanaldiak egingo ditu Edinburgh-en garun paralisia duen neska eskoziar batendako laguntza biltzeko

Dokumentuaren akzioak

Amaiur Dantza Taldeak emanaldiak egingo ditu Edinburgh-en garun paralisia duen neska eskoziar batendako laguntza biltzeko

Komunikabidea
Euskalkultura.com
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2008/08/04

Amaiur Dantza Taldeko 33 dantzarik osaturiko espedizioa gaur bertan aterako da Iruñetik Eskozia aldera bederatzi eguneko bidaian. Taldeak hainbat emanaldi eskainiko ditu Edinburgh Fringe Festival jaialdian eta inguruko herrietan. Dantza izango da bidaiaren ardatza, baina horrekin batera elkartasunak ere leku nabaria izango du, izan ere Edinburgh-en egingo dituzten emanaldietan bildutako dirua Finola Forman izeneko neska eskoziarrari laguntzeko erabiliko dute.

Finolak garun-paralisia du jaio zenetik, baina oztopoak gaindituz eskolan ikasketak burutzea lortu du 16 urterekin. Orain unibertsitatean ikasketak egin ahal izateko dirua biltzen ari da (zentro espezialdu batean ariko da). Eskoziako agintariek ikasketa horien zati bat baino ez dute ordaintzen eta neskaren familia eta lagunek diru bilketa kanpaina jarri dute abian hiru urtetako ikasketen 150.000 liberak eskuratzeko. Amaiurreko dantzariek Edinburgh-en egingo dituzten emanaldietan bildutako dirua osotasunean Finolaren ikasketa fondorako izango da.  [Ezkerreko irudian Finola Forman gurpil aulkian, lagun bolondres batek bultzatuta, Edinbugh-eko BUPA Great 10km Run lasterketaren helmugan, joan den maiatzean. Bere denbora ordu bat eta hamazazpi minutukoa izan zen]

Euskal dantzarien taldea bihar helduko da Edinburgh-era eta arratsaldean emanaldia eskainiko dute Stirling herrian, eskoziar talde batekin. Etzi eskoziar hiriburuko kaleetan egingo dute dantza, euskal dantza erakustaldia eskainiz, eta arratsaldeko zortzietan Dalriada tabernan (Promenade 77) Finolaren aldeko lehenengo emanaldia eskainiko dute.

Hiria eta inguruak bisitatzeko bi egun izango dituzte ondoren eta larunbatean, abuztuaren 9an, Edinburgh-eko jaialdian emanaldi berria eskainiko dute. Taldeko kideek 'Highland games', edo Eskoziako herri kirol erakustaldi bat ere ikusi ahal izango dute. Arratsaldean, zazpietatik bederatzietara, Finolaren aldeko emanaldi berri bat eskainiko dute Dalriada tabernan, oraingoan irlandar talde batekin. Igandean Amaiurreko dantzariek erakustaldia egingo dute Broom Hall Gazteluan eta hurrengo egunean beste ikuskizun bat eskainiko dute Pilochry herriko kaleetan.

Eskoziar konexioa

Bidaiaren antolakuntza euskal eskoziar konexio bikoitz bati esker sortu da: alde batetik Eskozian ikasten ari den taldeko dantzari bat aritu da bidaia prestatzen, eta bestetik Iruñeko Mendigoiti eskolan ingeles klaseak eman zituen eskoziar neska batek antolatu ditu emanaldiak. 'Juliet Cunningham izena du berak, eta sei hilabetez egon zen Mendigoitin ingelesezko mintzapraktika proiektu batean lanean', azaldu dio EuskalKultura.com-i Amaiurreko Mikel Diaz taldekideak. 'Hemen egon zen bitartean sarri etorri zen gure emanaldietara, gurekin etorri zen Maskaradak ikustera Xiberora... Euskara ikasten ere hasi zen!'.

Eskoziara bueltatu ostean, Juliet eskoziar dantza talde batean aritzen den bere ahizparen kontaktuez baliatu zen eta emanaldiak antolatu zituen, euskal kulturaren alderdi hau Eskozian ezagutarazteko. Iruindarrak, beren aldetik, pozik agertzen dira euren dantzak Edinbugh-era eraman eta horrela Finola gazteari laguntzeko aukera honekin.


Amaiur Dantza Taldeak emanaldiak egingo ditu Edinburgh-en garun paralisia duen neska eskoziar batendako laguntza biltzeko
 

Dokumentuaren akzioak