Arte Ederretan lizentziatua da Amaia Lejarreta artista eta zuzendaria (Durango, 1983), eta makillajean trebatzen hasi zen duela hamabost urte. Orduan deskubritu zuen body painting-a, eta, azken lau urteotan bereziki, margotzeko teknika hori lantzen aritu da. Aurten, body painting-a eta dantza bertikala uztartzen dituen Erro film laburra sortu du; Laburbira zirkuituan eskainiko dute. Janire Etxabe dantzaria da protagonista nagusia, eta Jon Mendizabalek egin ditu kamera eta diseinu lanak. Ines Osinagak jarri dio ahotsa film laburrari.
Zer kontatzen du Erro-k?
Hausnarketa batetik jaio zen: euskaldunok etorkizunik daukagun galdetu zidaten behin, eta, emakume sortzaile bat izanda, niretzat euskaldun izatea zer den azaldu nahi izan dut. Horrez gain, jaiotza, bizitza eta heriotza arteko ibilbidearen inguruan egiten dut berba. Margoak eta gorputzaren mugimenduak erabiltzen ditut horretarako.
Nolakoa izan da body painting-a eta dantza bertikala bateratzea?
Esperimentazio lan handia izan da. Janirek ez du sekula eduki halako esperientziarik: bere erara egin ohi du guztia, bere jantziak erabiltzen ditu, eta sortu duen proiektuan sakon dabil. Lehen aldiz erakutsi eta margotu du bere gorputza, eta lurrean egin behar izan du dantza. Erronka handia izan da biontzat. Hala ere, pentsatzen dut diziplina desberdinak uztartuz gauza indartsuak eta interesgarriak egin daitezkeela. Nik Janirerekin ikusi nuen aukera hori; begi kolpe batean maitemindu nintzen harekin.
Zer pertsonaia interpretatzen du?
Emakume lurtarrak eta jainkosak bat egiten dute filmean. Emakume lurtarra margolaria da, eta Janire Etxabek jainkosa irudikatzen du sokarekin dantzan dabilenean. Are gehiago, esango nuke film laburreko parterik sendoena dela emakume bien artean sortzen den elkarrizketa. Nik neuk beste batzuen eskuetan utzi dut nire boterea urte luzez, eta film hau egin dut gogorarazteko pertsona guztiek, eta batez ere emakumeek, jainkosa bat daramatela barruan.
Alde horretatik, nabaria da euskal mitologiaren eragina.
Txikitatik asko konektatu dut ikastolan kontatzen zizkidaten ipuinekin eta kondairekin. Sorgin hitza nire identitatearen parte izan da betidanik: sortzeko egina esan nahi du, eta ni neu emakume sortzaile bat naiz. Arrazoi horregatik daude presente euskal mitologiaren oihartzunak.
Iraganeko sinesmenetan oinarritutako obra da?
Erro sentitzeko bidaia bat da. Labur azalduta, bizitza tarteak batera doaz, eta nik lortu nahi izan dudana da iraganeko haziak orainera ekartzea. Izan garenaz jabetu behar gara, eta etorkizunera urrats berriak egin behar ditugu. Sutan erre barik irudikatzen dut etorkizuna, mugitzen gaituen euskaldun izate, maitasun eta grina horri bizitza emanez, memoriaren brujulari lez.