Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Alurr dantza taldearen urteurrena ospatzeko emanaldi berezia

Dokumentuaren akzioak

Alurr dantza taldearen urteurrena ospatzeko emanaldi berezia

Komunikabidea
Ataria
Tokia
Ibarra
Mota
Albistea
Data
2025/03/27
Lotura
Ataria

Jagoba Astiazaran, Xabier Zeberio eta Iñar Sastre musikariekin batera egingo dute 'Irute' emanaldia larunbatean, 19:30ean, Ibarrako Belabieta kiroldegian.

Aspalditik ezagutzen dute elkar Jagoba Astiazaran, Xabier Zeberio eta Iñar Sastre musikariek, lan ugari egin baitituzte elkarrekin. Horren erakusle da pasa den apirilean ospatu zen Tolofolk jaialdian egin zuten emanaldia Tolosako Berdura plazan. Aldi hartan, laukote formatuan izan ziren, Alejandro Saul Martinez biolontxelo-jotzailearekin batera. Emanaldi horren ostean iritsi zitzaien Ibarrako Hauspoa kultur elkartearen eskutik emanaldi berri bat egiteko proposamena.

Eta hala egingo dute larunbatean, 19:30ean, Ibarrako Belabieta kiroldegian. Ez dira bakarrik egongo, ordea, eta hirukotearekin batera izango dira Nagore Zabalak sortutako koreografia dantzatuko duten Alurr dantza taldeko 22 dantzari. Aurten, Alurr dantza taldeak 35 urte betetzen ditu, eta urteurrena aitzaki harturik sortu dute Irute emanaldia.

Errepertorio zabala eta dantzagarria joko dute, Zeberio biolinean, Astiazaran txistuan eta Sastre pianoan izango direlarik. Guztira, 14 abesti inguru joko dituzte, eta horietako bederatzi abesti dantzatuko dituzte Ibarrako dantzariek. «Xabik Alos Quartet talderako egindako konposizio batzuk izango dira, oraindik estreinatu gabe daudenak, Arineketan taldean dauzkagun doinu batzuk ere joko ditugu, balada eta kanta lasaiak ere egongo dira, baina gehienak euskal arima duten doinuak izango dira, alegia fandangoa, arin-arina edota ezpata dantza bezalakoak», azaldu du Sastre piano-jotzaileak.

Sarrerak bost euroko kostua izango du eta Danon Txokoan edo Benito Izagirre kultur etxean daude salgai.

LANKIDETZAN

Arineketan taldeko partaideak dira Sastre eta Astiazaran, eta bidelagun ugari izan dituzte tartean. Zeberio ez ezik, Alurr dantza taldearekin ere elkarlan ugari egin dituzte. Sastrek, bereziki, dantzariekin egindako bidaiak ditu presente eta horiek ekarri ditu gogora: «Jagoba eta biok Alurr dantza taldeko dantzariekin harreman estua izan dugu, duela urte batzuk Europan barrena egin zituzten zenbait bidaietara joan ginelako; esaterako, Joseba izan zen lehena joaten eta Italia aldera joan zen dantzariekin eta ondoren nik ere egin izan ditut». Entseguak eta emanaldiak «hunkigarriak» izaten direla gaineratu du, baina «benetako harremana» bidaietan eraiki dute.

Halaber, musikarien eta dantzarien arteko lankidetza «ona» izan dela aitortu du, «fruitu asko eman zituen etapak bizitu ditugulako; Alurr, dantza talde herrikoi bat izatetik, dantza talde profesional bat izatera igaro delako, eta guretzako ere oso garai emankorrak izan dira». Orain «puntualki» elkartzen badira ere, «familia» direla dio, eta gogotsu agertu da larunbatean Ibarran egingo duten emanaldirako.

Dokumentuaren akzioak