Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Alurr Dantza Taldeak Ezpeletako Gauargi jaialdian hartu du parte

Dokumentuaren akzioak

Alurr Dantza Taldeak Ezpeletako Gauargi jaialdian hartu du parte

Lehengo ostiralean abiatu ginen Ezpeletako Gauargi jaialdira, duela hamaika urte bezala.

Bidaia ez zen luzea, baina urrutira iristeko ilusioa genuen. Egonaldia ere ez zen luzea, baina motxilak goraino beteta genituen arropa, uzkurduretarako krema, urduritasuna eta, batez, ere, gogoekin.
Egilea
Alurr Dantza Taldea
Komunikabidea
Tolosaldeko Ataria
Mota
Albistea
Data
2016/07/20
Lotura
Tolosaldeko Ataria

Ostiral arratsaldean iritsi ginenean, ongi etorria jaso, maletekin kaleetako isiltasuna astindu eta dantzarako materiala atera genituen. Dantzatzeko unea gerturatu zenean, oholtzara igo eta postuak hartu genituen. Eguzkiak diz-dizka jarraitzen zuen, eta gaualdean emanaldia hasi genuen. Euskal Herrikookin batera, beste herrialde batzuetako dantzariak bildu ginen. Hots, Lituaniako Dzintarinš taldea, Ukraniako Rosy Svitanku taldea, Tailandiako Triam Udomsuksa Nomkloa eta Egiptoko Kythara. Lehen egunean, gainera, herriko Ezpela taldeko dantzariak izan genituen dantza-kide eta azken egunean, berriz, Hendaiako Akelarre taldekoak. Dantza ostean, beso zabalik euren abegi ona erakutsi ziguten: familiak gerturatu ziren beren etxeetan zein hostalean lo egiteko.

Larunbat goizean desfilea egin genuen Kanboko kaleetan zehar gure jantzi tradizionalak eta plazako dantzak erakutsiz. Bestalde, publikoarentzat dantzatzeaz gain, beste herrialdeetako jendea ere animatu genuen gurekin dantzatzera. Eta noski, eurek ere irakatsi zizkiguten beren dantza batzuk. Amaitutakoan, Ezpeletako familiakoekin bazkaldu genuen giro ederrean eta arratsaldean herriko kalean alaitu genituen gure dantzekin. Eguna bukatzeko, denok batera zerbait afaldu eta herrialde bakoitzeko dantzak erakutsiz erromeri moduko bat antolatu genuen ordu txikiak arte.

Igande goizean denbora librea izan genuen familiakoekin eta gainontzeko dantzariekin eguraldi ederrean disfrutatzeko. Arratsaldean, berriro zapaldu genuen oholtza indar handiz eta beste behin ere aireratu genituen gonak, urratu txapiñak, malkoz atera ezinak eta izerdiz esfortzuak. Amaitzerakoan, etxeetakoek berriro hartu gintuzten adeitsuki eta gaubela eder bat igaro genuen.

Astelehen goiza patxara handiz hartu genuen: Senpereko lakuan bainatu ginen eta gerizpean lo-kuluxkatxo bat bota genuen. Arratsean, Ezpeletara itzuli ginen eta gauean Gauargiko hogeigarren urteurreneko jaialdian gure azken dantzak eskaini genituen. Autobusera igo eta nekearen pisuak arinago egin zuen itzulerako bidea.

Beti da plazer bat beste herrietan banatzea hainbeste esfortzu eta lan eskatzen duten euskal tradizio aleak. Azken finean, horrelaxe ereiten dugu gure kultura eta honela sustraituko dira beste herrialdeetan.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu gurekin eta guregatik lanean aritu diren guztiei; eurak gabe ez bailitzateke honelako ekintzarik aurrera emango.

Dokumentuaren akzioak