Dokumentuaren akzioak
Alurr: dantza klasikoaren berrikuntza
Alurr dantza taldeak Ibarran dituen bi lokaletan jende andana dabil herri ezberdinetako emanaldiak prestatzen. Alurr dantza taldeak, abenduaren 17an jaso zuen Galtzaundi Euskara Taldeak emandako kultura arloko Eskerrak Zuri aipamen berezia. Honekin, Ibarrako dantza taldeak urteetan egindako lan eskerga saritu nahi izan da.
Nola bizi izan duzue jaso berri duzuen sari hau?
Guretzat errekonozimendu handia izan da. Orain dela lau urte taldeak egoera nahiko kaxkarra bizi izan zuen, taldekide asko Alurr uztekotan baitzeuden. Baina, azkenean, taldea salbatzeko aldaketa batzuk egitea erabaki genuen. Urte batzuk daramatzagu tradizioa berrikuntzarekin uztartzen. Dantza tradizionalaren alde gaude, baina berrikuntzekin. Lehengo pausoak hartu eta berritu egiten ditugu. Honen aldeko apustua egin genuen, eta proiektu hori jarri dugu martxan. Aurten ere hiru taldeen artean jaialdi bat egin dugu, eta lorturiko emaitzekin oso pozik gaude.
Edu Muruamendiarazen laguntza oso garrantzitsutzat jo izan duzue hasieratik.
Bai, berrikuntzak gure taldeko gaztetxoek ekarri zituzten. Gure taldearen sortzailea Jose Luis Zubeldia izan zen, baina berak garbi planteatu zigun ezin zuela denbora luzeagoan gurekin jarraitu. Orduan, Eduri deitzea planteatu zuten taldekide batzuek eta berarekin hitz egitera joan ginen. Edu Aukeran taldeko zuzendaria eta dantzari profesionala da. Batzuei gustatuko zaie egin duena, eta beste batzuei, ez hainbeste. Baina argi dagoena zera da, Edu etorri denetik, taldea askoz gehiago baloratzen dela.
Alde batetik oso kritikatuak izan zarete betiko dantza tradizionalari egin dizkiozuen aldaketengatik. Kritika hauek eragin handia izan dute zuengan talde bezala?
XVIII. mendean mutilek bakarrik egiten zuten dantza, eta orain emakumeek ere egiten dute. Gauzak aldatuz doaz, eta badakigu batzuk dantza eta tradizio puristen aldekoak direla. Gure ustez, ezinbestekoa da jendeak dantzaren pauso elementalenak zein diren jakin dezan: zer den kabriola bat, zer den arin bat, arrunt bat... hortik aurrera, horien konbinazioarekin sortzen dira beste pauso guztiak ongi etorriak izango dira.
Askotan aipatu dituzue mutilak dantzaren mundura erakartzeko izan dituzuen zailtasunak. Hainbesterainokoa izan al da hau?
Bai, nahiko zaila izaten da mutilak dantza mundura erakartzea. Ez dakit gizartea den... futbolarekin mutilak asko joaten zaizkigu. Zera dirudi, talde guztien arazoa dela. Orain ikastolako ordutegi barruan dantza ikastaroak ematen dira, dantza normalitatearekin ikusteko. Mutil gaztetxoenekin pasatzen dena zera da, dantza nesken gauza bezala ikusten dela, baino gure dantza irakaslea mutila izatea, egoeraren normalizaziorako oso baliagarria izan da. Edu Muruamendiaraz dantzaria eredu bilakatu da gure dantza taldeko gaztetxoenentrat. Azken urte honetan, balio handiko mutil ugari sartu zaizkigu taldean, eta horretaz oso harro gaude.
Erakundeen laguntza urria
Alurreko kideen ustez, gauza ugari hartu behar dira kontuan. Alurrek zenbat jende mugitzen duen ikustea oso garrantzitsua da. Ez da planteatu behar inbertsioa dantza mundu mailan bakarrik, kultur mailan ere bai. Gazteen artean ez da xentimorik ere gastatzen. Eta gero kexatu egiten gara gazteen inguruan. Ez dutela ezer egiten etab. Nire ustez gure herriko udalak ez du behar adina diru inbertitzen proiektu honetan. Alurr dantza taldeak, dantzari eta musikarien artean 180 gazte baino gehiago mugitzen ditu. Musikariak inongo interesik gabe egiten dute lan taldearentzat. Erakundeak eta Udala inteligenteagoak izango balira segituan konturatuko lirateke dantza talde honen garrantziaz.
Musikarien garrantzia
Dantzariez gain, musikariek ere ikaragarrizko garrantzia daukate Alurr dantza taldean. Ibarrako dantza talde honi egindako elkarrizketan, Eli Nosellasek argi utzi nahi izan du musikarien garrantzia. "Alurren musikari dezentek hartzen du parte, dohainik. Benetan eskertzen dugu profesional hauek gure dantza taldeari halako laguntza eskaintzea".
Dokumentuaren akzioak