Dokumentuaren akzioak
Altzürüküko 40 gaztek igandean abiatuko dute Zuberoako maskarada
Irailean prestatzen hasi eta bost hilabetez lan egin eta gero, igande honetan egingo dute Altzürükün maskaradaren lehen emanaldia.
Altzürükük 240 bizilagun ditu eta bertako gazte gehienak mobilizatu dira igandean hasi eta apirilaren 24a bitartean Zuberoan barrena maskarada egiteko. «Berrogei gaztek parte hartuko dute aurtengo maskaradan. Zaharrenak 30 urte ditu. Tartean badira hamar urte inguruko haurrak ere. Horiek, noski, ez dute jokorik emango, gazteegiak direlako», esan zigun Battitta Lazkarraik, maskaradan Kabanen buru izango den 24 urteko gazteak.
Baziren hamahiru urte Altzürükük maskaradarik antolatzen ez zuela, baina Niko Etxarten jaioterria oso herri garrantzitsua izan da maskaradaren historian, 1957tik 1968ra maskaradarik egin gabeko hutsune luzearen ondoren, bertako gazteak izan baitziren berriro emankizun horiek abian jarri zituztenak. Gazte horien artean Eperre anaiak aipatu behar dira eta Jean Baptiste Artxu. Geroztik lau aldiz antolatu ditu herri horrek maskaradak: 1968an, 1972an, 1979an eta 1992an.
irailetik lanean
«Lehen mustrak (entseguak) irailean egin genituen eta azkena joan den igandean egin genuen herriko eskolan. Horrek esan nahi du bost hilabetez aritu garela emanaldiak prestatzen», jarraitu zuen Battittak.
Bedatse Liliak elkartea izan da azken hamar urteotan Altzürükün dantza eta kantua landu dituena eta elkarte hori izan da maskaradak antolatzen buru-belarri ibili dena. Datorren igandean goizeko bederatzietan aterako da maskarada herriko plazatik eta auzoak bisitatuko ditu barrikadak eginez.
Garai batean ez, baina egun neskek ere parte hartzen dute maskaradetan. Altzürükün dantzari guztiak neskak dira, esaterako. «Bi musikariak bakarrik izango dira kanpotarrak, txirularia eta atabalaria, Barkoxekoa eta Garendainekoa. Beste guztiok herrikoak gara», jarraitu zuen.
Dagoeneko erabakita dute egitaraua. Emanaldi guztiak igandean egingo dira, Maulekoa salbu, hiriburua izaki, larunbatean jende gehiago izaten baita bertan. «Merkatura doan jendea da asko eta igandean egin ordez larunbatean egitea erabaki dugu. Igande honetan Altzürükün hasi eta Urdiñarbe, Muskildi, Altzai, Barkoxe, Maule, Gamere-Zihiga, Idauze-Mendi, Zalgize-Doneztebe, Sohüta-Hoki, Mitikile eta Larraine bisitatu eta azken emanaldia berriro herrian egingo dugu, Altzürüküko auzo batean, baina ez dugu oraindik erabaki ez zein auzo ez eta zein igandetan egingo dugun ere», adierazi zigun Battitta Lazkarraik.
Goizeko bederatzietan aterako dira herriko plazatik eta auzoak bisitatuko dituzte barrikadak eginez. Emanaldia arratsaldeko lauetan egingo da herriko plazan eta eguraldi txarra egokituko balitz, eskolara joango lirateke.
«Zazpi bat barrikada egingo ditugu goizez, bazkaldu egingo dugu ondoren eta lauetan hasiko da emanaldia. Emanaldiko une nagusiak peredikuak dira, Kabana nagusiak eta Buhame nagusiak egiten dituzten jardunak. Bisitatu behar dugun herriaren berri izan behar izaten da peredikua idazteko. Perediku horren bidez lekuan lekuko gizartea jorratzen edo bertako gorabeherak aipatzen ditugu. Guk oraindik bukatu gabe dugu igandean egin behar duguna, baina bihar bukatuko dugu», esan zigun asteazkenean Besatse Liliak elkarteko kideak.
Ez dago esan beharrik Zuberoan asko estimatzen diren jardunak direla perediku horiek.
Maskarada batek herri osoa mobilizatzen du zuzenean edo zeharka. Altzürükün, esaterako, emakume andana bat aritu omen da azken hilabeteotan arizaleen jantziak josten. Jean-Paul Aranburu, Silvia Etxebarne, Mixel Etxebarne eta Pierre Jaragoien izan dira dantzariak prestatzeaz arduratu direnak.
euskara indartzeko
Gazteen artean euskararen erabilera motela izaki, maskaradaren gisako ekintzak beharrezkoak dituzte erabilera indartzeko ere. Peredikuetarako, noski, ondoen mintzatzen direnak aukeratzen dituzte. Herriko gorabeherak, laborarien arazoak eta beste hainbat auzi eta zertzelada jorratuko dituzte peredikuetan. Battita Lazkarrai bera izango da Kabana handia, Pascal Lazkarrai izango da Pitxu, Daniel Jaura Buhame jauna eta Xorrotxak, berriz, Gerard Etxart eta Jacques Etxebarne izango dira. Hartza ez dakigu zein izango den, baina izena erabakita omen dute: Canelle. Noiz erabakitzen duten datorren urteko maskaradak non egingo diren? «Gazteen artean ikusten dugu zein herritakoak duten gogoa eta non egin erabakitzen da. Zenbait bilkura egin behar dira horretarako eta oraindik ez dakigu non izango den», esan zigun Lazkarraik. -
ALTZÜRÜKÜ
«Sinbolismoz betetako pertsonaia asko ditu maskaradak»
Junes CAZENAVE | Pastoralgilea
Junes Cazenave pozik dago, datorren urtean, 2006an, bere jaioterrian, Santa Grazin, bere pastoral bat emango dutelako. Pastoralgile izateaz gainera, Zuberoako kulturako aditu handienetako bat da Junes, Altzaiko apaiz eta sendalaria izateaz gain.
Nola azalduko zenuke hitz gutxitan maskarada zer den?
Maskaradak biziaren piztuera ospatzen du. Inauterietako festa da, beraz, eta udaberriaren etorrera iragartzen du. Horregatik egiten dira urte hasieran. Maskaradan bi talde daude beti, gorriak eta beltzak. Gorriek sinbolismo bat erakusten dute eta beltzak, berriz, gizartearen ispilu dira. Gorrien artean, badira beti sei pertsonaia sinbolismo hori beren gain dutenak:zamaltzaina, kantiniersa, txerreroa, gathusaina, mariskalak eta kinkaileroak.
Pertsonaia horietako bakoitza sinbolo baten eramaile dela esan nahi al duzu?
Zamaltzaina erdi-gizon eta erdi-zaldi da. Antzinako mitologian ezaguna den pertsonaia da. Izadiaren aniztasunaren sinboloa da, nire ustez. Gehienetan zamaltzaina izaten da dantzaririk onena. Bera da gorrien buru eta gidari. Kantiniersa da bigarren pertsonaia. Napoleon Euskal Herrira etorri zenean, hari plazerra emateko jantzi zituzten horrela nonbait XIX. mendean. Emaztez janzten dira, nahiz eta antzinako maskaradetan dantzari guztiak mutilak ziren. Zamaltzainaren emazte bezala agertzen da maskaradan. Nire ustez, kantiniersa gure mitologiako Mariren parekoa da. Gero bada txerreroa. Zaldi ilez egindako isats bat astinduz zabaltzen du bidea, airea joaz uxatzen ditu izpiritu gaiztoak. Dantzari azkar bat izan behar da beti txerreroa. Gathusaina dator ondoren, bere gathua zabalduz eta itxiz. Tximistaren itxura du tresna horrek eta euria erakartzeko balio dezake. Mariskalek zaldiak ferratzen dituzte eta zamaltzaina suspertzen dute ferratzen dutenean. Kinkaileroak datoz, azkenik. Gaztearen bizitzan sartzea edo iniziazioa sinbolizatzen dute. Garbi dago, beraz, gorrien taldeko pertsonaia bakoitzak badaramala sinbolismo bat.
Gauza bertsua gertatzen al da beltzekin?
Beltzen artean Pitxu da taldeko gidaria. Hau ere, zamaltzaina bezalaxe, erdi-gizon erdi-aberea da. Lotura estua du, beraz, izadiarekin. Buruan adarrak daramatza edo abere belarriak. Oso bizia da, tximinokeriak egiten ditu, ezin da leku batean geldirik egon. Horrexegatik da biziaren irudia. Kauterak eta Buhameak maskaradan sartzen direnean, tontakeri anitz egiten dituzte, Pitxu lehertu egiten dute eta hil. Pitxu, ordea, biziaren irudia nola den, berriro urtebeterako pizten da. Sendalariek laguntzen diote pizten. Hau dena arratsaldeko emanaldian gertatzen da. Goizean ez dira barrikadak baizik egiten. Beltzen artean, karestuak eta kauterak atzerritarren irudia dira eta hauen guztien nagusia kabana handia da, arratsaldeko emanaldiaren barruan peredikua egingo duena, lekuan lekuko gizartea jorratuz. Badira halaber xorrotxak, jaunaren ezpata zorrozten dutenak. Badira buhameak ere eta hauen nagusiak ere peredikua egingo du. Perediku horretan, kabanarenean ez bezala, astakeria eta xelebrekeria anitz esaten ditu. Badira jauna eta andrea, azken hau beti zuriz; badira laboraria eta laborari andrea eta aipatzekoa da baita entseinaria ere. Azken hau seigarren gidaria da. Ikurrin batekin joaten da dantzarien eta arizaleen aurretik eta dantzari ona izan behar du. Eta, azkenik, ezinbestekoa da Hartza, neguan lo egon ondoren otsailean esnatzen den aberea baita, izadiaren bizia bezalaxe.
Kabanaren peredikuan lekuko gizartea jorratzen dela esan duzu. Kanpoko konturik ezin da aipatu?
Bai, bai. Mundu zabaleko kontuak aipa ditzakete. Politikariekin sartzea asko gustatzen zaie. Ez dira beti lekukoekin konformatzen.
Gazteen festa al da beti maskarada?
Ez, ez. Gazteena eta beste guztiena da. Nahi izanez gero, adinekoek ere parte har dezakete maskaradan.
Zuk zeuk hartu al duzu parte gaztetan maskaradan?
Haurra nintzelarik askotan ikusi nituen maskaradak, baina ikasketak egitera kanpora joan nintzen eta gaztetan ez nuen inoiz parte hartu.
Diotenez, aurki zure pastoral bat emango dute Santa Grazin.
Datorren urtean, 2006an, izango da. Zortzi pastoral ditut emanik eta beste sei edo zazpi idatzi eta eman gabeak. Seguru asko horietako bat aukeratuko dute, baina ez dute oraindik erabaki. -
Txingudiko ikasleekin maskarada ikustera
J.A.
DONOSTIA
Joseba Aurkenerena Zuberoako kulturaren miresle sutsua da. Orain hamar bat urte Egin egunkarian AEK-k zubereraz ikasteko ikastaroa antolatu zuela zioen iragarkia irakurri zuen. Izena eman zuen. «Euskal lurralde guztietako jendea bildu ginen astebeteko ikastaro horretan eta, zubereraz ikasteaz gainera, bertako kultura eta historiari buruz gauza jakingarri asko ikasi genuen. Aita Junes Cazenave etorri zitzaigun hitzalditxo bat ematera, Jean-Louis Davant bera, Odette Ohorade eta beste hainbat. Geroztik han egon ginenok zubereraz hitz egiten dugu elkarrekin eta euskalki horretan idazten diogu elkarri», kontatu zigun Joseba Aurkenerenak, Irungo Txingudi ikastolako irakasleak. Orduan Irungo Bidasoa institutuan ari zen lanean Joseba eta Hegoaldeko gazteen eta Zuberoakoen arteko harremanak bultzatu behar zituela erabaki zuen.
Geroztik, urtero hiru egun igarotzen dituzte maskaradak hasten direnean eta Zuberoan, Ligiko LAir Bordelais aterpetxean ostatu hartzen dute.
Dantzak ikasten
«Ikasturtea hasi eta astean jolasaldiko ordubete bat ematen dugu Mutxikoak dantzak ikasten, eta gero, Zuberoara joaten gara maskaradan dantzatu ahal izateko», esan zuen.
Txingudiko DBHko eta Lezoko Institutuko gazteak autobusean joango dira aurten ere otsailaren 18an Zuberoara. «Ostiralean Donibane Garazin itzuli bat egin eta gazteluaren aurrean egin ohi dugu azken mustraka, azken entsegua alegia, eta aterpetxean afaldu ondoren Mauleko Finka ostatura joango gara, leku hori, nolabait esateko, Zuberoako Kafe Antzokia bezala baita. Biharamunean Aita Junes Cazenabe etortzen zaigu hitzaldia ematera. Afaldu eta Muskildin arrabestak (festa errepikapenak) egiten direnez, dantzaldira joaten dira gazteak eta biharamunean maskarada ikusten dute. Egonaldiaren helburua Hegoaldeko eta Zuberoako gazteen arteko loturak sendotzea da eta esan dezaket lortzen dugula» esan zuen Joseba Aurkenerenak. Eusko Jaurlaritza eta Irungo Udalaren laguntza dute bidaia egiteko.
Dokumentuaren akzioak