Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Altzola ez da izan zena

Dokumentuaren akzioak

Altzola ez da izan zena

Dantzan.eus atariko lagunek Altzolako hainbat argazki zahar eman dituzte argitara eta haien inguruko azalpenak ere bildu dituzte www.dantzan.eus webgunean.
Komunikabidea
Barren
Mota
Albistea
Data
2017/06/23
Lotura
Barren
San Joan gaua oso bestela ospatzen zuten garai batean Altzolan. Hala ekarri du gogora Arantza Arrietak, eta horren froga argitaratu du Dantzan.eus atariak bere webgunean (www.dantzan.eus). Aurten, ez da San Joan ospakizunik izango Altzolan, baina urte askoan sona handia izan zuten sanjoanek Elgoibarko auzo horretan. Altzolako bainuetxe atarian 1950eko hamarkadan egindako hainbat argazki dira horren erakusle. Sanjoanetako soka-dantzako irudiak dira ustez, Marin izeneko argazkilariak egindakoak. Aurreskua eta atzeskua ageri dira dantzan horietako argazki batean. Hasierako soka gizonezkoek osatzen zuten eta gero, emakumeak gonbidatzen zituzten dantzara. Arantza Arrieta berak lagundu die Dantzan.eus-ekoei argazkietan ageri diren lagunak identifikatzen, eta haien artean daude Karmelo Isasti eta Jose Luis Arozenak, Sabin Lariz, Antonio Landa, Mari Tere Landa, Garbiñe Bioin, Jose Ramon Etxaniz, Maria Dolores Landa, Alfredo Garcia, Milagros Landa, Pako Oñederra, Maria Teresa Arozena eta Jose Lariz.

Altzolako bainuetxean soka-dantza 6

Arrietak azaldu du “jai handiak” izaten zirela sanjoanak Altzolan, eta hala jaso dute Dantzan.eus-ekoek ere, Karmele Etxabe elgoibartarrari hartutako adierazpenetan. Hiru eguneko ospakizunak izaten ziren, ekainaren 23an eta 25era artekoak eta jende ugari batzen zen Altzolara, Elgoibartik eta Mendarotik bereziki. Ekitaldi ugari izaten zirela oroitu du Arrietak, eta dantzak gaur ez besteko garrantzia izaten zuela orduan. San Joan bezperan auzoko mutil gazteek basotik ekarritako arbola sartzeaz batera hasten zituzten jaiak, iluntzean, eta ondoren, ilundutakoan, sua pizten zuten errekan dagoen lur sailtxoan, uela gutxira arte egin izan duten moduan. San Joan egunean, berriz, prozesioa izaten zuten goizean, eta emakumeek lore-sortak eramaten zituzten mezatara, bedeinkatzera. Meza ostea, herri-kirol saioak janzten zuen. Bertsolariak ere izaten ziren kantuan, meza-oste hori kantuz girotzen, harik eta erromeria hasten zen arte. Jaietako hirugarren egunean, San Joan Txiki egunean, sokamuturra izaten zen goizean goiz, eta txanalen arteko estropadak eta bizikl eta karrerak ere izaten zuten tarte bat egitarauan. Eguerdian, bainuetxeko aurreko plazan elkartzen ziren auzoak, soka-dantza dantzatzeko. Eguna erromeriarekin amaitzen zuten. Felix Aranzabal Angiozarko itsua soinujole ezagunak alaitu zituen urte askoan sanjoanak Altzolan, baina sanjoanek orduan zuten indarra nolakoa zen nabarmentzeko, Arantza Arrietak oroitu du Elgoibarko Udal Musika Bandak eta Ansolatar txistulariek ere jo izan zutela, behin baino gehiagotan.

Altzolako bainuetxean soka-dantza 2

Dokumentuaren akzioak