Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Altxalilien altxamendua

Dokumentuaren akzioak

Altxalilien altxamendua

Egilea
Arantzazu Fernandez Iglesias
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2025/12/17
Lotura
Berria
'Altxalili' kabaretaren artxiboko irudi bat. BERRIA
'Altxalili' kabaretaren artxiboko irudi bat. BERRIA

'ALTXALILI KABARETA'

Lekua: Baigorriko Bil etxea. Eguna: Abenduaren 13a. 

Oholtzako hondoko paretako errezelaren kontra, hainbat eserleku ilara arizaleentzat. Eszenatoki aurrean, espazioa hutsik gazteak lurrean eser daitezen. Horien atzean, imitaziozko belusezko besaulkiak gainontzeko publikoarentzat. Eszenatokiko ezker-eskuineko lehen lerroetan, bitxilore artifizial batzuk. 

Zain geunden bitartean, «ongi etorri euskal kitsch-era», esan dit Filipe lagunak; «kitsch-a iraultzailea izan ohi da», gehitu du Helenek. Biek aretoan zenbat jende gazte dabilen nabarmendu dute. Nik altxalili hitzak zer esan nahi duen aitortu berri diet. Tradizioa badu mintzairan; ez da, nik uste nuen bezala, asmazio linguistiko zoriontsu bat. Hiztegi orotarikoak dio pinpilinpauxa edota tximeleta bezalako adierak dituela; Elhuyarren, azken horiek izendatzeko «maritxu» (sic) elea erabiltzen dela diosku. Garunak dir-dir egiten dit.

Eta hasieratik izan da, iazko ikuskizunean bezala, queer estetika eta euskal folklorea bisualki nahasten dituen ikusgarria. Ez dago zalantzarik, hemen zaudete ondo pasatzeko. Hau toki segurua duzue. Bertan, gure koplak, gure dantzak, gure magia, gure izkirimiriak gauzatuko dizkizuegu, grazia handiz, makillaje dibertigarriekin, konplexurik gabeko maritxu estiloz, ez-bitartasunari aitortza eginez eta «biba dir-dira» adieraziz. Loratutako tximeleta koloretsuak gara. 

Sarrerak aspaldian agortu ziren. Altxalili ikusi nahi duena espabila dadila, beti honela gertatzen baita: jakin orduko, dena salduta. Beraz, hau zortea gurea! Barruan egotea lortu dugunok aldez aurretik pozik gaude. Eta saioari hasiera emateko, jende arteko korridoretik abiatu zaizkigu aktoreak oholtzara, Viktoria Eugenian garaiko Katalina de Erauso pastoralekoak nola.

Ikusleak sintonian lehenbiziko unetik varieté erreibindikatzaileaz gozatzeko. Barre egin dugu, karaoke moduko batean parte hartu, dantza egiteko altxatu gara, txalotu ditugu piezen trantsizioetan, eta faxismoaren kontrako berbak aditzean belarriak zorroztu ditugu. Testu gutxiko teatro pieza izan arren, mezu erreibindikatzaile zehatza daukate jarrerek eta kantuek. 

Varieté definizioan bete-betean ematen du proposamenak, eta hartara, pieza txikiz osatzen da, batzuetan aktore bakar batek bere trebetasuna erakusten digula (kantan, dantzan, errezitaldian…), beste batzuetan, aitzitik, talde eszenetan jokatu dutela. Bereziki gozagarriak iruditu zaizkigu ebatserdizka eta dobla dantzarako aginduekin ondutako abestia zein erraldoiaren agerpena. Umore kokin eta errebindikatzaileak estekatzen du zatien arteko bizkarrezurra. Hementxe gaude heteronormatibitate konpultsiboan arrakalak sortzen.  

Kabaret hitzaren jatorrizko esanahiak honela zioela gogoratu dut: gaueko ostatua, non musika, dantza eta abestiak uztartzen zituzten emanaldiak eskaintzen zituzten. Ikuskizun horietan, umorea, magia, mimoa eta beste arte eszeniko batzuk ere tartekatu daitezke. Larunbatean, Baigorrin, kabaret definizioa ederki bete zuten Altxalilikoek. Aretoa ez zen ostatua, baina bertan bukatu ondoren kalejiran abiatu ginen Basaizea elkartearen tabernara. Hor gauak jarraitu zuen, gaiteroen harreraz, geroko kontzertu eta dantzaldian, taloak eta guzti.

Ez dakit zuek, baina nik ez dut hau bezalako fenomenorik beste inon ezagutzen. Aupa zuek!

Dokumentuaren akzioak