Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Alproja taldearen ‘Labaderoko azken festa’ gaur Zarautzen

Dokumentuaren akzioak

Alproja taldearen ‘Labaderoko azken festa’ gaur Zarautzen

Antzerkia eta dantza uztartuko ditu ikuskizunak

Egilea
Jon Gonzalo
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Zarautz
Mota
Albistea
Data
2000/09/09

HERRI ANTZERKIAK berezko lekua du Zarauzko Euskal Jaietan. Hogeita hiru urte joan baitira, jada, Alproja Taldea lan horretan hasi zenetik. Halaber, aurten ere, ezin bestela, dantza eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizuna prestatu dute: Labaderoko azken festa.

Laurogei lagun inguru aritu dira lanean, eta hiru izan dira zuzendariak: Patxi Santamaria, Leire Ondarra eta Mitxel Gorrotxategi. «Zarauzko labaderoen desagertzea aitzakiatzat hartuta, emakume baten istorioa kontatuko dugu», adierazi zion egunkaria-ri Mitxel Gorrotxategik. Izan ere, labaderoak Zarauzko emakumeen bilgune izan ziren garai batean: «Mende hasieran herriko emakumeak labaderoetan biltzen ziren. Hau da, labaderoak ziren emakumeen giza-harremanen gunea», dio Mitxelek.

Alta, aro berria iristearekin batera labaderoak desagertzen joan dira, eta labaderoen bilakaera hori guztia ezagutu duen emakume baten istorioa kontatzen dute ikuskizunean. «Espainiako Gerran, Francoren garaian eta gaur egun emakume horren bizitzako pasadizo batzuk kontatuko ditugu», azpimarratzen du Mitxelek.

Emakume baten istorioa kontatzeko Zarauzko labaderoen desagertzea hartu dute, beraz erreferentziatzat Alproja Taldekoek: «aro berriarekin galdu ditugun gauzen adierazgarri delako», Mikel Elorza gidoigilearen esanetan. Halaber, ikuskizunak gaurkotasunarekin lotura handia izango du. Urtean zehar jazotako zenbait gertaeren berri ematen saiatuko baitira Alproja Taldekoak. Hori bai, beti ere, umore klabean: «Herri antzerkiak berezkoak ditu umorea eta satira, eta gu bi ezaugarri horiek islatzen saiatzen gara», azaltzen du Mitxel Gorrotxategik. Alabaina, dantzak ere garrantzia itzela izango du Labaderoko azken festa ikuskizunean. Aurtengo ikuskizuna Galtxagorrien dantzarekin abiatuko da, baina koreografia berriak ere izango dira.

Besteak beste, zortzi emakume garbitzailek maindireekin egingo dutena. Urtero legez, Garbiñe Aizpitarte arduratu da koreografiaz, eta ikuskizunaren bukaerarako» sorpresatxo bat» iragarri du. Ikuskizunaren atsedenaldietan, berriz, ez da musika faltarik izango, Oskorri taldeko Bixente Martinez izango da bertaratutako jendea girotzeko arduraduna.

Ikuskizun aparta, beraz, Alproja taldearena. Baina, zer nolako lana eskatzen du horrelako ikuskizun batek? «Urtarrilerako ideia nagusi bat izaten saiatzen gara. Ideia hori landu eta Aste Santurako behintzat istorioa garbi samar eduki nahi izaten dugu.

Ondoren, gidoia ahal bezain laster idazten saiatzen gara, eta azkenik entsaiatzen hasten gara», dio Mikel Elorza gidoigileak.

Lan eskerga horren emaitza ikusi nahi duenak, gaur eguerdian 12:00etan Zarauzko Munoa plazan du zita.

Dokumentuaren akzioak