Dokumentuaren akzioak
Alkimia
Alonzo King Lines Ballet
Zuzendaritza artistikoa eta koreografiak: Alonzo King. Ballet maistra: Laura O'Malley. Musika: Jason Moran, Charles Lloyd. Argiak: Jim Franch, Jim Campbell. Jantziak: Robert Rosenwasser. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: martxoak 25.
Alonzo King Lines Ballet konpainiaren etorrerak beti dakar berarekin goi mailako dantza ikustearen aukera, eta horrela gertatu da Donostiara ekarri duen egitarau bikoitzeko emanaldian.
Gaualdiko lehen atala The Personal Element deitu da, eta hasierako istantak erabateko isiltasunean igaro dira, dantzari bakar baten presentzia soilarekin. Jason Moranen piano musikaren lehen notekin hasi da zortzi dantzariko taldearen jarduna, Moranen pianoaren ezaugarri berberak zituena: muturreko abstrakzioa eta erabateko birtuosismoa. Linoleo zuria eduki dute oinen azpian, eta atzealdea ere zuria izan da bi piezetan, musika, argiak eta jantziak lagun izan dituztela une oro.
Dantzari guztiak ibili dira oinutsik bi piezetan, eta lehen atal honetan diskretuki nagusitu dira jantzietan zuritasuna eta tul oso arinak, nola begiratuta tonalitate arrosa edo urdin ia antzemanezinak hartzen zituztenak, argien efektuengatik beharbada. Bikoteka eta launaka dantzatu dute gehienbat, eskortzo ezinezkoetan txirikordatuta askotan, eta atzeko lerroan giza friso ia estatikoak osatuz noizean behin. Esandako abstrakzioaren izenean, dena egon da mugimendu-estudio hutsa izatetik hurbil askotan, baina zailtasun handiko figura estilizatu eta delikatuen segidek musikarekin bat egin dute eta benetako dantzak eskaintzen digun zeru posible bakarrera eraman gaituzte.
Atsedenaldiaren ostean Azoth izeneko lan luzea etorri da. Ingelesezko hitz horrek zilarbizi esan nahi du euskaraz, eta koreografoak elementu horren sinbolismoa hartu nahi izan du gizakien ahalmenen sublimazioa irudikatzeko, alkimiaren ustetan merkurioak katalizatzaile funtzioa zeukalako beruna urre bihurtzeko prozesuan.
Dena dela, baliteke azalpen hori Alonzo Kingen buruan egotea, baina guri behintzat oso era urruneko edo kriptikoan transmititu digu. Aurreko piezako zortzi dantzariak hamar izan dira orain, Jason Moranen pianoari —oso Keith Jarretten estilokoa bi piezetan— Charles Lloyd handiaren saxofoia gehitu zaio, eta protagonismo handia hartu dute goitik eskegita zeuden hiru argi-panel mugikorrek, beren tonu beroen bariazio leunekin. Jantzien diseinu dotore bezain arinak aldaketa suabeak izan ditu koreografian zehar, eta beharbada hasieran lurraren edo buztinaren koloreak irudikatu nahi izan dira, amaiera aldera kolore urdina agertu den arren.
Dantzariek, aurreko piezan bezala, elkar ukitu gabe jardun dute gehienbat, betiere araztasun estetiko handienaren bila, baina denboraren erdialdean jardun kolektiboa izan dute gizon baten gorputz eroriaren inguruan. Hala ere, une batetik aurrera erakustaldi zentzugabe baten itxura hasi da hartzen proposamena, baina amaierako duo espiritual luzean urre koloreko soinekoaren neska eta bere porteur rolean ibili den gizon ia biluzia edertasun gorenera heldu dira, eta bukaera bikaina eman diote gaualdiari.
Dokumentuaren akzioak