Dokumentuaren akzioak
«Alkate joan eta mutil-dantzan ez parte hartzea ez zen aukera»
Garbiñe Elizegi , Baztango alkate ohia
2013an Elbeteko mutil-dantzan irainka hartu zuten Baztan bailarako alkate eta ordezkari gorena. Garbiñe Elizegik esku bete lan izan zuen lau urteko agintaldian: ohiko eginbeharrak ez ezik, mutil-dantza parekidearen aldeko borroka eta Aroztegia kudeatu behar izan zituen. Hertsi gabeko zauriak dira biak ere Baztanen.
Korrika eta presaka etorri gaituzu Baztanera. Garbiñe Elizegi badoa Amerikara kurri, itzulerako bidaia-txartelik gabe.
Baztan maite dut, Euskal Herria maite dut, baina aldika deskantsua behar dut, hemendik joan eta bertze toki batzuetan eman denboraldia. Horrela egin izan dut ahal izan dudanetan.
Darfurren zinen 2005eko Eguberrietan, Sudanen. Gogorra behar du gerrak.
Bai. Estres postraumatikoa zen ez dakit, baina urtebete eman nuen handik honat etorri eta errekuperatzen. Gauza gogorrak ikusiak nituen San Frantziskoko ospitaleko lanean, baina Darfurren ez zen deskantsurik, 24 ordu ginen ospitalean. Itzuleran, txokea. Hango errealitatea, batetik, hemengoa, bertzetik. Europarrok eta gure gobernuek duten arduraz jabetu eta nekez onar nezakeen egoera. Nik bezala, kooperante anitzek bizi du ezinegon hori. Uste dut gehiago den lehenbiziko esperientzia zelakoz. Gerratik etorria nintzen, haurrak hiltzen ikustetik, eta hemen, aldiz, autoa ezin aparkaturik ibiltzea zen afera handiena. Erratekoz.
Zuzeneko gerra erasorik bizi izan zenuen?
Ez, zaurituak bertzerik. Nire zenbait lankidek bai, erasoak ezagutu zituzten, eta bortxatu ere egin zituzten batzuk. Bazen errebeldeek hartutako herria, gobernuak abandonatua, eta han ospitale bat, guk, Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak, lanerako hartua. Gobernuak herria eta ospitalea bonbardatzeko arriskuan ginen. Bertzalde, baziren paramilitarrak, janjauiak, zaldiz ibiltzen zirenak, herriak erre –lastozko etxeak baitziren– eta emakumeak bortxatzen zituztenak. Horixe zen haien “borroka”. Ospitaleko lana ez ezik, borroka izandako lekuetara joaten ginen, ihesi joandako jendeari laguntzerat. Desertua zen hura. Toki idorra. Oxfam, Gurutze Gorria, Gosearen Aurkako Ekintza... han ginen denok.
Ondoriorik badu Gobernuz Kanpoko Erakundeek egiten duten lanak?
Eztabaida hori hor da beti gure artean ere. Erakunde horien lana ez da soluzioa, baina horien laguntzarik gabe, bizirik dagoen jende anitz hila zegokeen honezkero. Toki anitzetara ez da laguntzarik heltzen.
Beharbada, gaizki egina da galdera. Beharbada, galdetu behar nizun zerengatik den gerrarik han edo hemen.
Gobernuek dute ardura, gure gobernuek. Munduan diren gerrak Europak eta AEBek kontrolatzen dituzte. Ez dut zalantzarik horretan. Horrekin batera dago guk “zirku humanitarioa” deitzen genuena. Tartean, Gobernuz Kanpoko Erakunde pila. Pila. Gerra sortzen duten gobernuen finantzazioaz bizi dira, independentziarik gabe... Dilemak anitz dira egunero, eta koherentziari eustea, berriz, gauza zaila. Eztabaida beroak izaten ziren gure artean ere.
Erdizko harrobiaren hotsak isildu dira. Aroztegia, berriz, hor da. Leitu dudanez, Baztango udala prest legoke golfa, hotela eta apartamentuak onartzeko, bailarako turismoa azkartzeko baldin bada. Hala ere, ez dago prest etxebizitza unifamiliarrak eraikitzen uzteko, espekulazioa argudio. 500.000 euroko balioa duen zoruak, 36 milioiko balioa izango omen luke.
Hori da estimazioa... Ez dakit nondik hasi ere. Batetik, Baztan goxoki hutsa da, Euskal Herriko udalerririk zabalena, lurren %80 komunala da hemen. Bertzetik, landa eremuetan dira baliabide naturalak; hiriak dena jana du, eta bertzalde, han bizi da jende gehiena, herriarekin eta naturarekin harremanik gabe. Alderdi politikoak ere boto kontaketaren jokoan erorita daude, eta botoak hirian daude. Anitzetan saldurik gaude. Multinazionalak, kapitala, lurra bereganatu nahi dutenak, hor daude
beti baina horrekin batera, alderdietako aparatu ofizialak, parlamentua eta bertze, bigarren mailakotzat dituzte herrietan gertatzen diren aferak. Guretzat, berriz, Aroztegia da Baztan hankaz gora jartzea.
Zertan hankaz goratzen du Aroztegiak Baztan?
Hemengo egitura sozial eta urbanistikoa iraultzen du. Hor duzu, adibide, Lapurdiko itsasertza. Bertze hainbat adibide dituzu Espainiako Estatuan. Proiektu politiko jakin baten defentsa zilegi da, baina herritarren kontrako, Udalaren eta Batzar Nagusien kontrako erabakia hartu eta inposatzea ez da onargarri. Nafarroako “aldaketaren” gobernuak UPNk bezalaxe jokatu du Aroztegian. Gobernu hori babesten duten alderdiei, bertzalde, gaia ez zaie aski garrantzitsua iruditu; behinik behin, ez dute haren jarduera kondizionatu. Hiru alderdiek elkartuta badute aski indar afera bideratzeko, bertze zenbait gairekin egin duten gisan.
Zein dira Aroztegiaren bultzatzaileetan?
Caixa Galiciaren higiezinak berea zuen akzioen %50. Erreskatatutako bankuak. Baztango enpresaburu horiek, berriz, Baztan “salbatu” nahi dute, lanpostuak
sortu... turismoaren bidez. Hiritik hori da beti ikuspuntua, landa eremuarekiko diskurtso paternalista hori. Bertzalde, Baztanen beti izan da elitea, eta elitea
den tokian erresistentzia ere bada. Erranen nuke erresistentzia fuerte dagoela Baztanen, fuerteago nahiko genuke, baina Erdizko harrobiaren proiektua
geraraztea lortu genuen, udala %100 kapitalaren alde zegoenean. Aroztegia geldiaraztea ere lortu genuen, baina PSISaren [Udalaz Gaindiko Intzidentzia
duten Plan eta Proiektu Sektorialak] bidez saiatu ziren orduan, eta hor ari gara, borrokan.
Aroztegia aferak salaketak ekarri dizkizu...
Hiru salaketa judizial ditut gainean. Hiruak Palacio de Aroztegia enpresak jarritakoak. Lehenengoa, hauteskunde biharamunean jarri zuten, alkate nintzela, proiektua “pelotazo urbanistikoa” zela errateagatik. Bigarren salaketaren arabera, prebarikazioa leporatzen digute Baztango gaur egungo alkateari [Joseba Otondo] eta bioi, alkate ginela proiektuaren aurkako erabakiak hartzeagatik. Hirugarren salaketa Aroztegia... eta gero zer? plataformako kide nintzela prentsaurreko batean parte hartzeagatik jaso nuen, beste sei lagunekin batera. Irainak leporatzen dizkigute, eta 50.000na euroko isuna eskatzen.
Baztango alkate zinela oihuka eraso zintuzten 2013an Elbeteko jaietako mutil-dantzan.
Gure analisiaren arabera, aldaketa anitz gertatzen ari ziren Baztanen, erresistentziak antolatzen ari ziren zenbait arlotan, eta bailarako eliteak gotortu egin ziren. Mutil-dantza, berriz, botere erakustaldia izan da anitzendako. Dirudun gehien dagoen herrietan, erdaldun gehien, boterearekin lotura handiena dutenetan gotortu dira eliteak. Ez da kasualitatea. Bertzalde, espero ez zena gertatu zen udalean, eliteekin loturarik ez zuten talde arras gazteak lortu zuen alkatetza, eta buru, emakumea, eta feminista. Artaldetik ateratzen denak mesfidantza sortzen du, eta gu ez ginen artaldekoak. Ez genuen elizako biderik ere egiten.
Mehatxuak jasoa zara mutil-dantzen kontura.
Ez ni bakarrik. Alkate izan aurretik plazara ateratzen baginen ostiaka aterako gintuztela erran ziguten. Alkate nintzela, berriz, Diario de Noticias egunkarian argitaratu zituzten zenbait eskutitzetan, udalera igorritako eskutitz anonimoetan, mehatxuak eta irainak jaso genituen. Mehatxu zuzen izan gabe ere, gure kontrako indarkeria bultzatzen zuten, eskarmentua merezi genuela zioten. Artean alkate nintzela, heriotza mehatxuak ere jaso nituen idatziz, bi aldiz, bandera espainola jartzen ez bagenuen hilko gintuztela erranez. Estresa beti.
Zuen jazarpenak badu Irungo eta Hondarribiko alarde parekideetan emakumeek jasaten dutenaren antza.
Guk ez genuen haiek bezala bukatu nahi. Baztango eliteak hango bidea egiten saiatu ziren hemen, mutil-dantzak pribatizatzen, eta guk hori errotik moztu beharra ikusi genuen, bertzenaz alardeen bidea eginen zuen mutil-dantzak. Behin baino gehiagotan erraten dut nik mutil-dantzen aferaz ari garela: hemen eskakeo
orokorra izan da. Zalantzarik gabe ikusten dugu zein jarrera hartu. Hondarribiko eta Irungo alardeetan, baina bertzela ikusten dugu gauza Baztango mutil-dantzei agokienean.
orokorra izan da. Zalantzarik gabe ikusten dugu zein jarrera hartu. Hondarribiko eta Irungo alardeetan, baina bertzela ikusten dugu gauza Baztango mutil-dantzei agokienean.
Trikuarena egitea duzu “eskakeo orokorra”, arazoari ihes egitea, ezkutatzea.
“Denborarekin konponduko dira gauzak”, erraten ziguten aldaketa sozialaren alde gurekin bat egiten zutenek. Baina gauzak ez dira denborarekin aldatzen, ekintzarekin baizik. Plazetan dantzan ari ginelarik, afera sortu zen mutil-dantza baztertzailea ematen ari zelako ikastolako parkean, parke publiko batean. Bazterketa horrekin akitzeko bilerak, solasak egin genituen baina han segitzen zuten. Hor erabaki genuen sartzea. Hori izan zen gure ekintza zuzena.
Irainka hartu zintuzten Elbeteko hartan.
Oso bortitza izan zen, baina ongi pentsatuta egin genuen ekintza hura. Egia erran, nik aurreikusten nuen hura, musika isiltzea, mutil-dantzariek dantza uztea... Nire herrian bizitua nuen egoera hori, Lekarozen. Baina orduan ez nintzen Baztango alkate. Ez dut deusekin konparatzen ahal, baina nirekin hazitakoak ziren Lekarozko plazan oihuka eta mehatxuka hartu nindutenak dantzara sartu ginenean. Elbetekoa gogorra egin zitzaidan, baina are gogorragoa nire herrikoa. Bertzalde, barneko presioak ere izan ziren.
Barneko presioak? Politikoki eraldaketa sozialaren alde zuekin bat egiten duen jendearena erran nahi duzu.
Bai. Udaleko taldekideek bat egin zuten gurekin, baina alderdi mailan denak ez ziren gurekin. Betiko aitzakiak: “Ez da komeni... Hauteskundeak galduko ditu
gu...”. Baina alkate joan eta ez dantza tzea ez zen aukera. Amaiurren, errate koz, hitz egitera joan ginen, gu dantzan
hasi eta txistularia ez isiltzeko; solastu ginen, txistularia aldatu zuten eta dantzatu ahal izan genuen. Erran genien alkatea –kasu hartan, ni–, herrira joan, dantzara sartu eta txistularia isiltzen bazen ez genuela diru-laguntzarik ematen ahal, egiten zuten diskriminazioagatik. Hor ere gatazkak izan genituen bailarako Bildu barnean. Nazio mailako egiturek babesa eman ziguten, mintegia ere egin genuen, bat zetozen gure helburuarekin, baina batzuk ez zetozen bat gure ekintza zuzenarekin
Zergatik?
Zalantzan jartzen delako beti mugimen du feministaren jokaera. Egiten ditugula rik tailerrak, alardekoekin eta bertze, aldiro agertzen den faktorea da ezkerreko
mugimenduetan: feminismoaren ingurukoo beldurra... Ezkerreko mugimenduetan feminismoari beldurra diote anitzek. Iraultza sakona eskatzen duelakoz. Azaleko iraultza saltzen digute anitzetan eta feminismoa iraultza holistikoa da. Ezkerreko mugimenduetan dauden gizonek gauzatzen duten zapalketa aitortzeak, bertzeak bertze, beldur ematen du, eta hor ere trikuarena egiten ari gara berriz ere. Ezkerreko mugimenduetan ere ez zaio barneko matxismoari aurre egiten.
Bazoaz AEBetara, Dakotara, zure bizitza zikloek agintzen dutenez, aldika intentso, aldika bare.
Bai. Nik Zeelanda Berria, Asia eta denak ezagutu nahi ditut, eta ez dakit noiz itzuliko naizen ere. Bitartean, “banoa buelta bat ematerat” erran eta banoa, Ipar Dakotara, bertako indigenetara. Lurrak dituzte AEBetan eta Kanadan, Manitowan. Hasteko, urtebeteko noa. Ikusiko da...
Argazkia: Zaldi Ero.
Garbiñe Elizegi Narbarte
1975, Pomona, Kalifornia
Los Angeles ondoko Chinon hazia 9 urte zituen arte. Lekarozen bizi izan zen guraso eta senideekin 18 urte bete bitartean. 1998an Kalifornian zen, 22 urterekin, erizaintza ikasten. Baztanen zen berriz 2002an. 2005ean, Darfurreko kanpamenduetan egin zuen lan sei hilabetez, eta erizain lanean zen Baztanen 2008an. 2011n, Baztango alkate zen. Garai intentsitate handikoak eta atseden sasoiak tartekatuak ageri dira Elizegiren bizian.
Off the record:
Irakurgai bat
Baztango mutil-dantzen analisia eta prozesu kolektibo feminista: praktikatik teoriarat eta teoriatik praktikarat artikulua Festak, genero-harremanak eta feminismoa (Miren Guillo, UEU) liburuan jasoa dago. Egileak ondokoak dira: Aitziber Zapiain Intxausti, Edurne Arrieta Alcalde, Elurre Iriarte Bañez, Garbiñe Elizegi Narbarte eta Maitane Maritorena Azkarate, denak Plazara Dantzara herri-ekimenaren kide dira. Ikasleetatik hasi eta agintari politikarietaraino, irakurgai derrigorra, Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia nahitaezko irakurgaia den moduan. Parekidetasuna.
Dokumentuaren akzioak