Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Alkartasuna Dantza Taldea, lau hamarkada oinak astintzen

Dokumentuaren akzioak

Alkartasuna Dantza Taldea, lau hamarkada oinak astintzen

Ez dago herriko jai edo jarduera berezirik, Alkartasuna Dantza taldearen dantza erakustaldirik barik. Herriko kaleak eta giroa alaitzeko prest daude beti Bermeoko dantzariak. Aurten, gainera, data berezia dute; 40. urteurrena ospatzen ari dira.
Egilea
Olaia Zabalondo
Komunikabidea
Busturialdeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2016/05/27
Lotura
Busturialdeko Hitza

Gaizka San Pedro Alkartasuna Dantza Taldeko presidentea da gaur egun, eta orain 40 urte taldearen hastapenetan ere egon zen. Bera eta bere emaztea dira taldeko beteranoenak.

Alkartasuna Dantza Taldea

1976ko argazkia, taldea eratu zuten mutilena. Argazkia: Alkartasuna Dantza Taldea

Institutuko azken urtean zegoen San Pedro dantza taldea sortu zutenean: «Ikasturte amaierako bidaia prestatzeko, jai txiki bat antolatu genuen. Antzerki bat, abestiak, dantzak… egitea zen asmoa. Batzuek bazekiten dantza pare bat egiten, eta hor hasi ginen. Hortik aurrera, dantza egiten jarraitu genuen».

10-12 mutil inguru zirela dio San Pedrok. Hala, Eibarrekoa izan baina Bermeon bizi zen Patxi Beitiarengana hurbildu ziren, umeentzako dantza talde bat zuelako. «Gure asmoa azaldu, eta laguntzeko prest agertu zen. Hala ere, taldea osatzeko, neskak beharrezkoak zirela esan zigun. Beraz, gelako neskak batu ziren taldera, eta martxan hasi ginen», gogoan du San Pedrok. Hasieran, dioenez, dantza egiterako orduan, herritarrek nongoak ziren galdetzen zieten taldeko kideei: «Ez daukat hori ahazteko».

Bi dantzagaz martxan

Martxoan edo apirilean taldea lanean hasi zen, eta lehenengo udarako hainbat izan ziren egin zituzten agerraldiak. Izan ere, lehen, domeketan, Busturialdeko herri ezberdinetan dantza emanaldiak egoten ziren. Urrirako, berriz, umeen taldea ere sortuta zuten.

Taldearen hastapenetan, bi lagunek zekizkiten dantzak ikasi zituzten taldekideek: «Betikoak ziren, banango, txotxongilo… Errazak direnak. Ondoren, Patxi Beitia arduratu zen guri irakasteaz. Gero, ikasi nahi genuen dantzen arabera, herri horietara jotzen genuen ikastera. Gaur egun, errazagoa da, bideo asko daude eta horien bitartez ikas daitezke». Hala ere, orain ere, zenbaitetan Bilbora joaten direla dio, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak antolatzen dituen ikastaroetara.

Alkartasuna Dantza Taldea

1976ko argazkia, Lehenengo taldeko mutilak eta neskak. Argazkia: Alkartasuna Dantza Taldea

Dantza taldearen urterik onenagatik galdetuta, 25.urteurrena nabarmendu du San Pedrok: «Zenbaki borobila da, eta nahiko urte berezia izan zen. Gainera, Hegaluze Saria ere jaso genuen. Herriak emandako aitortza bat da eta ilusioa ematen du». 10. urteurrena ere berezia izan zela dio San Pedrok, urte horretan egin zuten talde izateko izapideak. Gainera, lehenengoz antolatu zuten udan Nazioarteko Folklore jaialdia. «Kanpoko taldeak ekarri genituen lehenengoz. X. urteurrena ospatzeko antolatu genuen, baina oraindik Nazioarteko Folklore jaialdia antolatzen jarraitzen dugu; aurten, 30 urte beteko ditu». Abuztuko jaialdian Ibizako, Mexikoko eta Galiziako dantzariak izango dira Bermeon. Galiziarrak, jaialdiko lehenengo edizioan egon ziren, eta 30. urteurrenean ere parte hartuko dute.

Mutilen gabezia

Alkartasuna Dantza Taldea

Alkartasuna Dantza Taldekoak, iazko urteko ekitaldian. Argazkia: Alkartasuna Dantza Taldea

Nagusien taldean, gehienez, 60 lagun egon izan direla azaldu du San Pedrok. Normalena, baina, 40 inguru egotea dela dio, «kopuru horretan gabiltza azken urteetan». Umeen taldean, aldiz, «gorabehera askoko» urteak daude: «20-30 ume inguruko sasoiak eduki ditugu. Egun, hala ere, 90 ume inguru daude».

Arazorik larriena, mutilekin izaten dute: «Gaur egun nagusien taldean gauden gehienok beteranoak gara, gazteak gutxi batzuk dira. Umeen taldean nahikotxu daude, baina nagusien taldera jauzia ematea zaila izaten da, beste gauza batzuk egitea aukeratzen dutelako». 40. urteurrena ospatzen ari direla-eta, dei berezia egin die mutilei, eta taldean ibilitako baten bat bueltatu dela dio.

Herri askotako dantza taldeetan mutil barik geratzen ari dira: «Leku berezietan, Gipuzkoako Zumarragan edota Tolosan, esaterako, egun berezietan herrietako dantzak egiteko, mutilen faltan neskek egiten dituzte. Aukera hori ere badago, baina pena bat da».

Urteurrena ospatzeko antolatutako jardueren baitan, bestalde, uztailaren 16an urteko dantza ekitaldian parte hartzera gonbidatu dituzte dantzari ohi guztiak. «Jaialdi berezia izango da eta jendea animatzen ari da. Ea ekitaldi horretatik norbait gehiago animatzen den taldean geratzeko», dio. Irailaren 24an, berriz, Kasinoan egingo dute bazkari berezia, eta egun hori ere, orain arte taldean parte hartu duten dantzari eta musikariekin ospatu gura dutela azaldu du. Orain arte ere, urteurrena ospatzeko zenbait jarduera egin dituzte; martxoan, esaterako, umeen kalejira eta mosaikoa egin zituzten.

Alkartasuna Dantza Taldeko zenbait dantzari. Argazkia: Alkartasuna Dantza Taldea

Alkartasuna Dantza Taldeko zenbait dantzari. Argazkia: Alkartasuna Dantza Taldea

Urteurrena ospatzeko egitaraua:

Bihar. Umeen urteko ekitaldia, Artza frontoian.
Ekainak 12. Busturialdeko ume eta gaztetxoen dantzari eguna, Bermeon.
Ekainak 23. San Juan bezpera.
Uztailak 16. Urteko ekitaldia. Aurtengoa berezia izango da. Dantzari ohiek ere parte hartzeko aukera izango baitute.
Abuztuaren 11tik 16ra. 30. Nazioarteko Folklore jaialdia. Ibizako, Galiziako eta Mexikoko taldeek parte hartuko dute.
Abuztuak 25. Bilboko ekitaldia.
Irailak 3. Ekitaldia berezia Erraldoien konpartsagaz (10.urteurrena) etaBermeoko abesbatzagaz (60 urte).
Irailak 8. Lehenengo Andra Mari Eguna, Almikako ekitaldia.
Azaroak 5. Busturialdeko dantzari nagusien eguna, Bermeon.

Dokumentuaren akzioak