Dokumentuaren akzioak
«Alemaniako publikoari zor diot dantzan jarraitzeko aukera izatea»
Alicia Amatriain, dantzaria
Alicia Amatriainek (Donostia, 1981) Marius Petipa eta Lev Ivanoven Beltxargaren aintzira interpretatu zuen, atzo, Lituaniako Ballet Nazionalarekin, Bilboko Euskaldunan. Bilbao Ballet elkarteak antolatu zuen emanaldia, atzerrian behar egiten duten euskal dantzarien lana erakusteko helburuarekin. Eta Igor Yebra izan zuen lagun oholtzan Amatriainek. 14 urte zituenean joan zen Alemaniara. John Crankoren eskolan hasi zen 1995ean. Eta handik hiru urtera koreografo alemaniarraren konpainian hasi zen.
Birritan baino ez duzu izan Euskal Herrian dantzatzeko aukera. Iaz Donostian aritu zinen, eta oraingo honetan, Bilbon.
Ohore bat da niretzat etxean dantzatzea. Iaz Donostiara etorri nintzenean, poz-pozik nengoen, baina aldi berean, ikaratuta. Nire senideak, umetako lagunak... Publikorik zailena da niretzat, zorrotzena. Edozein akats barkatuko didatela badakit, baina ez dut aukerarik izaten haientzat dantzatzeko, eta halakoetan dena eman nahi diet.
Hamahiru urte itxaron behar izan dituzu hemen dantzatzeko. Ez al da gehiegitxo?
Denbora asko da, bai. 1994an joan nintzen Alemaniara, eta iaz arte ezin izan nintzen etxean dantzatu. Ez dakit zeinen ardura den, baina euskal dantzari asko daude munduko hainbat herritan lanean, puntako konpainietan, eta ezin izan dira sekula etxean dantzatu. Ez da bidezkoa.
Eta nola iritsi zara Bilbora?
Igorrek [Yebra] telefonoz deitu ninduen, eta berarekin eta Lituaniako Ballet Nazionalarekin Beltxargen aintzira interpretatzeko gonbita egin zidan. Ez genuen elkar ezagutzen. Nor zen banekien, jakina; dantzari oso ezaguna da. Baina ez nuen harremanik berarekin. Ideia ezin hobea iruditu zitzaidan berarekin dantzatzea, non eta gure herrian. Stuttgarten entseatu genuen obra, hiru egunetan.
Lituaniako Ballet Nazionalarekin eman duzu Beltxargen aintzira. Zaila da zurea ez den beste talde batekin lan egitea?
Ez da erraza, ez. Baina ez dut arazo berezirik izan, beltxargaren papera niri dagokidalako, eta obran ez ditudalako eszena asko partekatzen konpainiako gainerako dantzariekin. Hala ere, ikasi behar izan ditut zenbait gauza, inorekin talka ez egiteko.
Zer iritzi duzu Bilbao Ballet elkartea egiten ari den lanaz?
Pausoz pauso egin behar dira gauzak, eta elkarteak ondo daki hori. Pixkanaka-pixkanaka, lan handia egiten ari dira. Oso lan baliagarria. Ez da elkarte profesionala; dantza zaleek eratu dute. Miresgarria iruditzen zait hartu duten erabakia: «Inork ez al du euskal dantzarien alde lan egingo? Bada, geuk egingo dugu», esan dute.
Elkarteak ekainaren 10ean eta 11n egingo duen galan parte hartuko duzu, halaber. Zer eskainiko duzu?
Nire konpainiako dantzari batekin ariko naiz, Jason Reilly kanadarrarekin. Oraindik ez dugu batere argi zer interpretatuko dugun; Christian Spucken Le Grand pas de deux obra komikoa, ziurrenik, eta oraindik zehaztu ez dugun beste pieza bat.
Hamahiru urte daramatzazu lanean Stuttgarten. Alemaniako publikoak ondo ezagutzen zaitu. Zer giro dago han dantzaren inguruan?
Alemaniako publikoak hazten ikusi nau. Eskolan nengoenetik konpainian hasi arte jarraitu nau. Nire bolada onak eta txarrak ezagutu ditu. Eta beti ondoan sumatu dut. Dantzan jarraitzeko aukera izatea zor diot. Antzokiak beteta daude beti Alemanian. Eta errespetu handia diete dantzariei. Badakite lan handia egiten dugula, eta obraren bat ez bazaie gustatzen, koreografoa kritikatzen dute.
Zer da zuretzat Stuttgarteko Balleteko dantzari nagusia izatea?
Zoragarria. Baina bidea ez zen erraza izan. Lehia handia dago, eta jendeak zail jartzen dizu. Horrelakoetan, balio duzula erakutsi behar duzu. Eta behin horretara iritsita, jendea prest dago zu laguntzeko. Ni ere saiatzen naiz konpainiako dantzariei laguntzen, rol berriak nola interpretatu irakasten.
Iaz sari bi jaso zenituen: Etorkizun Saria Alemanian eta Artista Berri Onenaren Saria Gipuzkoan. Goranzko ibilbidea egiten ari zarela erakusten dute...
Bai. Eta atsegin handiz jaso nituen. Baina niretzat garrantzitsuagoa da jakitea egiten dudana publikoari gustatzen zaiola. Jendeari une atsegina pasaraztea interesatzen zait. Ezin diet gehiago eskaini; soilik dantzarekin gozatzea, negar egitea, barre egitea...
Aurten zure irakasle izandako Peter Brown eta Agueda Sarasua saritu ditu Profesionalen Gipuzkoako Elkarteak dantzari eginiko ekarpenagatik. Nola gogoratzen dituzu beraiekin eman zenituen urteak?
Bazen garaia norbaitek egin duten lana aitortzeko. Niri hona iristeko oinarririk onena eman zidaten. Eta Donostian ezin izan nuenean dantzari gisa hazten jarraitu, Alemaniara joateko aholkatu zidan Peterrek [Brown], Stuttgartera edo Hanburgora.
Dokumentuaren akzioak