Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Alegia dantzan jarriko da

Dokumentuaren akzioak

Alegia dantzan jarriko da

Sutarri Eguna antolatu du Alegiako Sutarri Dantza Taldeak igande honetarako; taldekoak dantzan ariko dira eta herritar guztiei egiten diete gonbidapena festan parte hartzeko.

Komunikabidea
Tolosaldeko Ataria
Tokia
Alegia
Mota
Albistea
Data
2016/04/21
Lotura
Tolosaldeko Ataria

Bigarren Sutarri Eguna antolatu du iganderako Sutarri Dantza Taldeak. Aurrekoa orain bi urte egin zen eta orduan bezala, herritar ugari dantzan jartzea dute asmoa. Taldearen batzordeko kidea den Marta Iraolak azaldu duenez, «hasieran Dantzari Txiki Eguna antolatzen genuen. Beste herrietako dantzari txiki egunetan parte hartzen genuen eta gurera ere beste herrietakoak gonbidatzen genituen. Gero pentsatu genuen egokiagoa zela dantza egun bat antolatu eta Sutarriko talde guztiek parte hartzea, eta herritar guztiei ere festan parte hartzera gonbidatzea».

Asmo horrekin ekin zioten lehenengo Sutarri Egunaren antolaketari, eta ideia horrekin jarraitzea pentsatu dute, eta igandean izango da bigarrena. «Urtero egiteko lan asko izango zela pentsatuta, erabaki zen bi urtez behin egitea», zehaztu du Iraolak.

Helburua berdina da, Iraolaren esanetan: «Taldekide guztiek harremana izatea, bai guraso eta baita dantzariek ere, eta aitzakia horrekin haurren gurasoek parte hartzen dute ekitaldi guztietan». Entsegu batzuk antolatu dituzte, baina ez dira guraso asko animatu. «Hala ere, dantza errazak direnez, nik uste dut jendeak parte hartuko duela. Erromerian ere izango da dantza egiteko aukera. Egia esan orain bi urte jendeak oso ondo parte hartu zuen, eta espero dugu aurten ere horrela izango dela».

Ehun dantzari taldean

Goizean kalejirarekin hasiko dira, eta gero bazkariarekin jarraituko dute. Arratsaldean erromeria izango da. Bazkarian, esaterako, 150 pertsona inguru elkartuko dira.

Ehun dantzari inguru daude egun Sutarrin, 6 urtetik hasi eta 60 urte arte, zazpi taldetan banatuta. Igandeko kalejirako pentsatu dutena azaldu du Irati Garmendia irakasleak: «Gaia Euskal Herriko inauteriak izatea erabaki genuen eta horren arabera dantza batzuk pentsatzea. Adin tarte guztiak kontuan hartuta dantza erraz batzuk egitea pentsatu genuen». Lantzeko eta Altsasuko inauteriak, fandango eta arin arinak, eta kalejirak egingo dituzte.

Prestaketak ondo doazela esan du Eneritz Ugartemendia irakasleak: «Denbora tarte batez entseguak egiten aritu gara. Haurretatik ikasten diren dantzak direla kontuan izanik, zaharrenen taldeekin ia-ia ez dago entsegurik egin beharrik».

Dantzarientzat igandekoa «festa eguna» dela esan du Ugartemendiak, «eta horrela hartzea da onena. Aurten gazteen taldekoei funtzio berezi bat jarri diegu: pertsonai moduan sartu ditugu kalejiran giro pixka bat jartzeko».

Larraitz Balerdi da gazteen taldeko dantzarietako bat: «Bi taldetan banatu gara eta batzuk zaku zaharren pertsonaia eta besteek ardi buruarena egingo dute». Sutarri Eguna gazteentzat motibazioa dela dio Balerdik: «Ondo pasatzen dugu, dantza egiten gustura aritzen gara eta». Aurtengo denboraldia mugitua izan dute gazteek, Bizibiziki emanaldia eskaini baitzuten martxoan. «Justu ibili ginen prestatzen, baina bukaeran oso ondo atera zen eta oso gustura geratu ginen emanaldiarekin», esan du Balerdik.

Helduen taldean 25 urtetik 60 urte bitarteko dantzariak elkartzen dira. Bertan aritzen da Marta Iraola, eta taldearen sorrera nola izan zen azaldu du: «Guraso batzuen artean komentatzen hasi ginen ea zergatik ez ginen gu ere dantzan hasten. Orduan irakasle zegoenak berak animatu gintuen eta horrela hasi ginen. Eta urte batzuk badaramatzagu, eta oso gustura ari gara». Igandean beste talde guztiekin batera dantzan ariko dira, eta animatzen dituzte beste gurasoak eta herritarrak ere parte hartzera.

Dantza tailerreko saioa

Aurten ere dantza tailerra osatu dute Sutarritik, hiru eta sei urte bitartekoentzat, eta espero baino haur gehiago ari dira parte hartzen, 25 guztira. «Oraingoz oso ondo doa, haurrak oso ondo ari dira dantzak ikasten, eta gustura gaude», esan du Ixone Urkiri dantza tailerreko irakasleak.

Pirritx eta Porrotxen dantza batzuk eta orpo-punta dantzak ikasten dituzte tailerretan. Ikasitakoarekin saioa emango dute hurrengo astean, apirilaren 28an, 18:00etan, kultur etxean. «Bi taldetan banatu ditugu haurrak, adinaren arabera, eta dantza bat denek batera egingo dute eta gero taldetxo bakoitzak bi dantza egingo ditu», esan du Urkirik.

Aurten bigarren aldiz antolatu dute tailerra, eta iaz baino haur gehiagok eman dute izena bertan. «Gustura dauden seinale», esan du Urkirik. Sei urte betetzerakoan normalean dantza talderako pausoa emango dute, beraz, harrobia lantzen ari dira tailer horren bitartez Sutarri Dantza Taldekoak.

EGITARAUA

Apirilak 24, igandea

11:15. Kalejiran dantzariek hainbat dantza eskainiko dituzte herrian zehar.

14:00. Herri bazkaria kultur etxean.

16:00. Erromeria.

Dokumentuaren akzioak