Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Aldatzen ez den tradizioa desagertu egiten da"

Dokumentuaren akzioak

"Aldatzen ez den tradizioa desagertu egiten da"

Emakumeek euskal dantzetan berdintasunean parte hartu ahal izateak euskal festa eta tradizioa "hobetu eta sendotu" egiten dituela uste du Joseba Altube Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakariak
Egilea
Marta Goikoetxea
Komunikabidea
El Correo
Mota
Albistea
Data
2015/04/26
Lotura
El Correo

Emakumeen parte hartzea indartuz doa gizarteko esparru guztietan, eta gauza bera gertatzen ari da Euskal Herriko ondasun kultural garrantzitsuenetan ere. Jakina da eta frogatua izan da datu historikoei esker, betidanik emakumeak subjektu aktibo izan direla dantza tradizionalean. Besteak beste, Christoph Weiditzen grabatua (1529), Durangoko 'Pontxera' (1806), edota Iztuetaren 'Guipuzcoaco dantzac' liburua (1824) aipa ditzakegu. Hala ere, tradizioa modu zabalean ulertu daitekeen hitza da eta tradizioaren argudioak askotan utzi ditu emakumeak plazatik kanpora. "Aitzakia horiek oker daude. Folklorea eta dantza tradizionala bizirik daude. Tradizioak aldatu egiten dira bizirik irauteko. Beraz, aldatzen ez den tradizioa desagertu egiten da", ziurtatu du Joseba Altube Euskal Dantzarien Biltzarreko (EDB) lehendakariak.

Gaur egun, emakumeari Euskal Dantzan dagokion tokia pil-pilean dagoen eztabaida da. Ildo horretatik, aipagarria da baita ere, azken urteotan berdintasuna lortzeko eman diren aurrerapausuak nabarmenak izan direla, baina oraindik "Euskal Herriko eskualde" zehatz batzutan ohiturak aldatzearen kontra daude eta emakumeen parte hartzea ez da guztiz bermatzen. "Orokorrean aldaketa era naturalean ematen ari da Euskal Herri osoan. Dantza tradizionala eta dantza taldeak gizartearen isla dira eta gizartea aldatzen den heinean dantza tradizionala ere aldatuko da. Badaude toki konkretu batzuk joan den mendeko ikuspuntuari gogor eusten diotenak, baina ez nuke esango Euskal Herria mailan gatazkarik dagoenik", adierazi du Altubek.

Joseba Altubek urtebete darama EDBko buru legez eta bizitza erdia baino gehiago folklorearen eta dantza tradizionalaren munduan. Beraz, oso gertutik ezagutzen du emakumeak esparru kultural honetan gaur egun duen pisua. "Nik ordezkatzen ditudan dantza talde asko emakumeek gidatuak dira. Beraz, euren papera ezinbestekoa da. Euren lanik gabe dantza tradizionala kinka larrian egongo litzateke. Emakumearen presentzia gero eta nabarmenagoa da bai erritualetan eta bai dantza taldeek antolatzen dituzten ikuskizunetan", aitortu du adituak.

Halaber, badira zenbait leku non emakumeek dantza tradizionalean parte hartu dezaketen "normaltasun osoz eta inolako istilurik gabe". Euskal Herriko iparretik hegora eta ekialdetik mendebaldera ematen ari den joera dela ziurtatu du eta adibide gisa, "Zuberoa, Eskuernaga, Lanestosa, Deba, Tolosa, Legazpi, Kortes, Cabanillas eta Bera" herriak aipatu ditu.

Janzkeraren kezka

Edonola ere, gizonezkoarekin alderatuta, oraindik egiteko asko dago. Altuberen esanetan, "momentu honetan gakoa ez da emakume dantzarien kopurua, orokorrean gizonena baino handiagoa baita, euren jendaurreko agerpenak urriagoak direla baizik. Baina hau ere normaltasun osoz aldatzen doa eta bereziki azken hamar urteotan aurrerapausu itzelak eman dira. Mutilek bakarrik dantza egitetik, talde mixtoak arazorik gabe sortzera igaro da egoera eta edozein dantza mota aurrera eramaten dute". Horrela, euskal tradizioetan emakumeek berdintasunean parte hartu ahal izateak festak eta tradizioak "hobetu eta sendotu egiten ditu" Altuberen ustez.

Emakumeek eta gizonek elkarrekin dantza saioak plazaratzeko orduan beste kezka bat sortzen da: nola jantzi generoaren berdintasuna bermatzeko. "Janzkerari dedikazio berezi bat ematen zaio. Leku askotan erritualezko jantziak erabiltzen dituzte. Horrela, dantzariak dira nahiz emakumea edo gizona izan. Batez ere dantza edo koreografiaren ezaugarriak eta dantzariek behar duten erosotasuna hartzen dira kontutan. Egokitasun prozesu bat egon behar da", azaldu du.

Etorkizunera begira, euskal dantzan eta generoaren inguruan sortzen den eztabaida "guztiz beharrezkoa" dela uste du lehendakariak. Hala eta guztiz ere, Altuberen aburuz, "aldaketak tokian tokiko eragileek bultzatu behar dituzte". Zentzu horretan, "euskal dantza tradizionalak, emakumeak gizartearen beste arlo guztietan daukan presentzia sustatzea lortzen ez badu, gizartetik kanpo geratuko da", azpimarratu du. Hori bai, aldaketaren bidea herri bakoitzak jorratu beharko du; kanpoko eragileen eragina "kaltegarria" izan daitekeela uste du eta. 

Bi dantzari gazte, emanaldia hasi baino lehen.

Bi dantzari gazte, emanaldia hasi baino lehen. / BLANCA CASTILLO

Dokumentuaren akzioak