Euskal dantzek indar berezia izan dute betidanik Euskal Herrian. Komunitatea sortzeko eta herria bizirik dela aldarrikatzeko balio izan dute, baina, urtetik urtera, haien balioa galduz joan da pixkanaka-pixkanaka. Egoera hori iraultzeko asmoz, urte osorako ekitaldi andana prestatu du Getxoko Itxas Argia dantza taldeak. 60 urte bete ditu aurten, eta herrian ikusgaitasuna berreskuratzeko baliatu nahi dute urteurren biribila, beste kontu batzuen artean. Euskal dantza tradizionala izan du oinarri taldeak hasierako garaietatik gaur egunera arte.
Frankismo garai bete-betean sortu zuten Itxas Argia dantza taldea, 1964. urtean. Julen Lamberto taldeko kideak kontatu duenez, Getxoko Andra Mari auzoko Zuazo tabernan hasi ziren elkartzen hasiera hartan, klandestinitatean: «Hasierako urte horiek ez ziren batere errazak izan, errepresio handia zegoen, eta ezkutuan batu behar izaten zuten». Paulino Azkue aritu zen orduan irakasle lanetan.
Taldea sortu eta urtebetera egin zuten lehendabiziko emanaldia; maiatzaren 15ean, hain zuzen ere. 1968an, berriz, taldeak txistularia lortu zuen, eta, horrekin batera, «indarra eta presentzia» hartzen hasi ziren herrian. Emakumezkoak urte batzuk geroago batu ziren taldera, baina «maila baxuago batean» geratu ziren, Lambertoren hitzetan: «Gizonezkoek eta emakumezkoek banatuta entseatzen zuten, eta dantza emanaldi gehienetan gizonezkoak ziren nagusi». Egun, baina, bestelako errealitate bat bizi du dantza taldeak: «Emakumezkoak kide gehiago dira, nabarmen».
Inplikazio gehiago
Adin guztietako ehun dantzaritik gora daude egun Getxoko Itxas Argia taldean. «Komunitate handi bat gara», nabarmendu du Lambertok. Dantza taldeaz gainera, larunbatero ikastaroak ematen dituzte euren lokalean: «Horiek ez dute dantzaldi ofizialetan parte hartzen; erromerietan dantzatu nahi dutelako etortzen dira gehienbat».
Otsailaren 23an egin zuten 60. urteurreneko lehendabiziko ekitaldia, Bentan: «Oso ongi joan zen, oso giro alaia sortu zen». Urtemugaren hasiera ekitaldi horren ondotik, baina, beste hainbat ekitaldi egingo dituzte urte osoan. Besteak beste, asteburupasa bat, dantzaldi bat Getxoko beste elkarte batzuekin elkarlanean, kalejira «erraldoia», Urteak ginela hasi... dokumentalaren aurkezpena eta Itxas Argia dantza taldearen abestiaren aurkezpena.
«Berez, 60. urteurrena ez da oso biribila, baina euskal dantzaren egoera zaurgarria aldarrikatzeko aitzakia gisa baliatu nahi izan dugu».
JULEN LAMBERTOGetxoko Itxas Argia dantza taldeko kidea
Getxon euskal dantzaren egoera «osasuntsu» dagoela uste du Lambertok, baina kezka ere adierazi du: «Dantza taldeak egon badaude, eta eskaintza oparoa da. Udalaren aldetik, baina, ondo legoke inplikazio handiagoa izatea; kasu batzuetan garrantzi gutxiago dugula iruditzen zait». Gaineratu du ez dakiela horren arrazoia zen den: «Lehen, presentzia handiagoa genuen herrian, jendea erakartzea errazagoa zen… baina, apurka-apurka, galduz joan da hori».
Hein batean, horregatik ari dira urteurrena ospatzen: «Berez, 60. urteurrena ez da oso biribila, baina euskal dantzaren egoera zaurgarria aldarrikatzeko aitzakia gisa baliatu nahi izan dugu».