Dokumentuaren akzioak
Aldaketa urtea
Antzerki eta dantza kritikaria
Nik behintzat, ez dut lehenengo begiradan aldaketa handirik antzeman:
jaialdiaren izaera eklektikoari jarraiki, denetariko estiloak egon
dira, balet klasikotik hip-hop-era eta antzerki-dantzatik estilo
garaikideraino. Euskal Herriko konpainiak hiru izan dira -Maritzuli,
Ertza eta Kukai-Tanttaka-, eta euskarak ere bere lekua edukitzen
jarraitu du saioen aurreko aurkezpen grabatuetan eta programazioaren
liburuxkan. Gainera, eta betiko erara, Biarritz Cultureko giza taldeak
efikazia handiz eraman du guztia, profesionaltasuna eta poza elkarren
lagun zituela.
Begirada sakonago batean, ordea, aldaketarik handiena da
Malandainek koreografo bezala dauzkan kontaktuak baliatu dituela
konpainia handi batzuk -Dansk Dans Teater, Suediako Operako
Errege-Baleta eta Nederlands Dans Theater 1...- Miarritzera ekartzeko,
jaialdiaren kategoria igoarazi nahian edo. Kontrako platerean, aldiz,
bazter utzita geratu dira Claverieren garaian etortzen ziren munduko
hegoaldeko proposamen aberasgarriak, eta hori galeratzat jo behar dugu,
ezinbestean. Bestetik, aurten nabaria izan da programatu diren lan
askok testuen eta dantzaren arteko harreman emankorra azaleratu dutela -2nd Person, Pousse-toi, Hnuy Illa, Io sono Je suis Ich bin, Kridt, Shadowland...-, eta arlo berean kokatu behar ditugu dantzaren notazioari buruzko erakusketa eta gaiarekin lotutako hitzaldiak.
Lehen aipatu bezala, zuzendari artistiko berriak ahalegin
berezia jarri du sona handiko europar konpainietan, eta Nederlands Dans
Theater 1ek Gare du Midi bete zuen jaialdi amaierako emanaldian. Izan
ere, zaletu askok ikusiak genituen konpainia bereko 2. eta 3.
formazioak, baina lehena ez, eta Lightfoot Leon, Cristal Pite eta Jiri
Kylianen egitarau hirukoitzean zehar keinu aberastasun itzela,
sakontasun handiko eszenatokiak, muturreko abstrakzio maila,
sujeritzeko gaitasun bikaina eta ideia koreografiko zaparrada mardulak
jaso genituen hiru koreografo handien ideietatik eta maila
sinestezineko dantzariengandik.
Dokumentuaren akzioak