Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aldaketa Axeri dantzako buruzagitzan

Dokumentuaren akzioak

Aldaketa Axeri dantzako buruzagitzan

Aurtengo edizioan ez da Xato Irazu buruzagi lanetan arituko, Izaskun Beraza baizik. Bi protagonistek aldaketaren arrazoiak eskaini dizkiote Aiurri astekariari.
Egilea
Xabier Lasa
Komunikabidea
Aiurri
Tokia
Andoain
Mota
Albistea
Data
2019/06/24
Lotura
Aiurri

Aldaketa Axeri dantzako buruzagitzan

Buruzagitza estreinatuko du Axeri Dantzak, aurtengo San Juan jaietan. Izaskun Berazak estrainekoz hartuko du ardura hori, Xatonio Irazuren lekukoa hartuz. Urduritasun puntua kendu ezinik dagoela aitortu arren, esanahi handiko zeregin horri ilusioz beterik helduko diola adierazi du Berazak.

Lizar Makil dantza taldeak Axeri Dantza Adunan eta Andoainen 1978an berreskuratu zuenetik, Juantxo Arregi izan zen hainbat urtetan buruzagia. 2009an agur esan zion buruzagi edo kapitain izateari, eta Katto Amilibia zenak hartu zuen lekukoa. Hiru ediziotan (2010-2012) hartu zuen parte Amilibiak; 2012ko uztailean zorigaitzeko mendi istripu batean zendu zen.

Xato Irazu etorri zen hurrena. “Katto izendatu zen garaitik guztiok ere argi geneukan sinbologia handiko kargu hori inork ezin zezakeela hartu betiko. Nik bete dut sei urteko aroa (2013-2018), eta bazen garaia ardura hori beste dantzari bati eskaintzeko”. 

Mendeetan atzera, sustrai sendoko tradizioa izan da Axeri Dantza. Gipuzkoako hainbat lekutan, eta Beterri aldean ere, Aita Larramendik gogorarazi zigun bezala. Diztira handiko erritualtasuna, sinbologia eta errepresentazioa daukan dantza da, euskal dantzen solemnitatea eta dibertsiorako joera bikain uztartzen dituena.

Irazuk dantza horren buruzagi edo kapitain izateko ardura izan du: “Erantzukizuna eta seriotasuna eskatzen duen postua da, eta horrexegatik, pertsonalki erne eta tentuz ibiltzea egokitu izan zait. Bereziki lehenengo hiru urteetan. Beti behar den tentsio puntua galdu ez arren, lasaiagoak eta gozatzeko modukoak izan dira azken hirurak”. 

Adostutako izendapena

Axeri Dantzaren talde eragileak eztabaida prozesua ireki zuen 2018an, dantzari guztiekin batera, 2019tik aurrera buruzagi berria erabakitzeko. “Iritzi trukaketa eman zen, eta buruzagia zenbait irizpide edo ezaugarriren arabera izendatu behar zela adostu genuen; hala nola, dantzan zehar egokitzen diren dantza guztiak jakitea (zortzikoa, desafioa...), eskarmentua, dantzako kide guztiekiko enpatia, dantzariak batzeko gaitasuna, inplikazioa, erreferentzialtasuna, dinamikoa, irekia bezain zorrotza izatea..."

Zenbait dantzari izendatu ziren hautatze prozesuan zehar, eta azkenik denen artean Izaskun Beraza hautatu zuten. Beraza konstziente da Goikoplazan, San Juan egunean eta eguerdiko 12:00etan, berarengana bidera litezkeela ikusleen begiratu gehienak; batetik, buruzagi berria aurkeztuko delako. Eta bestetik, aurreneko aldiz emakumezkoa izango delako. “Erantzukizun handia dakar berarekin karguak; errespetua bezainbat poza eta harrotasuna eragiten dit, eta arduraz jokatzen saiatuko naiz biziki”. Berazak aitortu du ekainaren hasieran lehenengo entseguetan murgildu ahala urduritasun pittin bat sentizen hasi zela. “Baina Goikoplazan gerriko beltza eskuan hartu eta oinak dantzan jarri bezain pronto, seguru naiz uxatuko zaizkidala gorputzeko dardarizo guztiak. Azken batean, atzean talde eragilearen babesa eta lana sentitzen ditut, eta dantzariak ere konpromiso handia erakusten ari dira. Erabateko konfiantza transmititzen didate, guztiek ere”.

Prozesu naturala 

Buruzagi berria eduki arren, aspaldian heldutako bideari eutsiko dio Axeri Dantzaren talde eragileak. Berazaren iritziz, “Lizar Makil dantza taldetik zetozen kideek lan eskerga burutu zuten ia mende laurdenez Axeri Dantza berreskuratuz eta mantenduz. 2000. urtean talde eragileak hartu zien lekukoa. Prozesu natural batean kokatu behar da geroztik dantzak bizi izan izan dituen aldaketak, garai berrietara egokitzeko ahaleginean. Axeri Dantza dantza parekidea izatea erabaki zen 2000. urtean, eta ondorengo urteetan, besteak beste, Soka dantza ere parekidetu, laburtu eta Axeri dantzan txertatu da".

Garai berrietara moldatzeko prozesu horren azken urrats gisa har liteke buruzagia emakumea izatea.

Kultur transmisioa 

Aldaketak aldaketa, Berazak zein Irazuk Axeri Dantza betetzen ari den zeregina azpimarratu dute: “Elementu bikaina da kultur transmisioari begira. Urtez urte, gazte ugari erakartzen duen dantza da. Bestelakoan plazan dantza egiten ez duten hainbat gazte eta heldu Andoaingo tradizioan sustraitzen den usadio batean inplikatzea lortzen da. Sanjuanak eta euskal tradizioak modu aktibo eta dibertigarri batean bizitzea eskaintzen die Axeri Dantzak, eta balio hori eskertzen dute parte-hartzaileek. Gainera, azken urtetan gazte jendea talde eragilera batzen ari da, eta pozik adieraz dezakegu Axeri Dantzak urte mordoska baterako etorkizuna ziurtatuta daukala”.

Dokumentuaren akzioak