Dokumentuaren akzioak
Alboka Umezurtz
Silbestre elezkano 'txilibrin' albokari bizkaitarra zendu da; Eskola zaharreko euskal albokarien belaunaldiko azkenetakoa
Hainbat disko grabatu zituen euskal musikan alboka jotzaile gisara egin zituen ia 75 urteetan. Antologia del folklore musical en España (1960), Antologia de instrumentos Autoctonos de Euskal Herria (1968) eta Mikel Urbeltzekin batera grabatu zuen Berrizko itsuari (1995) dira horietako batzuk. Lan bikainak. Egungo albokari gazteentzat oinarrizko ondarea. Euskararekin gizon konprometitua; Iparraldeko ikastolen alde makina bat emanaldi eskaini zuen Pantxoa eta Peiorekin, 60ko hamarkadan. Euskal Herritik kanpo hedatu zuen euskal kultura eta alboka musika tresna. 70eko hamarkadan, Olaeta Basque Festival of Bilbao baletarekin AEBetako 23 estatuetara zabaldu zuen Euskal Herria. Eta alboka. 1987an Tomas Uriarte, Fernando Ramos eta Pantxoa eta Peiorekin batera, Argentinan, Uruguain eta Brasilen egon zen Txilibrin zena. Bere albokarekin hamaika bidaia egin ondoren, egia zirudien usteak kezkatzen zuen Txilibrin: «Euskal folkloreak arrakasta gehiago izan du gure mugetatik kanpo, atzerrian, Euskal Herrian baino».
«Alaia, komunikatzaile ona eta trebea zen», Ibon Koteron albokariaren hitzetan. «Agertokian ondo baino hobeto adierazten zuen albokarekin sentitzen zuena; zer zen berarentzat alboka, eta zer sortzen zuen albokarekin. Eta alaia zen oso. Indar handia zuen. Baita trebezia ere: dantza egiteko, panderoa jotzeko, kantatzeko, alboka jotzeko... oso abila zen berean». Albokari ez ezik albokagile ezin hobea ere bazen; 2.000 alboka inguru egin ditu bere bizi osoan.
Txilibrini zor diogu orain zenbait hamarkada galtzear zegoen alboka euskal musikarentzat suspertu izana. Egungo albokari gazteen eta Txilibrinen sasoiko albokarien artean ez da belaunaldirik ageri. Lan mardula egin zuen albokaren amaiera ekiditeko. Ibon Koteron bera maiz hartu zuen bere Bilboko etxean. «Gure maisua izan zen, gure eredua». Txilibrinek 75 urteren buruan grabatutako lanak eredu dira gaur egun albokarekin harremana egonkortzen duten musikarientzat. «Koplak, jotak... Pieza asko menderatzen ditugu bere diskoei esker». «Estilo berezia zuen albokarekin; eskola bateko jotzeko modua, alegia, baina bera zen bakarra. Leon Bilbaok lantzen zuenarekin aldea zuen Txilibrinenak».
Zazpi hamarkada luzean eginiko ibilbide oparo eta sonatuak aski merezitako omenaldi bat baino gehiago eman dizkio bizkaitarrari. 1998an, Bilboko Kafe Antzokiak eta Arriaga antzokiak gainezka egin zuten albokaren Bizkaiko figura entzutetsu bezain esanguratsuari eskainitako ekitaldietan. Txilibrin I Omenaldia diskoa grabatu zuten Mariano Barrenetxeak, Joseba Uriak eta Ibon Koteronek beste musikari askorekin. Osasun arazoak izanik ere, agertokira batzeko parada izan orduko bizitu egiten zen Txilibrin. 1995ean Mikel Urbeltzek sortutako Berrizko itsuari diskoan hartu zuen parte.
Txikitatik albokaren maitale
Alde bietara nabarmen luze zuen Txilinbrinek bibotea. Bizkaian oso estanpa ezaguna osatu zuen bere bibote luzearekin, baina jakina, ume ere izan zen, eta umetatik, musikazalea. Hamar urte zituela, osaba zuen Inazio Uribarrirekin hasi zen panderoa eta alboka jotzen; 40ko hamarkadan igo zen aurrenekoz oholtza batera Beti Alai eta Dindirri taldeetako albokari gisa. Pandero eta alboka lehiaketa ugaritan hartu zuen parte, baita txapel asko erdietsi ere. 1954an grabatu zuen bere lehen diskoa: Antologia del folklore musical en España (1960). Hamarkada hartan sortu zuen Beti Jai Alai taldea. Kepa Junkerarekin La tradicion musical en la Cornisa Cantabrica grabatu zuen, 1992an.
Dokumentuaren akzioak