Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Alboka gertu sentiarazi nahian

Dokumentuaren akzioak

Alboka gertu sentiarazi nahian

Andra Mari dantza taldeak antolatuta, Euskal Herriko Alboka Eguna egingo dute bihar, Galdakaon. Albokaren historia ezagutarazi nahi dute.
Egilea
Iraia Vieira Gil
Komunikabidea
Berria
Tokia
Galdakao
Mota
Albistea
Data
2025/05/16
Lotura
Berria

Andra Mari dantza taldeak antolatutako Alboka Egunaren aurkezpena, maiatzaren 9an. Ezkerretik hasita, Edurne Espilla Galdakaoko Kultura zinegotzia, Manu Gojenola idazlea, eta Asier Balentzia eta Ibon Askargorta elkarteko kideak. ANDRA MARI DANTZA TALDEA

Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak antolatutako Alboka Egunaren aurkezpena, maiatzaren 9an. Ezkerretik hasita, Edurne Espilla Kultura zinegotzia, Manu Gojenola idazlea, eta Asier Balentzia eta Ibon Askargorta elkarteko kideak. ANDRA MARI DANTZA TALDEA

Alboka bat da Galdakaoko Andra Mari dantza taldearen ikurra. Mariano Barrenetxea musikari eta ikertzaileak tresna horren inguruan egin zituen ikerketen omenez hautatu zuten alboka. «Mariano dantza taldeko kidea izan zen hastapenetan, eta, alboka desagertzear zegoela, garrantzi handiko ikerketak egin zituen musika tresna hori gal ez zedin», esan du Jon Eguskiza Andra Mariko kideak. «Gainera, alboka irakasten zien dantza taldeko kideei, eta Galdakaoko herritarren artean albokarekiko zaletasuna sustatu zuen». Hain justu, musika tresna horrek Euskal Herriko folklorean eta historian izandako eragina gogora ekartzeko, Euskal Herriko Alboka Eguna antolatu du Andra Marik. Bihar egingo dute, Galdakaon, eta egitaraua zabala izango da. 

Albokarien topaketa batek emango dio hasiera egunari, 11:30ean, Kurtzeko plazan. «Albokari guztiak biltzeko tartea izango da, eta hainbat produktu izango dira eskuragarri: liburuak, diskoak, albokak...», adierazi du Eguskizak. Ondoren, Mariano Barrenetxearen alboka mundua. Eskuizkribuak ikertuz liburua aurkeztuko du Manu Gojenola idazle eta ikertzaileak, 12:00etan. Aurkezpenaren ostean, albokariek kalejira egingo dute Galdakaoko kaleetan. 14:30ean, herri bazkaria izango da, eta 16:30ean, mikro irekiko saio bati ekingo diote. «Nahi duenak prest izango du mikrofonoa, abestiren bat jotzeko». Kontzertuekin amaituko da eguna: Karlos Subijana ariko da 17:30ean, eta Eingo taldeak dantza plaza eskainiko du, 19:00etan. Kontzertu bien artean, alboken eta liburuen zozketa egingo dute.

«Belaunaldi berriek ez dute gertu sentitzen Euskal Herriko kultura. Halako mundu globalizatu batean, gehiago ari dira kanpora begira edo kanpotik datorrena kontsumitzen, eta horrek gurea den hori alde batera uztera eramaten ditu»

JON EGUSKIZAGaldakaoko Andra Mari dantza taldeko kidea

Eguskizak azpimarratu duenez, dantzariei eta albokariei ikusgaitasuna emateko eguna izango da. Hain zuzen, albokaren eta euskal dantzen pertzepzioa okerrera doala ziurtatu du Andra Mariko kideak: «Belaunaldi berriek ez dute gertu sentitzen Euskal Herriko kultura. Halako mundu globalizatu batean, gehiago ari dira kanpora begira edo kanpotik datorrena kontsumitzen, eta horrek gurea den hori alde batera uztera eramaten ditu». Alde horretatik, uste du ezinbestekoa dela ulertzea Euskal Herriko tradizioen oinarri nagusia hizkuntza, musika eta ohiturak direla. «Sarritan, geurea den hori modu arkaiko batean antzematen da, zaharkitutzat jotzen da. Baina ohartu dugu gara horrek egiten gaituela euskaldun».

Ikusgaitasunaren beharra

Alboka zehazki noiz sortu zen ez dakite, baina, Aita Donostiak euskal musika tresnei buruz idatzi zuen liburuaren arabera, XV. mendearen erdialdeko dokumentuetan aipatu zuten lehen aldiz. «Alboka da Euskal Herriko musika tresnarik arkaikoenetariko bat; artzainen munduarekin oso loturik dago. Antzinako soinu mistiko bat du, eta alboka entzuteak garai horietara eramaten gaitu. Zerbait hipnotikoa da», esan du Eguskizak. Jotak eta porruak dantzatzeko erabili den musika tresna da, baina, egun, beste arlo batzuetan ere erabiltzen da: «Zenbait musika talde eta artistak erabiltzen dute, hala nola Juan Mari Beltranek, Ibon Koteronek eta Kepa Junkerak, Albokak, Kherak... Eta folk eremutik ere irtetea lortu du; Exkixu edo Zetak taldeekin, esaterako».

Alboka sorta bat. ANDRA MARI DANTZA TALDEA

 

Hala ere, Eguskizak ziurtatu du Euskal Herrian ez dagoela alboka ikasteko eskola askorik. Trikitia ez bezala, esan du alboka jotzen ikastea «aski zaila» dela, eta uste du erakundeek musika tresna horri ikusgaitasuna emateko ekitaldi gehiago egin beharko lituzketela. «Musika eskoletan alboka egotea da garrantzitsuena, jendeak ikasteko aukera izan dezan. Musika eskola gutxitan lantzen da alboka, eta, sarritan, alboka topatzeko edo ikasteko aukerak ez dira errazak izaten». 

Galdakaoko Andra Mari taldeak alboka erabiltzeko ekitaldiak sustatzen jarraituko du. «Alboka erabiltzen jarraitu behar dugu, euskara bezala. Dantza saioetan edo antolatzen ditugun ekintzetan albokak presente egon behar du. Jendeak ikusi behar du musika tresna hori hortxe dagoela, gurea dela eta zaindu egin behar dugula».

Dokumentuaren akzioak