Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Alain Maya: "Dantza bizitzeko modu bat da. Dantza hitz egitea bezala da”

Dokumentuaren akzioak

Alain Maya: "Dantza bizitzeko modu bat da. Dantza hitz egitea bezala da”

32 urteko errenteriarra bere jaioterriko Ereintza eta Kukai dantza taldetako kidea da, eta euskal dantzak irakasten ditu Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolan. Maiatzaren 27an Zumaian egingo den Dantzari Txiki egunaren harira elkarrizketatu dugu. (Elkarrizketa hau maiatzeko Baleike aldizkarian argitaratu genuen)
Komunikabidea
Baleike
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/06/21
Lotura
Baleike

Noiz hasi zinen dantza munduan?

6 urte nituela, eta adin horretako haur asko bezala, gurasoek apuntatuta. Anaia Jon dantzaria zen? eta gurasoak ere dantza taldean aritzen ziren, nahiz eta dantzariak ez izan.

Zer da dantza zuretzat?

Dantza bizitzeko modu bat da. Dantzarekin batera hazi naiz. Izan daiteke denbora pasa bat, komunikazio tresna indartsu bat, izan daiteke bizimodua, sentimendua. Dantza hitz egitea bezala da. Dantzak dena eman dit: lagunak, bikotekidea, mundua ezagutzeko aukera, lana...

Dantzari lotutako familia al da zurea?

Aiton-amonak aritzen ziren fandango eta arin-arin txapelketatan. Egia da orain ari dela saga antzekoa bihurtzen pixkanaka: anaia eta ni hasi ginen, aitaren eta amaren aldeko lehengusuak ere bai, anaiaren seme-alabak ere hasi dira dantzan...

Anaia zaharra duzu Jon. Maisua, laguna, lankidea, zer da anaia zuretzat?

Esan duzun guztia da anaia. Nire jefea da, laguna da, lankidea, nire irakaslea ere izan zen. Gaztea nintzenean bera punta-puntan zegoen eta erreferentea izan da niretzat. Kukain beste bat gehiago naiz, baina handik kanpo anaiak gara, noski.

Kukairekin euskal dantza tradizionalei buelta bat eman nahi izan diozue.

Hala da, baina arriskutsua ere izan daiteke. Kontzeptuak nahasi egiten dira. Galdetzen dizute: “Zer nahi duzue, euskal dantzak eraberritu?”. Ez da hori. Gu ez gara inor ezer aldatzeko. Euskal dantzak tresna bezala erabiltzen ditugu gaur egungo baliabideekin beste dantza estilo batzuk sortzeko.

Iaz irabazitako Dantzaren Sariak bultzada galanta emango zizuen...

Gehiago Euskal Herritik kanpora. Espainiara atera garenean nabaritu dugu interes gehiago sortzen dugula. Azken bi urte hauetan aretoak bete egin ditugu. Harrera oso beroak ari gara izaten.

Tradizioa edo berrikuntza?

Nire ustez baliokideak dira. Tradizioak hor egon behar du, baina ez museo batean sartuta; gaur egunera egokitu beharko genuke. Bestalde, sorkuntzak oinarririk ez badu, erori egiten da. Dantza aldetik, biekin geratuko nintzateke. Kukai etengabeko mugimenduan dago, eta ez du pentsatzeko denborarik ere ematen. Baina Ereintzarekin sustraietara itzultzen naizenean asko gozatzen dut.

Zer ematen die haurrei Dantzari Txiki egunak?

Konturatzen dira beste herrietan ere milaka haur dabiltzala euskal dantzetan. Gero, harremanak egiteaz gain, beste dantza motak ere badaudela ikusten dute. Euskalkien antzera da: hemen fandangoak, arin-arinak edo agurrak modu batera dantzatzen dira; baina Lesakan edo Portugaleten, beste modu batera.

Dantzatik bizi al daiteke hemen?

Oso zaila da. Oso gutxi gara dantzatik bizi garenak. Gehienetan irakaskuntzarekin bateratu behar duzu zure dantza ibilbidea. Gure gorputza da lanerako tresna, eta, zoritxarrez, iraungitze data du. Irakaskuntzak ziurtasun bat ematen dizu etorkizunerako. 26 urte daramatzat dantza munduan, eta gustukoa dut jasotako hori transmititzea.

Ametsik ba al duzu dantzari bezala?

Bizitzan helburuak markatzea ez zait asko gustatzen. Ikasi dut, planak epe luzera ez egiten, eta egindako ibilbidearekin oso gustura nago. Ez nago ezer eskatzeko, eskertzeko baizik.

Alain Maya: "Dantza bizitzeko modu bat da. Dantza hitz egitea bezala da”

Dokumentuaren akzioak