Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Akrobata hegodunen dantza

Dokumentuaren akzioak

Akrobata hegodunen dantza

'Gari beltza' ikuskizun berria estreinatuko du Ballet Biarritz Juniorrek gaur Donostian

Egilea
Gorka Erostarbe
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2007/05/19

Lehen koreografia, Gnossiennes izenekoa, 2000ko maiatzean Quebeceko ballet gaztearentzat sortutakoa da, eta zazpi dantzarik hartuko dute parte. Akrobata hegodun bihurtzen dira dantzariak. Eric Satie musikagile frantziarraren (1866-1925) musika du pieza horrek, eta horrek berak eman dio izenburua: «15 minutuko pieza horretan dantzariek erakusten dute zer trebetasun duten teknikari dagokionez. Bakarka, binaka edo hirunaka dantzatzen dute, eta teknika ariketa polit bat da, beroketa moduko bat», Filgie Claverie Dantzaz elkarteko zuzendariak dioenez. Dantzaz elkarteak kudeatzen dutBallet Biarritz Junior.

Bigarren koreografiak ikuskizunari izena ematen dio: Gari beltza: «Ipuin baten moduan kontatua dago. Pieza ironikoa egin du Malandainek. Ezkontzeko prest dagoen neska gazte baten istorioa antzezten dute dantzariek. Bada gizongai bat eta berekin jokatuko du. Oso bukaera umoretsua izanen da». Pierre Henrion flandestarrak eta Miren Gomez irundarrak (Gipuzkoa) osatuko dute bikotea. Lehen bi pieza horiekin osatuko da ikuskizunaren lehen zatia. Atsedenalditxo baten ondoren ekingo diote emanaldiko bigarren zatiari.

Hirugarren koreografia, Danse qu'on croise, Johannes Brahms musikari alemaniarrak (1833-1897) idatzitako hungariar dantzen musikatik dator: «Hiru gizon eta hiru emazte dira. Dantza kafe batean gurutzatzen dira. Gizon eta emazteen artean zer gertatzen den kontatzen du. Denetarik: bai begiarekin, bai keinuarekin, bai dantzarekin, gorputz osoarekin azkenean, harreman asko izaten ahal dira. Bizitzaren partetxo bat da». Dantza emanaldiak ordubeteko iraupena izango du, atsedenaldi eta guzti.

Hiru piezak «oso familiakoak» dira Claverieren hitzetan: «Oso pieza narratiboak dira. Hori interesatzen zaigu. Istorioak kontatzea. Publikoari dantza hurbiltzeko».

AUKERAKETA BERRIA. Ballet Biarritz Junior dantzariak hezteko proiektua da, eta iaz egin zuen lehen ikasturtea. Urtero bi ikuskizun egiten ditu Ballet Biarritz Juniorrek. Ibilaldi izan da ikasturte honetako lehenengoa. Filgie Claverie «arras gustura» da ikuskizun horrek izan duen oihartzunarekin: «Guretzat oso ikasturte positiboa izan da. Kasik 35 emanaldi egingo ditugu Ibilaldi ikuskizunarekin. Sentitzen dugu sendotzen ari dela proiektua, eta bai programatzaileak eta baita publikoa ere animatzen ari dela».

Hirugarren ikasturterako dantzarien aukeraketa prest du jada Dantzaz elkarteak. Ekainaren 3an egingo dute, eta «jende asko» espero dute.

Dokumentuaren akzioak