Dokumentuaren akzioak
Akitaniako Alienor andere boteretsuari pastorala eskainiko diote apirilean
Jean Mixel Bedaxagar Urdiñarbeko arotz kantariak idatzi du, eta hura da errejenta ere
Aurten ere bi pastoral emango dira Zuberoan: lehena apirilaren 30eko gaualdian, Maule-Lextarren: Akitaniako Alienor; bigarrena udan, Garindainen, zehazki uztailaren 27an eta agorrilaren 3an: Pier-Pol Berzaitzek buhameen historiaz ondutako Petiri buhamea. 2013an ere bi pastoral paratu ziren: bata Mixel Etxekoparrek idatzitako Ederlezi, eta bestea Jean-Louis Davantek ondutako eta Sohütako herriak agertutako René Cassin.
Zuberoako antzerki zaharraren bi ikuspuntu eta bi moldaera nahiko ezberdinekoak izango dira aurtengo bi pastoralak. Lehendabizi Akitaniako Alienor oholtzaratuko da, eta, aurreko ohitura bati lotuta, tragedia hori —pastoralaren izen zaharragoa da— apirilaren 30ean jokatuko da, hots, gutxi gorabehera, pazko zaharrez —pazko osteko lehen igandea baino hiru egun geroago antzeztuko bada ere—.
Jean-Mixel Bedaxagarrek aukeratu du pastoral horren gaia, Euskal Herri osoan kantari gisa ezagutua den Urdiñarbeko arotzak, eta horrekin 27 jelkalditako tragedia bat idatzi. Pazko zahar inguruan oholtzaratzeari dagokionez, Bedaxagarrek baiezkoa eman nahi izan dio Xiberoko Zohardia kantu eta dantza tradizionaletako elkarteak egin dion eskaintzari: hots, Xiberoa Kantüz gaualdian ematea, eta hori maiatzaren 1eko bezperan egin ohi da, Mauleko Jai Alairen aterpean. Hortxe paratuko da, beraz, Akitaniako Alienor jokatzeko oholtza, baina, horrez gainera, ez dira igoko udako pastoraletan ikustera ohituta gauden ehun aktore edo gehiago ere. Izan ere, hogei bat aktore baino ez du izango Akitaniako Alienor pastoralak; denak neskak edo emakumeak izango dira. Ezaugarri hori ere Bedaxagarren nahikundea izan da, haren iritzian beti egon baitira emakume aktorez bakarrik osatutakoak pastoralaren historia luzean. Horietarik azkena 1979an eman zuten: Pierra Bordazarre Etxahun-Iruri-k idatzitako Ximena pastorala izan zen.
Hogei bat aktore baino ez
Hark idatzi duen eta errejent gisa zuzenduko duen Akitaniako Alienor tragedian hogei bat aktore baino ez egotearekin, Bedaxagarrek argi eta garbi azaldu du ez dituela batere gustukoak ehun arizale inguru edo gehiagoko udako pastoral horiek. Irizten dio jokalari talde handi horietan ito egiten dela pastoralaren zinezko espiritua eta berezitasuna.
Jelkaldietako bertset eta taula-jokoak, baita kantuak ematean ere, beraz, denak neska edo andreak izango dira, baina jelkaldien tartean oholtzaratzen diren Satan dantza-jauzi emaileak, aldiz, denak mutiko edo gizonak lirateke. Hori ere Bedaxagarren hautu argia da. Badaki —eta argiro aitortu du—, azken hogei urteotan bederen, Zuberoako dantza-jauzi emaileak neskak izan direla gehiengo oso handiz, eta horiei esker nolabait bizirik eta sendo jarraitu duela kultura sail horrek. Alabaina, Bedaxagarren aburuz, zeina Urdiñarbeko dantzari handietarik izan den —eta den beti ere—, bada garaia mutiko eta gizonak ere ager daitezen taulada gainean dantza jauziak ematen. Hala, Akitaniako Alienor pastoraleko satanak Urdiñarbeko oraingo eta lehenagoko dantzari talde batekoak izango dira. Horiek emanen dituzte, halaber, pastoral baten agerraldi amaieran eman ohi diren muñeiña dantzak.
Boteretsua eta eleaniztuna
Pastoraleko gaia aipatzearren, Bedaxagarrek aitor dio miresmen berezia datxekiola Akitaniako duke andere Alienor pertsonaiari. Egia da emakume boteretsu horren bizitza oso aberatsa, berezia eta luzea izan zela, zeren eta, 1122 edo 1124. urtean jaio zenetik 1204an zendu arte, Frantziako erregina izan baitzen lehenik (1137-1152), Gurutzadan parte hartzaile bigarren (1147-1149), Ingalaterrako erregina gero (1153-1173), bere senar Ingalaterrako Henrik II.a Plantagenet-ek giltzapean atxikia (1173-1189), Richard I.a Lehoi Bihotza semearen erreinaldian erregina ama (1189-1194), diplomatiko eta erresumaren bake sendotzaile (1194-1200), eta Fontevraudeko (antzinako Akitania) komentuan erretiratua azkenean, han azken arnasa eman zuen arte, 1204ko martxoaren 31n.
Akitaniako Alienor, beraz, zinez emakume boteretsua eta itzal handikoa izan zen, eta haren dohainen artean bazen hizkuntza andana menperatzen zuelako esana, hots, frantsesaz eta ingelesaz gain gaskoia, latina, greziera… baita, antza, euskara ere! Hala diote, behintzat, haren garaiko jakile batzuek utzitako lekukotasunek.
Pertsonaia horren bizi urratsen eta haren ingurukoak izan zirenen jokoan sartzeko, beraz, mustraka edo trebealdietan hasia da emakume andana, joan den azaroaz geroztik. Bedaxagarrek karguak banatu zituen, berriz, joan den abendu hasieran. Hala, Santa Graziko Sophie Xütahandik eginen du Akitaniako Alienorrena; Louis VII.a Frantziako errege eta Alienorren lehen senarraren jokoan arituko da, berriz, Julie Iribe, hori ere Santa Grazikoa; Henri II.a Ingalaterrako errege eta Akitaniako duke anderearen bigarren senarra izan zenaren irudikatzaile gisa ariko da Irabarneko Maika Etxekopar, eta Richard I.a Lehoi Bihotza, bestalde, Graxi Bedaxagar izango da. Pastoral baten historia laburbiltzen duen lehen peredikuaren emaile Maider Bedaxagar izango da —Jean Mixelen alaba—, eta bi hauek kantatuko dute tragedia baten ondorioztatzea eta zuzenlegea aldarrikatzen dituen azken peredikua: Aña Bidalunek eta Delphine Urrutiagerrek.
Apirilaren 30eko lehen agerraldiaz gain, beste oholtzaratze bat emateko asmoa daukate Jean Mixel Bedaxagarrek berak eta aktore taldeak, baina eguna oraindik ez da finkatua. Lehen agerraldirako, Maule-Lextarreko Jai Alai pilotalekuan lekuak mugatuak baitira, erreserbatzeak egin beharko dira ziur asko, eta horretarako epea garaiz jakinaraziko da.
Dokumentuaren akzioak