Dokumentuaren akzioak
Akelarrea Zugarramurdin
Zanpantzarren eta Erramun Martikorenaren ondoren Argia dantza taldearekin hasi zen festa, eta Amargok biribildu zuen
Zanpantzarrek egin zieten ongietorria Musika Hamabostaldiak antolatutako emanaldira bildutako dantzazale guztiei. Animaturik etorri zen jendea. Herritik leizeetarako bideak girotzeko beta ematen zuen. Patxi Perez eta Bat Bi Hiru taldea aritu ziren plazan. Sorginen inguruko erakusketa zegoen. Eta behiak larrean, dotore zetozen emakumeei bidea utzi gabe pasatuz.
Erramun Martikorenak egin zuen kantu. «Nik ditut bildu lehengo euskaldunak harpe eta lezeetan», entzun zen bozgorailuetatik. Anje Duhalde eta Mikel Laboa kantariak, berriz, oholtzara begira zeuden.
Dantzarako eta festarako gogoak hartu zuen Zugarramurdi. Akelarreak. Haiek goraipatu eta haien aurka egin zutenak salatu nahian atera ziren Argia dantza taldekoak oholtzara. Bikote bat lehendabizi. Inkisizioak gogor egin zuen leizeetan biltzen ziren emakume dantzarien aurka. Txaloak gero eta animosoagoak ziren atzoko dantzarientzat. Eta izan zirenentzat. «Hori, hori!!»-ren bat ere entzuten zen publiko artetik. Dantza oholtza gainean eta festa behealdean. Zugarramurdiko leizeetan.
Pas de Basque ikuskizuna gustura hartu zuen publikoak. «Giroan sartzeko» egokia iritzi zioten askok. Akelarrearen sumun-a, une gorena, Rafael Amargok ekarriko zuen geroago, El amor brujo-ren estreinaldiarekin. Oholtza gaina prestatu behar horretarako. Bizkarretik txalapartaren hotsak harritu zituen ikusleak. Begiak gozatzeaz gain belarriez dastatu ahal izan zuten jaia. Festa. Publikoaren ezinegona bizkortzen zihoan txalapartak irrintzia ozentzen zuen adinean. Eta azkenik, hainbeste itxarotakoa. Rafael Amargo jabetu zen taula gainaz. Eta behealdeaz. Eta Zugarramurdiz. Granadako (Espainia) leizezulo ilun bilakatu ziren Nafarroakoak.
Ijitoen dantzak. Maitasuna, edertasuna, errituak, argia, beldurra. Rafael Amargo Gitanoren rolean eta Olga Pericet Candelarenean. Bien arteko amodio eta desamodioek intriga sortu zuten ikusleengan. El amor brujo, ezin besterik izan. Andaluziar erarako akelarre modernoa izan zen. 2003. urtean. Denik eta tokirik egokienean
Ilargiak ere egin zion bisita Amargori. Eder, handi. Koreografoa bezala. Eder, handi. Eta baita Zugarramurdi ere.
Dokumentuaren akzioak