Dokumentuaren akzioak
Akelarre elkarteak 50 urteko kultur eta dantza ibilbidea ospatuko du ekitaldi berezi batekin
Akelarre euskal kultur elkarteak 50 urte bete ditu. Urtemuga markatzeko, azaroaren 23an ekitaldi berezi bat antolatu du Hendaiako Gaztelu aretoan. Dantza, musika eta elkarbizitza izango dira ekimenaren protagonista nagusiak. Afixaren buruan, Su Ta Gar eta Rukula musika taldeak agertzen dira, urtemuga behar bezala ospatzeko.
Hendaiako elkarteak 1974ko azaroan hasi zuen bere bidea, euskal kultura eta euskara zabaltzeko helburu argia zuela. Azken mendi erdian, taldeak ekimen anitz antolatu eta beste hainbeste jarduera sustatu ditu, betiere euskal tradizioa eta kultura berreskuratu eta transmititzeko asmoarekin.
Dantza, elkartearen bihotzean
Akelarreren oinarria dantza izan da hasieratik, eta gaur egun ere hala da baitaere, «elkarteak eboluzionatu du bertako nahien arabera eta dantza taldeak geroz eta toki handiagoa hartu du» azaldu dio KAZETAri Oneka Jauregi-k, Akelarre elkarteko kideak.
Sei urtetik aurrera has daiteke euskal dantza ikasten eta heldu hasiberrientzako ikastaroak ere antolatzen ditu elkarte hendaiarrak. Taldeak Euskal Herriko probintzia guztietako dantzak lantzen ditu, bere errepertorioa etengabe zabalduz eta aberastuz.
Elkartearen ibilbide luzean hainbat mugari badira ere, nabarmendu daiteke 1978an Akelarrek Lapurdiko Ihauteriaren lehen antzezpena egin zuela dantzari eta pertsonaia guztiekin, tradizio hori berreskuratu, mantendu eta sustatze aldera.
Gisa berean, nazioarteko hainbat bidaia antolatu ditu elkarteak, euskal dantzak munduko beste bazter batzuetan erakusteko. Hala nola, Txekian, Argentinan, Portugalen eta Katalunian izan dira azken urteetan.
Sarrerak salgai dira
50 urteak ospatzeko ekitaldi nagusia azaroaren 23an iraganen da. Elkarteak egun osoko egitaraua prestatu. Goizean, 11:30etan, Beltzenia pilotalekuan dantza ikuskizuna iraganen da. Talde osoak parte hartuko du, dantzari ohiekin batera.
Ondotik, Gaztelu Aretoan segituko du bestak bazkari batekin, Jeiki Hadi erromeria taldeak alaiturik. Arratsaldeko 18:00etatik aitzin, Elektrobuiaka elektrotxaranga, Rukula eta Su Ta Gar taldeek kontzertuak eskainiko dituzte, eta gaualdia DJ Bullekin amaituko da. Jateko eta edatekoa izanen da ekitaldi osoan zehar.
Kontzertuetako sarrerak elkartearen webgunean eskuratu daitezke eta egunean bertan erosteko aukera ere izanen da.
Urtemuga liburu eta erakusketekin
Bere 50. urtemuga ospatzeko ekimenen barnean, Akelarre elkartearen historia jasotzen duen liburu bat argitaratu dute ‘1974tik 2024ra arteko gertakarien bilduma’. izenburupean. Liburuak elkarteko partaideen lekukotasunak biltzeaz gain egungo egoerari buruzko xehetasunak ere eskaintzen ditu.
Urte osoan zehar ekimen anitz antolatu dituzte. Hala, apirilean Beñat Zintzo Garmendiaren hitzaldia egin zuten. Uda garaian erakusketa zabalik izan zuten eta joan zen irailean irakurraldi publikoa burutu zuten, Aurelia Arkotxa idazlearen testuak irakurri zituztela mediatekan.
Dokumentuaren akzioak