Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Aitzinesku izatea ardura handiagoa da»

Dokumentuaren akzioak

«Aitzinesku izatea ardura handiagoa da»

Egilea
Ttipi-ttapa
Komunikabidea
Erran
Tokia
Lesaka
Mota
Albistea
Data
2023/07/04
Lotura
Erran
Joan den urtean atera zen lehen aldiz ezpata dantzari Beñat Ordoki eta aurten aitzinesko edo kapitain izanen da lehen aldiz.

Beñat ORDOKI TELLETXEA, Lesakako ezpata dantzarien aitzinesku izanen da lehen aldiz San Fermin egunean

2020an hastekoa zen ezpata dantzari Beñat Ordoki Telletxea, baina urte hartan eta hurrengoan ez zen bestarik izan. Beraz, joan den urtean egin zuen lehen aldiz eta aurten dagoeneko aitzinesku edo kapitain izanen da, 24 urterekin. «Joan den urtekoa egun ikaragarria izan zen, elegantea! Pandemiako bi urtetik heldu ginen eta gogo handiak genituen. Gainera, debuteko urduritasun horretan aurten aitzinesku izatea proposatu zidan Unai Gurrutxagak».

Ezpata dantzari arrunta izatetik kapitain izatera kontua aldatzen dela onartu digu Ordokik: «Ardura handiagoa da, entseguak ere zuk antolatu behar dituzu, denekin egon, Lehen entsegura joaten zinen, baina lasaiago, ez zenuen deus organizatu beharrik. San Fermin egunean ere, iaz ibilbide guztian bertzeen gibeletik segitu behar zenuen, bertzeak egiten zuena kopiatu, bertzerik ez, eta aurten nik gidatu beharko dut taldea, kontzentratuagoa egon behar duzu, momentu bakoitzean zer egin behar den jakin, pausuak, ibilbidea zuzen egin… Tontakeria dirudi, baina badu berea. Kotxean txofer joatea edo kopilotu joatea bezala da, ondoan bazaude ez duzu biderik ikasten».

Aurten talde gazte baten ardura izanen du Ordokik, «sei berri sartu dira, bortz mutil eta neska bat».

Familiatik datorkio ezpata dantzari izatea, bere bi aitatxiak halaxe izan ziren, baita aita eta hainbat osaba eta lehengusu ere. «Ez dakit genetikoa izanen den, baina egia da familiako ohitura badela, horrek ere laguntzen dizu dantzan hastera. Aitatxietako bat aitzinesku ere izan zen, baita osaba Kotte [Iantzi] ere», dio. Halere, «ez didate aparteko aholkurik eman, lasai hartzeko bakarrik eta aitzinera!».

«Ez dakit genetikoa izanen den, baina egia da familiako ohitura badela, horrek ere laguntzen dizu dantzan hastera»

San Fermin egunean ezpata dantzari ateratzeko bezperan zaindu behar ote den galdetuta, «hori norberak ikusi behar du, gozatu nahi duen edo pixka bat sufritu nahi duen», erantzun digu aitzinesku berriak. Hori bai, berak garbi du aurten zainduko dela.«Egun polita baina luzea eta nekagarria izaten da, goizeko zortzietan hasi eta arratsaldeko seirak arte dantzatu behar duzu.

Ez da ezpata dantzari guztien kasua, baina Ordoki ttikitatik aritu da dantzan, Tantirumairu euskal folklore taldean: «Kuadrilla guztia aritzen ginen dantzan eta 18-19 urtera arte aritu ginen, talde koxkorra ginen. Ezpata dantzari ere ateratzen ginen, jaunartze egunean, Dantzari Ttiki egunean Getarian, Urretxun, eta gutti goiti beheiti aurten atera behar dugun taldea».

Aunitzek galdetzen omen diote zerk sortzen dion urduritasun gehiago. «Beharbada Aurreskua dantzatzeak, –dio Ordokik– hotz-hotzean hasi beharrak, baina ikusiko dugu ailegatzen denean.

Beñat Ordokirentzat sanferminetako egun guztiek badute bere xarma, baina «egia da, joan den urtean ezpata dantzari atera nintzen arte, beharbada San Fermin eguna izaten zela mottelena, orain alderantziz. Bezperan, txupinazorako gogo ikaragarria izaten da, peñen egunaz zer erran… Eta bertze egunetan ere beti bada zerbait. Baina aurten, niretzat, lehentasuna San Fermin eguna da».

Txupinazoan ere parte hartuko du Beñat Ordokik, Beti Gazte sokatira taldeko kide bezala.

Txupinazoan ere Beti Gazteko sokatira taldearekin

Baina egun handian ez ezik, bezperako txupinazoan ere bere protagonismoa izanen du Beñat Ordokik, martxoan Ipar Irlandan munduko txapeldun suertatu zen Beti Gazte sokatira taldeko tiralari ere baita. Aurten, lehen suziria pizteko ardura izanen du taldeak. «Hura ere izugarria izan zen, lau egunez tiratu nuen eta lauretan domina lortu nuen» dio Beti Gazterekin eta euskal selekzioarekin urrezko domina bana eta zilarrezko bertze bana lortu zituen tiralariak. «Ia-ia sanferminak bezalakoa izan zen hura, burbuila baten barrenean bezala egon ginen, bazirudien munduan ez zela bertze deus pasatzen. Sanferminak ere halaxe dira, parentesi bat bezala egiten da egun horietan».

«Munduko sokatira txapelketan burbuila batean zaude, sanferminetan bezala, badirudi munduan ez dela bertze deus pasatzen»

Gauza bat garbi dago: lehen aldiz munduko txapeldun den aitzineskua izanen dute Lesakako Sanferminetako ezpata dantzariek.

Dokumentuaren akzioak