Dokumentuaren akzioak
«Aitzina Biga», Xiberoa eszenaratzen denean
'Aitzina Biga' ikuskizunaren estreinaldia apirilaren 19an iraganen da Mauleko Jai Alaian. Aitzindariak elkarteak bultzatuta, Xiberoko hainbat dantza talde biltzen ditu. Txarteldegia itxia delarik eskainiko dute ikuskizuna, «toki guztiak salduak izan baitira duela hiru-lau aste», Jean Bordaxar elkarteko lehendakariak pozez aitortu duenez.
Tokiak lortu ez dituzten lagunentzat beste bi emanaldi eskainiko dira, lehena, maiatzaren lehenean Miarritzeko Gare du Midi aretoan eta bigarrena uztailaren 12an, Atharratzeko frontoian. Ahaztu gabe maiatzaren 24an Arrasaten (Gipuzkoa) eta maiatzaren 31ean Iruñean (Nafarroa) eginen dituzten emanaldiak.
Sorkuntza berria, arrakasta handia bildu zuen Aitzina Pika baino 20 urte beranduago helduko da. «Aitzina Biga ekoizpen handia eta lan ederra da, gehienez 52 dantzari aldi berean biltzen dituena, askotan ikusten ez den gauza bat», azpimarratu du lehendakariak.
«Sorkuntza kolektibo berri honen ideia duela urtebete Iparraldeko Dantzarien Biltzarrarekin eta Berritza elkartearekin elkarlanean enplegatua izan den langile gazteak egin duen lurralde diagnostikotik dator», zehaztu Jean Bordaxarrek.
«Hortik zerbait elgarrekin egiteko gogoa atera zen, beraz, sorkuntzari eta eszenaratzeari lotu ginen. Dei bat egin zaie banaka izena eman duten interesatuei, bai dantza, musika, bertso, antzerki eta kanturako», gaineratu du.
Ikuskizun honek ehun parte-hartzaile biltzen ditu. Hiru koadrotan banatua, belaunaldien arteko lan kolektiboa hobetsiz Xiberoko eta handik haratako gogoetak eta gaiak jorratuko dituzte.
Trukaketa anitzak
Lehen zatian, erronkak Xiberoko kulturan duen lekua aipatzen da. «Herrien artean lehiaketa moduko bat aurkitzen da adibidez maskaraden garaian, askotan izpiritu onean, baina autokritika moduko bat egiten da, bigarren irakurketa bat zabalduz, mundu mailan herrialdeen artean dauden desadostasunak eta gerrara eraman ditzaketen norgehiagoak aipatuz», laburbildu du elkarteko presidenteak.
Bigarren koadroak transmisioa eta Xiberoko harrotasuna aipatzen ditu, bereziki dantza eskoletako lanari begiratuz. Humoristikoki antzerki moldean jorratua da, «izpiritu irekiari eta kultura trukaketei buruzko hirugarren koadro batean bukatzeko», segitu du lehendakariak.
Elkartrukearen gaia aipatzen da, bai Xiberoan, bai Hego Euskal Herriarekin praktikan ezarriak diren ereduak aipatuz. Maule edo Larraine bezalako herrientzat aspaldidanik diren lankidetzei esker. «Iruñean eta Arrasaten eginen diren emanaldietarako, aspalditik herriko udal eta elkarteekin biltzen gira, hala nola ikastolekin, edota dantza, musika eta kantu taldeekin», azpimarratu du Jean Bordaxarrek.
*Erredakzioan itzulia.
Dokumentuaren akzioak