Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aitzina

Dokumentuaren akzioak

Aitzina

Izenburua: Posthumos. Ideia eta zuzendaritza: Idoia Zabaleta. Antzezleak: Garazi Lopez de Armentia, Ana Gandia eta Kris Oraá. Argiak: David Alkorta. Ekoizpena: Azala, kreazio espazioa.
Egilea
Myriam Garzia
Komunikabidea
Argia
Mota
Albistea
Data
2013/02/17
Lotura
Argia

Posthumos, Idoia Zabaleta dantzari gasteiztarraren azken lana, urtarrilaren 18an estreinatu zen Bilboko La Fundicion aretoan.

Hitzordua jarria genuen Idoiak eta biok haren lanaz hitz egiteko, baina jendaurreko topaketa ere egin behar zuen. Alegia, antzezpenaren aurretik edo ondoren, publikoarekin elkartu eta sormenari buruzko azalpenak eman. Ideiak sendotzeko balio du, eta jakin-mina zabaltzeko. “Egin dezagun elkarrizketa publikoaren aurrean”, proposatu zidan Idoiak. Antzezpenean esku hartzen duten taldekideez gainera, beste hamar bat lagun bildu zitzaizkigun.

Dantza emanaldi honi jarri dion izenburua, Posthumos, hitz jokoa da. Alde batetik, sutearen ondorengo egoerara eramaten gaitu. Bestetik, ingelesezko esanahiari heltzen dio: posthumous hildako aita-amen seme-alabei deitzen zaie, bizirik geratzen direnei.

Bi aurre-estreinaldi moduko ezagutu zituen obrak, Bilboko La Fundicion aretora heldu aurretik, Gasteizeko La Monstrenka aretoan bata, eta Valentzian bestea.

“B saileko musika antzezpen bezala” definitzen izan du Idoia Zabaletak bere obra. Berak ez du honetan dantzarik egiten. Zuzendaria da, eta sortzailea, aspalditik buruan zerabilkien ideiarena: “belaunaldien arteko zuloan murgildu nahi nuen eta hiru emakume gazte hartu nituen, egun 20 urte besterik ez dituztenak. 80ko hamarkadan adin hori zuen jendearen keinuak, leloak eta jarrerak gazteen artean inposatzea bilatu dut, eta hau guztia Euskal Herriko testuinguruan”.

Nerabeekin jardun nahi zuen lanean. Gainera, dantzariak emakumezkoak izatea nahi zuen, emakume gasteiztarrak eta 1986 urteaz geroztik jaiotakoak, Eskorbuto taldearen Anti-Todo diskoaren ostekoak. Oinarrizko azken baldintza ere garbi zuen: aurretik dantzarekin edo dantzaren sormenarekin zerikusirik ez izatea.

Obra honetan ez du kolaboraziorik izan Idoia Zabaletak. Partitura idatziari jarraitu diote une oro. “Oso gustuko dut elkarlana, beti izan naiz zalea, baina nazkatuta nago nire irudimena negoziatzeaz”.

Zenbait galdera sortu zitzaizkion sormen prozesuan. Esate baterako, 90eko hamarkadako eta mendeko lehen hamarkadako sofistikazio mailak nora eraman ote gaituen.

“Ez diot nostalgiaz begiratzen iraganari, ez naiz horren aldekoa, baina garai hartako konpromisoa, pultsazio soziala edota gauzak esateko zuzentasuna erabatekoak ziren. Aldiz, dena konplexua da gaur egun, bereziki artearen munduan, eta sofistikazio mailak ez gaitu inora eramango. Antzezpena Anti-Todo-ren ildokoa da apur bat, guztiaren aurkakoa, artearen aurkakoa, dena utikan bidaltzekoa. Haustura eta berregitea. Esplizitoa”.

Dena dela, aurreko lanen segida ere bada Posthumos. 2007an hasitako antzezpenaren 3. edota 4. atala dela dio sortzaileak, Fisura deiturikoarena, orain arte egindako lanaren ifrentzua, “B aldea”. Oraindik data zehatzik ez badago ere, aurki dantza emanaldi hau gure geografiako aretoetan programatuko dutela espero da.

Dokumentuaren akzioak