Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aita Mariko portutik, Ameriketara bidean dantza bizian

Dokumentuaren akzioak

Aita Mariko portutik, Ameriketara bidean dantza bizian

Egilea
Juan Luis Romatet
Komunikabidea
Guka
Tokia
Zumaia
Mota
Albistea
Data
2024/11/24
Lotura
Guka

Ubera diskoaren bueltan TikTara taldeak sortu duen ikuskizunaren estreinaldia bizi izan zen atzo arratsaldez Aita Mari aretoan. Zazpikoaren ohiko elementuei antzerkia ere gehitu diote oraingo honetan. 

Musika, hitzak eta dantzak. Horiek izan dira orain artean TikTara taldea osatu duten elementuak. Bada, zazpikoaren ibilbideko fase honetan antzerkia ere gehitu behar zaio, atzo arratsaldez Aita Mari aretoan ikusi eta entzun ahal izan zen bezala. Duela urte erdi inguru argitaratu zuten Ubera diskoaren bueltan sortu duten ikuskizunaren estreinaldia bizi izan zen atzo Zumaiako aretoan. Ikuskizuna, izan ere zazpikoak ez zuen kontzertu soila eskaini, emanaldiko une askotan aktore ere bihurtu zirelako taldekideak. 

Terminoa nolabait laidoztatuta ez balego, disko kontzeptual gisa ikus daiteke Ubera, TikTararen azken lana. Zazpi abestiz osatutako diskoa, Euskal Herritik Ameriketara bizimodu hobe edo aberastasun bila joandako pertsonen historiak eta istorioak bildu ditu. Ez hori bakarrik, Hero Amerikako musika estilo desberdinak landu dituzte disko honetan, abesti bakoitza doinu desberdinarekin jantziz. Taldekideen maila itzelak erraza egin die (edo agian ez, hori beraiek hobeto azalduko dute), erritmo anitzetan murgiltze horretatik osorik ateratzea. 

Kontzerturako, Ameriketara joatekoak ziren eta itsas portu batera bertaratu ziren pertsonez jantzi ziren taldekideak. Bozgorailutik entzun zitezkeen itsaso zabalera abiatuko ziren ontzien sirena hotsak. Agertokia ere portu baten gisa dekoratu zuten ikuskizunerako, eta ez ziren falta izan sareak edo mutiloiak. Beraien ondasun urriak eskutan zituztela, kantu bizian sartu ziren musikariak aretora, eta jende artetik agertokira. Hala sartu zituzten entzuleak Uberaren kontzeptuan.

Dantza taldea izan da betidanik TikTara. Salsa edo bestelako musika latinoekin mugiarazi ditu urte hauetan guztietan entzuleen bizkarrezurrak. Eta kontzertuan zehar erritmo horiek entzun baziren ere, soinu paleta aberatsagoa eskaini nahi izan du taldeak eta, hala, Brasilgo, Ekuadorko, Uruguaiko, Kubako, Kolonbiako, Peruko edota Argentinako musikak entzun daitezke diskoan. Argentinako milonga bat ardatz hartuta, erronka bat ere zuzendu zien entzuleei, hemezortzi bertsoz osatutako abesti luzea kantatzea proposatu baitzien. "Lehen hiru bertsoak kantatuko ditugu, eta gustokoa baduzue, txaloak jo eta jarraituko dugu abestiarekin", esan zuen agertokitik taldeko buru Harkaitz Bastarrikak. Bigarren bertsorako heldu ziren lehen txaloak, eta hala osorik entzun ahal izan zen Bordeleko portutik Buenos Airesera joan ziren euskalherritarraren peripeziak. 

Kantu geldoagoak batzuk, mugituagoak besteak, euskal musikari keinuak ere egin zizkioten. Jendea dantzan jarriz (metaforikoki, kontzertua eserita izan zen eta) bukatu zuten ikuskizuna, eta maletak eskutan utzi zuten agertokia, bizimodu hobeago batera eramango zien ontzira igotzeko asmoz. Ikuskizuna amaitu zuten, ez, ordea, kontzertua. Aretoko argiak piztu bazituzten ere, entzuleek ez zuten joateko asmorik erakutsi eta txaloen bidez beste abesti bat eskatu zuten. Baita hauek eskaerari erantzun ere, Urrunera dantzagarriarekin. Entseatu gabe zutela adierazi zuten. Ez zen igarr, porlanezko bizkarrezurra duten entzuleak ere dantzan jarri zituzten eta.

Dokumentuaren akzioak