Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aita Madinaren konposizio ezezagunenak berreskuratu dituzte ikerketa lan batean

Dokumentuaren akzioak

Aita Madinaren konposizio ezezagunenak berreskuratu dituzte ikerketa lan batean

'Saski-naskiren hotsak' egitaraua prestatu du Barandiaran-Aristizabal piano bikoteak

Egilea
Xabier Martin
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2007/06/06

«Doinu herrikoiak sarritan azaltzen direla ikusi genuen berehala, baina baita azalpen historikoak zeudela ere, eta egitaraua orekatu behar zela ohartu ginen», azaltzen du Esther Barandiaranek. Egitaraua, Preludio-rekin hasten da, eta jarraian Contrapas Vasco, Behin joan nintzen eta Roncesvalles datoz. Azken horretan Orreagako batailari erreparatzen dio Aita Madina oñatiarrak, Mutil dantza eta beste hainbat piezekin. Baile de la era-k ixten du egitarauaren lehen zatia, Larrain-dantzaren pianorako moldaketa.

«Aita Madina Argentinan izan zen epe luze batez, eta hango euskaldunekin elkartu zen. Euskal Herria ezagutarazteko saioa izan zen Saski-naski. Musikaren arloaz Aita Madina arduratu zen, baina egile gehiagok parte hartu zuten Argentinan arrakasta handia lortutako ikuskizunean». Barandiaranek dioenez, Eresbilen aurki daitezke Aita Madinaren partitura horiek; hala, pianistek egin dutena ikerketa eta dibulgazio lana izan da oinarrian.

HERRIMINA ISLATZEN DUEN OBRA. Bestalde, Saski-naskiren hotsak egitarauaren bigarren zatian Evocación del Norte Argentino interpretatzen dute bi pianotan Barandiaranek eta Aristizabalek, Aita Madinak lurralde argentinarrean bizitakoaren testigantza. «Bi herriak lotzeko saioa da nolabait». Contrapunto-k eta Fandango y Ariñ-ariñ-ek osatzen dute egitaraua. Hainbat pieza, tartean Roncesvalles, Mastronardirekin elkarlanean konposatu zituen Aita Madinak.

Iazko urrian hasi ziren Barandiaran eta Aristizabal Saski-naskiren hotsak izango zena lantzen. «Azken finean, euskal folklorearen zati bat da, herrimina islatzen duen lana», dio Esther Barandiaranek. Halere, pianorako egokituak izaki, beste itxura bat hartzen dute piezek, «dotoreago dirudite». Izan ere, pianista petoen ikuspuntuarekin egin dute lan. «Gure ekarpena zerbait izatekotan, piezei pianoaren ikuspuntua ematea izan da».

Duela hilabete estreinatu zuten egitaraua Oñatin, Aita Madinaren herrian, konpositorearen jaiotzaren mendeurrenaren ospakizunen baitan. Ekainaren seia zen. Eta ostean, Musikasten ere interpretatu zuten. Orain, aldi bat emango du bikoteak beste lanetan, sortutako egitaraua «pausatzen uzteko», eta uda amaitzean berriro helduko diote egitarauari. «Dagoeneko hasi gara harremanetan Saski-naskiren hotsak hainbat lekutan interpretatu ahal izateko, tartean Argentinan». Argentinan aritzea «aukera bat» besterik ez dela aitortzen du Barandiaranek, baina ez du ezkutatzen duen «ilusioa».

«'Saski-naski' euskal folklorearen zati bat da azken finean, herrimina islatzen duen lana»

Esther Barandiaran

Pianista

Dokumentuaren akzioak