Dokumentuaren akzioak
Aita Gaizka Barandiarani omenaldia egingo diote gaur
Aita Gaizka Barandiarani (Oñati, 1916) esker on publikoa egingo diote, gaur, Donostian, euskal folklorearen arloan egin duen lan mardulagatik. «Bere pertsona eta lana kaleratu beharra sentitu dugu», azaldu du Euskal Herriko Txistulari Elkarteko Xabier Muñozek. Txistulari Elkarteak eta Euskal Dantzarien Biltzarrak omenaldi hori antolatzeko bat egin dute, jesuita oñatiarrak euskal dantza eta musikarako duen zaletasunak bi arlo horietan lan egitera bultzatu baitzuen. Gaur, txistulari eta dantzariek konpromiso hori bueltatu egin nahi diote.
Jesuita, hizkuntzalaria, filosofoa, etnologoa eta euskaltzaina; Barandiaranek gai horietan guztietan lan egin du, baina gaurko omenaldiaren oinarrian folklorearen arloan egindakoak daude. Tradizioak eta folkloreak garrantzi handia zuen Barandiaranentzat. Bere hitzetan, «ohitura eta folklorea gizarte baten zainetatik jaiotzen diren bi adar dira. Hizkuntza den bezalaxe, herri dantza ere berebateko tradizioa da. Tradizio hitzak eskuratzea esan nahi du. Belaunaldi batek hurrengoaren eskuan ipintzea, horrek euts diezaion. Arbasoen dantza arbasoen hizkuntza bezala da, beharko luke izan, bederen». Ideia horren ildotik heldu zitzaion herri dantzaren azterketa sakonari, eta 50eko hamarkadan International Folk Music Council elkarteko bazkide izatera heldu zen; euskal folklorea nazioartean ere ezagutarazi zuen.
Egitaraua
Bera omentzeko ekitaldiak goizeko bederatzietan hasiko dira Donostiako Udaleko txistulariek diana jota. 10.30ean, meza izango da Andia kaleko Josulagundien elizan, eta handik, 11.45ean, Gaizka Barandiaran eta senideak, gonbidatuak eta antolatzaileak Gipuzkoako Foru Aldundira joango dira. Atarian, Agurra dantzatuko diote eta barruan Joxemari Velez de Mendizabalek eta Mikel Aranburuk haren lana gogora ekarriko dute. Jose Inazio Ansorenak Jon Mayak dantzatuko duen Soñu Zahar bat aurkeztuko du eta Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik hitz batzuk egingo ditu. Irteeran, Aldundiaren aurrean soka-dantza egingo dute dantzari beteranoek.
Egitarauak arratsaldean jarraituko du, Konstituzio plazan. Seietan brokel-dantza egingo dute; hainbat taldek zintarekin, sokarekin edota arkuarekin egiten diren Gipuzkoako sei-zazpi dantza emango dituzte, eta zazpietan, erromeria izango da. Trebeska, Goizaldi, Eskola, Antiguotarrak eta Arkaitz dantza taldeek parte hartuko dute.
Dokumentuaren akzioak