Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Airea, musika eta dantzaren lokarri

Dokumentuaren akzioak

Airea, musika eta dantzaren lokarri

Taldeko buru eta koreografo Becky Siegel natura eta gizakiaren arteko oreka zailaz mintzo da obran

Egilea
Edurne Elizondo
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2002/04/27

Tempomobile dantza konpainia nafarrak Airborn azken ikuskizuna estreinatuko du bihar, 20:00etan, Iruñeko Gaiarre antzokian, Eszena jaialdiaren baitan. Taldeko zuzendari Becky Siegelek egin du koreografia, eta, musika, lan horretarako propio sortua, Mikel Errazkin konpositorearena da. Dantza eta musikaren arteko nahasketa da, hain zuzen ere, Airborn obrako ardatz, eta, lotura hori, izenburuak azaltzen duen bezala, aireak eragiten du. Dantza, musika eta airea, naturaren eta gizakiaren arteko oreka hauskorraz hitz egiteko.



Becky Siegelentzat obra berezia da Airborn, hari gustatzen zaion bezala prestatutako lana delako: «Poliki gauzatutako proiektua da, bi urtean; xehetasunik txikiena ere zaintzen saiatu naiz, eta, batez ere, nirekin lanean aritu diren beste kideekin hitz egiten, urrats bakoitza ziurtasun osoz eman nahi nuelako, nahi nuen obra lortzeko». Emaitzarekin pozik da koreografoa, Gaiarren aurkezteko irrikan.



Ikusleentzat ez da erabat ezezaguna izanen Tempomobileren lan berria, hainbat zati iaz estreinatu baitzituen konpainiak, Korrikak eskatuta eta baita Eszena jaialdiaren baitan ere. «Orain arte ikusitakoa, hala ere, lan osoaren erdia ere ez da. Hasieratik banekien lan zabalagoa eta osoagoa izanen zela».



Azken proiektuetan bezala, naturara jo du dantzari eta koreografoak ideien bila, biziki kezkatzen duen gaia delako. «Natura egunero ari da guri abisuak ematen, baina guk ezikusiarena egiten dugu. Premiazkoa da, ordea, naturari arreta eskaintzea».



Naturaren eta gizakiaren arteko harremanak muturrekoak direla gaineratu du Siegelek: «Armonia da nagusi batzuetan; tentsiorik zakarrena bestetan, harreman hori arriskutsu bihurtzeraino. Eta erdian, airea, energia iturri». Bi mutur horiek dira, hain zuzen ere, Airborn obrak agertzen dituenak. «Dantzaren eta musikaren bidez islatzen dira armonia eta tentsioa».



Armonia eta tentsioa, dantza eta musikaren bidez



Bost dantzari izanen dira bihar Gaiarreko oholtza gainean: Siegel bera, Mabel Akerreta, Jon Barbarin, Igor Calonge eta Montse Zabalza. Siegelek, hala ere, aitortu digu laster dantza utzi eta bakarrik koreografiaren esparrua lantzeko asmoa duela, «energia ez baita jada duela urte batzuetakoa».



12 atal ditu obrak, eta haietan oso bestelako giroak azalduko dituzte dantzariok: «Izarren eta planeten arteko dantzak, basoa, animaliak, eta horrekin guztiarekin kontraesanean, hiriko bizitza neurotiko eta ia zentzugabea», azaldu du Becky Siegelek.



Nahi zuen giroa lortzeko, hain zuzen ere, Mikel Errazkinen musika «ezinbestekoa» izan dela azpimarratu du Siegelek. «Ederki islatzen du pieza bakoitzak behar duen giroa. Oso musika adierazkorra egin du, erritmoaz eta melodiaz baliatuz. Lan zoragarria da». Mikel Errazkin musikaria



«Lan gogorra da, zaila baita beste norbaitek sentitzen duena islatzea»



E. Elizondo / Iruñea



Sorotan Bele taldeko kide izan eta bakarrik hainbat disko plazaratu ondoren, orain arte ezezagun zuen esparruan murgildu da Mikel Errazkin azken proiektuan: dantzaren munduan, alegia. Lehen esperientziarekin pozik da, ordea, errepikatzeko prest.



•Lan positiboa izan da zuretzat?



Emaitzarekin pozik naiz, baina egia da lan gogorra izan dela, oso zaila delako beste pertsona batek sentitzen duena islatzea. Batzuetan berehala igartzen nuen Beckyk zer nahi zuen, baina beste hainbatetan lana errepikatu behar izan nuen. Ondorioz, bi urte igaro ditugu proiektuarekin, eta hori ere gogorra izan da.



•Nolakoa izan da lan prozesua?



Tempomobilek Zizurren eta Donostian egiten ditu entseguak, eta ni harat eta honat ibili naiz urteotan, koreografiak ikusten eta Beckyrekin hitz egiten. Koreografia bakoitzarekin zer islatu nahi zuen esaten zidan, nolako giroa lortu nahi zuen, eta nik atal bakoitzeko pieza osatzen nuen, gero berari erakusteko. Prozesua oso neketsua izan da, egia esan.



•Zein izan da lan horren emaitza, hau da, nolako musika egin duzu?



Obra naturaren eta gizakiaren arteko harremanaz ari da, eta harreman hori batzuetan armoniazkoa da, eta beste batzuetan tentsioa da nagusi. Musikak egoera horiek islatzen ditu. Niretzat, egia esan, erronka izan da, musika instrumentala oso gustukoa dudalako. Ahotsik gabeko piezak erronka dira, ahotsik gabe azaldu behar duzulako esan nahi duzun guztia, eta, aldi berean, pieza atsegina osatu.



•Zuzenean joko duzu egindako musika, eta, horretarako, ongi ezagutzen dituzun musikariak hautatu dituzu laguntzeko.



Bai, Txema Garces (baxua) eta Xabi Lopezekin (gitarra) bizpahiru diskotan egin dut lan, ongi ezagutzen dugu elkar. Mikel Andueza (saxo eta klarinetea) ezagutzen nuen, baina elkarrekin lan egiten dugun lehen aldia da, eta oso pozik nago,ezin hobea delako.



•Errepikatzeko prest?



Bai, bai. Gogorra izan da, baina oso interesgarria. Banuen gogoa egiteko eta errepikatuko nuke.

Dokumentuaren akzioak