Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aire, aire!

Dokumentuaren akzioak

Aire, aire!

Jalgi Hadi dantzara

Egilea
Amagoia Mujika
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Bergara
Mota
Erreportajea
Data
2002/05/12

Gerraurreko neska-mutilen dantzaren inguruko harremanak geldiarazten saiatu zen eliza, baina apaizen dotrinak ez zuen nahiko indar bizi-bizirik zen dibertitzeko era makaltzeko. Francoren garaipenak, berriz, fandangoak eta arin-arinak plazetatik desagerrarazi zituen, eta gerora zaila izan da bizitasun hori lehengoratzea. Txapelketei esker iraun du neurri batean dantzak, baina erromerietara itzultzeko ahalegina egin beharra dagoela uste dute dantzazaleek. Jalgi hadi dantzara! Bergaran atzo egin zen Erromeria Nazionala horretan hasteko urratsa izan zen. Joxe Juan Ugalde Euskal Dantzarien Biltzarreko kide eta ekimenaren antolatzailea hantxe zen jende artean. «Txapelketetako parametro perfekzionistetatik dantzatzeko era natural eta askotarikora itzuli behar dugu, kutsu herrikoiagora; oreka lortu behar dugu bien artean. Garai modernoek ez dute horretan laguntzen, baina ez da ezinezkoa. Alemanian, Katalunian, Irlandan eta Europako beste herri askotako usadio biziak dira horren adibide».



Euripean elkartu ziren, goizean, Bergarako kaleetan Euskal Herriko txoko askotatik iritsitako dantzariak. Sasoi betean aritu ziren tokian tokiko dantza erak harro erakusten. Eguerdian zuten erakustaldirako beroketa izan zen hura.



13:00etan, berriz, herriko plazara joan ziren, oholtza inguruan elkartutako jendetza oin puntetan jartzera. «Erakustaldirako, dantzatzeko era eta belaunaldi anitz aukeratu ditugu», Ugaldek trikiti soinuen artean ozen adierazi zuenez.



Gazteen perfekzioa eta zaharren freskura



Josune Fernandez eta Alex Torre Euskal Herriko txapeldun gazteak izan ziren lehenak; 14 urtetik beherako bergararren erakustaldia hurrena. Mugimendu bizi horien ostean, Iparraldeko patxadaz dantzatu zuten Jota Añesek eta Patxik. Zuazoko dantzariek, berriz, Arratiako moldeak erakutsi zituzten. Sarriegitarrak —ez gazteenak— izan ziren hurrenak fandangoan eta arin-arinean. Juan erdian jarrita —Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapeldun izandakoa—, Nati eta Karlos senideak zituen inguruan. «50eko hamarkadatik gabiltza dantzan», dio Natik arnasestuka oholtzatik jaitsi berritan. «Herrikoiagoa zen orduan. Hala ere, gozamena da gaurko gazteen dantza ikustea».



Hernanin harrobi handia du dantzak, baina baita Bergaran ere, eta atzo leku berezia izan zuten bertakoek. Duela 30 bat urte Moises Azpiazuk taldea sortu eta utzi behar izan zuenean, Dani Azpiazuk hartu zion lekukoa. Noemi Larrañaga, Dani Azpiazuren emazte eta dantza taldeko irakaslea, plazarako zaletasunari eutsi beharraz mintzatu zen saioaren ostean: «Inprobisazioa berreskuratu behar da. Prestatzen ditugu bikoteak txapelketetarako, baina garrantzitsuagoa iruditzen zaigu erromeriako zaletasunari eustea». Errenteriako Ramon Garciak eta Iraultza taldeak garai bateko janzkerak lehengoratzeko lanaz baliatu eta, jantzi originalekin, sekulako kolorea jarri zuten taula gainean.



Baina eguerdiko une gozagarriena Meaka Irungo taldeak eman zuen. 60 urtetik gorako dantzariak denak, «betiko arin-arin eta fandangoa» dantzatu zuten irribarreari une oro eutsiz. «Neska-mutiletan aritzeko hasi ginen erromerietara joaten, eta horretan jarraitzen dugu 40 urte geroago», esan du, barrez, taldeko zuzendari Pello Urtxegik. «Deitzen diguten leku guztietan gaude, baina ez dago lehengo giroaren arrastorik. Gazteak ez dira agertu ere egiten». Pedro Sarzabalbere da taldeko zaharrena. «71 urte ditut, eta ez dut erretiratzeko asmorik. Kirol eta dantza asko egiteak mantentzen nau sasoian».



Bazkalostean —400 lagun elkartu ziren—, Iparraldeko Patxi Perez jarri zen plaza erdian trikitiaren doinura jendea erakartzen. Otorduan elkartu ziren adin lagun jarri zituen dantzan. «Harrigarria da gizon honek lortzen duena», Ugalderen arabera. Ikastaro trinkoaren eta erromeria inprobisatuaren ostean, goizalde arte ziren luzatzekoak jaia, Trikizio eta Eztanda taldeekin. Bergarako lehen urratsaren ostean, Bizkaian izango da hurrengoa, 2004an.

Dokumentuaren akzioak