Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aingeruak hari-musikarekin

Dokumentuaren akzioak

Aingeruak hari-musikarekin

'A Corps Perdus' eta 'Gold Dust Rush'

Lekuak: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia eta Gazteszena aretoa. Eguna: Martxoak 6.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2017/03/08
Lotura
Berria
Aurtengo dFeriako lehen ikuskizun handia zirku eszenikoaren arlokoa izan da. Bivouac konpainia frantsesak bere bigarren sorkuntza ekarri digu —A corps perdus izenekoa— Quebecen jaiotako zirku garaikidearen ildotik, eta arte eszenikoen azoka hasi aurreko egunetan ere programatu dute.

Oso era suabean hasi da emanaldia, eszenako albo batean zegoen Erwan Le Guen txelo jotzailearen eta Maryka Hassiren presentziarekin. Hessi dugu emanaldiaren zuzendaria, eta harenak izan dira abestiak eta hitzezko pasarteak. Kontraste handia sortu da bien artean, Le Guenen konposizioak eta interpretazioa edertasun handikoak izan baitira, baina Hessiren testu ustez transzendentaletatik hitzen erdiak ez baititugu harrapatu bere deklamazio penagarria zela medio. Beharbada, gehiago preziatuko genituzke testuok frantsesez deklamatuak izan balira: hitzen erdiak ulertuko genituzke orduan ere, baina gutxienez ahoskera finago batez gozatuko genukeen.

Egitura kubiko handi batek hartu du agertokiaren bolumen osoa, eta goiko lauki metalikotik lau haga bertikal eskegi dira, pendulu eran batzuetan, paralelismo bertikalean askotan eta diagonaletan beste batzuetan. Zoruaren mailan plataforma birakari batek osatu du eszenaren originaltasuna, eta nik behintzat ingeniaritzaren aldeko hautu hori gogoratuko dut lan honetatik. Hori eta konpainiako bost akrobatek —lau gizon eta emakume bat— aingeruen modura egindako jauzi miresgarriak, pantomima kutsuko itzulipurdi ikusgarriekin noizean behin konbinatu direnak.

Baina ofizialki, astea goizean hasi da, Gazteszenan izandako Gold Dust Rush dantza lanarekin. Eulalia Bergadaren sorkuntza hau Kataluniako Insitutut del Teatre prestigiodunak saritu zuen, merezimendu osoz gure begiekin ikusi dugun bezala, planteamendu koreografiko bakuna eduki arren. Izan ere, lau dantzarien keinu mekaniko malguen errepikapenek eta gorputzen liraintasunari emandako garrantziak erdi ezagunak egin zaizkigu eta —begirunetik esanda— gure Olatz de Andresen estilo gozagarri eta xaloa ekarri digute gogora.

Nago, ordea, beste kontu batzuengatik eman ziotela saria, eta niri behintzat deigarria egin zait pieza osoari emandako sinbolismoa, batez ere ikusi dudanean paradigma kristauaren arabera etorri direla hiru atalak: aingeruak, deabruak, gizaki soilak. Dena dela, koreografoak fin aztertu ditu hirurak, argien eta jantzien diseinu landuan bermatuta eta Aloma Ruiz biolinista bikainaren laguntzarekin. Zalantzarik gabe, musika dugu lan honen balio nagusia —ederrak izan dira, Ave Maria, Dies irae eta Salve Regina-ren berrinterpretatze sanpleatuak— eta askotan iruditu zait musika zoragarri hura ez zegoela dantza girotzeko, alderantziz baizik: irudi dantzatuak zirela musikaren zerbitzura benetan zeudenak.
<em>Gold Dust Rush</em> ikuskizunean musika ezinbesteko elementua da.
Gold Dust Rush ikuskizunean musika ezinbesteko elementua da. BERRIA

Dokumentuaren akzioak