Dokumentuaren akzioak
Aiko Taldeak EHUren Arabako kanpusean zabalduko du euskal musika eta dantza tradizionala
Lankidetza-akordioaren sinatzaile izan dira, EHUren izenean, Javier Garaizar Arabako kanpuseko errektoreordea eta Sabin Bikandi, Aikorenean. Helburua, unibertsitate esparruan musika eta dantza tradizionala sustatzea. Izan ere, Aiko Taldea musikari eta dantza-maisuen kolektiboak estilo berri bat finkatu du dantza tradizionala irakasten eta dantzaren bitartez gozarazteko orduan. Zeregin horretan hamar urte egin dituela, lau mila pertsona baino gehiago pasatu dira taldeak bultzatutako ehunka ikastaro, tailer, erromeria eta emanalditan.
Orain, EHUren Arabako kanpuseko komunitate unibertsitarioak –ikasle, irakasle zein Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak– dantza ikasi eta praktikatzeko beste modu aurrerakoiago, errazago eta jostagarriago batez gozatzeko aukera izango dute, baita interesatuta egon daitezkeen gainerako pertsona guztiek ere, jarduerak jende guztiarentzat baitaude zabalik. Aikok gozamena du bere jardunaren ardatza dantzak sustatzen dituenean, eta praktikaren bidez sustatzen ditu, esaterako, pasodoblea, jota, polka, porrua, mazurka, txotisa eta jauziak bezalako plazako dantzak. Antolatu dituen lehenengo jarduerak, abenduaren 15ean abiaraziko duen dantza-tailerra, eta Dantzaldi Ibiltaria (2016ko asteroko dantza-eskolak) izango dira.
Sabin Bikandi Aikoko musikari eta dantza-maisua arduratuko da eskolak emateaz. Bikandi Etnomusikologian doktoratu zen Londresko Unibertsitatean, eta aurten, ikuskizun eszenikorako musika-konposizio onenaren Max Sari preziatua eskuratu du. Euskal dantza tradizionala ikertzeaz gain, musika konposatu eta musika-moldaketak egiten ditu. Bere lanetan, era eta tankera guztietako doinuak aurki daitezke txisturako musikari dagokionez. Goi mailako musika irakaslea izanik, hainbat irakaskuntza-zentrotan lan egin du, eta musikari gisa, Axlor taldeko kidea, Bilboko Udal Bandako danbolin-jolea eta Aiko Taldeko sortzailekidea izan da.
Dantza-tailerra irekia abenduaren 15ean
Hitzarmenaren ondorioz antolatuko den lehenengo jarduera, Unibertsitateko Pabilioian eskainiko den dantza-tailerra izango da, abenduaren 15ean, 18:00etatik aurrera, EHUren Arabako kanpusak Unibertsitatean euskara sustatzeko 2012an abiarazi zuen EHUskARABAnda ekimenari atxikita. Tailerra, unibertsitateko jen dearentzat ez ezik, publiko orokorrarentzat ere irekita egongo da, eta ondorioz, aukera paregabea eskainiko die dantza tradizionalak ikasi nahi dituzten guztiei, taldearen metodo 'naturalagoa, lasaiagoa eta jostagarriagoa' froga dezaten, 'dantzan ikasteko beste era bat', Aikokoen esanetan.
Dantzaldi Ibiltaria, 2016an
Unibertsitate publikoaren Arabako kanpusarekiko akordioa abian jarri ahala, Gasteizera hedatuko da Aiko Taldeak Bilboko Bizkaia Aretoan –EHUren Abandoinbarrako paraninfoan– abian duen Dantzaldi Ibiltaria izeneko ikastaro egonkorra. Honela, 2016an, otsailetik ekainera bitarteko ostegunetan, prestakuntza-ekintza hau Arabako Kanpusean ere antolatuko da (90 minutuko asteko eskolak), interesatuta dauden pertsona guztiek hastapen mailan (18:00etan) nahiz maila aurreratuan (19:30etan) trebatzeko aukera izan dezaten. Ekimena jende guztiarentzat irekita dago, baina EHUrekiko lotura dutenek eta 30 urtetik beherakoek prezio bereziak izango dituzte matrikuletan.
Izena ematea eskoletan bertan edo emailez egin daiteke (bulegoa@aikotaldea.eus) baita telefonoz ere, 634 423 539 zenbakian. Lehengo probatu eta gero erab aki nahi dutenentzat, eskolak doakoak izango dira otsailean, eta ikastaro osorako matrikula horren ondotik egin ahal izango dute. Izena emateko epea irekita dago jadanik.
Aiko Taldearen Dantzaldi Ibiltaria Kutxabanken babespean egiten da eta Bizkaia Aretoan (Bilbo) ez ezik, Donostian (Victoria Eugenia Antzokia), Durangon (Plateruena Kafe Antzokia), Markinan, Gernikan, Galdakaon eta Berastegin segi daiteke. Orain, EHUrekiko lankidetza-hitzarmenari esker, Arabako hiriburua gehitu zaie. Joan den udan, Gasteizko Andra Mari Zuriko jaietan, Aiko Taldeak erromeria jendetsua eskaini duen bertako Matxete Plazan.
Aiko Taldeak unibertsitatearekin sinatu duen bigarren hitzarmena da hau, iaz EHUren Bizkaiko Kanpusarekin izenpetu eta partehartze-arrakasta handia ekarri duen itunaren ondotik. Ekimen honi esker, hainbat tailer, mintegi eta erromeria antolatu dira Bizkaia Aretoan. Horien artean, 6 urte arteko umeei zuzendutako familia giroko Kulunkaz dantza-tailerra nabarmen daiteke, baita musikarien artean dantza-errepertorioa zabaltzea xede duten ikastaroak ere edota estatuko beste autonomia-erkidegoetako dantza-maisuen laguntzaz jota ulertzeko era desberdinak elkartu dituen Jotalariak izeneko ekimena, besteak beste.
Aikoren jarduera ez da, bestalde, zuzeneko emanaldietara mugatu, dantzatzeko musika biltzen duten 10 disko argitaratu baititu, herri-kulturaren ondarea ikertu eta ezagutzera emateko ekimenetan ere parte hartuz, hala nola “Fasioren Mendea” (Bonifazio Arandia musikari arratiarraren bizitza eta obrari buruzko ikerketa-lan sakona) edota “Urraska-Dantza jauziak Sagasetaren bidetik” (jauzien errepertorio osoari buruzko multimedia-bilduma).
Webgunea: www.aikotaldea.eus
Facebook: Facebook.com/aikotaldea
Twitter: @aikotaldea
Youtube: https://www.youtube.com/user/aikotaldea
Dantzari Ibiltariaren bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=LdI0W1Cmusg&feature=youtu.be
Oinak Kantuz CD-Marijo (tangoa): https://www.youtube.com/watch?v=PTQ5Qb2huoM&feature=youtu.be
Soken dantza CD-Jota elektrikoa: https://www.youtube.com/watch?v=C8QMBtigSjM&feature=youtu.be
Dokumentuaren akzioak