Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aiherrako kabalkada, Nafarroaren leihoan

Dokumentuaren akzioak

Aiherrako kabalkada, Nafarroaren leihoan

Aiherra herriak aurten bere lehen kabalkada jokatu du irailaren 22an eta 29an, eta bietan arrakasta handia ukan dute, plazako harmaila guztiak jendez gainezka izan baitira. Kantak, dantzak, antzezlanak, istorioak… biziki ederrak, alaiak eta airoxak izan dira, kolore eta umore handikoak. Baxenafarroako herri honek ederki jakin du horrelako ikusgarria ematen. Eta hori dena Nafarroaren Leihoan.
Egilea
Joseba Aurkenerena
Komunikabidea
Naiz
Mota
Iritzia
Data
2019/10/17
Lotura
Naiz

Iparraldean euskal kulturarekin loturiko hainbat ekitaldi indarra hartzen ari direla errealitate ukaezina da. Adibiderik onena Zuberoako pastorala dugu, urte oroz egiten dutena eta ikusle kopuru handiak erakartzen dituena. Azken urteetan, gainera, Lapurdin eta Nafarroan ere zenbait pastoral jokatu dute. Inautearekin gauza bera gertatzen da, lehen Zuberoako maskarada zen erreferentzia nagusia, eta azken bospasei urtetan, berriz, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko libertimenduak ere, arrakasta itzela lortzen ari dira. Gero eta gehiago dira libertimendua antolatzen berriz hasi diren herriak, eta guzti-guztietara jende parrasta joaten da ikustera eta  gozatzera.

    Eta zer erranik ez, Nafarroa Beherean eta Lapurdin jokatzen diren  kabalkada-toberekin. Hau ere gorantz doa, eta indar handiz. Azken hamarkadan ikaragarri indartu eta zabaldu da, eta urtero bat edo bi izaten ditugu, kalitate handikoak gainera eta harmailak jendez betetzen dituztenak. Dantzan.eus agerkari elektronikoan 2018ko azaroaren 13an, izenpeturik gabeko artikulua plazaratu zuten, Kabalkadaren loratzea izenekoa, eta hortxe ikus daiteke ikusgarri mota honek izan duen gorakada handia. Horrelako zerrenda eskaini ziguten –nik eguneratu dudana-: 1976an Baigorrik kabalkada jokatu zuen, 1988an Eiheralarrek, 1991n Amikuzek, 1992an, 1994an, 1997an eta 2001an Itsasuk, 2002an Luhusok, 2003an Heletak, 2007an Itsasuk berriz ere, 2009an Donapaleuk, 2011n Izpurak, 2012an Irisarrik, 2014an Urruñak eta Lekornek, 2016an Makeak eta Sarak, 2017an Bidarraik, 2018an Uztaritzek eta aurten Itsasuk eta Aiherrak.

    Beraz, ez da makala euskal ikusgarriekin gertatzen ari dena, eta ene aburuz, biziki lotua da Iparraldeko hiru lurraldeetan ematen ari den euskal pizkundearekin. Bada nahikari bat euskalduntasuna aldarrikatzeko, eta indartzeko, eta hori politikan ere ikusten ari gara. Beraz, loratze hau luzerako izan dadila. Heldu den hamarkadetan fruitu ederrak ekarriko dituelakoan nago.

1.- Aiherrako kabalkadaren aurrekariak

    Aiherra Nafarroa Behereko Arberoa eskualdeko herria dugu, Lapurdiko Hazparnetik gertu dagoena. Arrunt euskalduna, laborantzarekin lotua, eta euskal erroak ongi atxikitzen jakin dituena. Gipuzkoako Antzuola herriarekin aspalditik birazkatua dago eta bi herrietako herritarren artean badira harreman sakon eta goxoak, aurten jokatu duten kabalkadan ikusi den bezala, antzuolarrek sostengua eman baitiote, dantzari, laguntzaile eta ikusle gisa.

    Iduriz Aiherran ez da nehoiz kabalkada-toberarik jokatu, dokumentazio zaharrean ez da arrastorik aurkitu, bederen, baina aihertarrek atxikimendu handia erakutsi dute beti euskal kulturarekiko, eta azkenean, lehen kabalkada bat emateko deliberoa hartu dute. Eta nola, gainera! Herritar mordo bat bildu da kabalkadaren inguruan eta denon artean, zuzen eta artez, bideratu abentura eder hau.

    Samuel Bizkaik Nafarroaren leihoan izeneko tobera idatzi du, Manex Fuchs izan da antzerki gidaria, Letizia Lartigue dantza irakaslea, Jean-Louis Hegi makil jokoa erakutsi duena, Xabi Etxeberri musika sortzaile eta kudeatzailea eta Kristof Hiriart dantza sortzaile eta irakaslea. Lan-talde ederra pastoral eder baterako.  Irailaren 22an jokatu zuten lehen saioa eta 29an bigarrena. Ni lehenengora joan nintzen eta horixe da orain, ardatz harturik, kontatuko dizuedana.


2.- Aiherrako kabalkadaren egitura eta jokoa

    Samuel Bizkaik tobera lau agerralditan banatu du eta lauetan ohiko dantzak, bertso saioak eta antzezkizunak ederki antolatu eta korapilatu ditu. Kabalkada arratsaldeko 4etan hasi zen, eta hiruetatik plazako harmailak bete-beterik zeuden. Goizean bota zituen euri parrasta handiak ez ziren traba izan euskal geografia osotik etorritako kabalkada-zaleentzat, eta nolabait sarituak izan zirela erran daiteke, arratsalde eta arratsean ez baitzuen euririk bota Aiherrako bazterretan, eta tarteka eguzkiak ere goxo berotu zuen.

    Lauetan, ttanko, kabalkada jendez mukuru zen plazan sartzen hasi zen. Hasieran zaldizkoak, gero banderariak, horien ondotik iritsi ziren zapurrak, makilariak, herritarrak, kaskarotak, bertsolariak eta musikariak. Ohiko itzulia egin zuten plazan eta pittaka-pittaka atera ziren gero. Berrehun bat pertsona, gutti gorabehera.

Denborarik galdu gabe, lehen agerraldiari hastapena eman zioten. Ramuntxo Christyk eta Aitzol Iturbek giroa berotu zuten, kabalkadaren nondik norakoak aipatuz. Hauek bukatu bezain laster, dantzariak sartu ziren mazurka eder baten doinuari jarraituz, eta segidan, Antzoriz eta Martxa eskaini zituzten ikusleen txaloaldi beroak jasoz. Dantzariek amaitu orduko jujea, jaun abokatak eta horrelakoak sartu ziren, furgoneta moduko batean. Jaun  jujea, gorriz jantzirik zegoen eta zutik zihoan. Inguruan, eta babesle gisa, lauzpabost jendarma. Plazan itzuli bat egin zuten eta bigarrenari ekin behar ziotenean, ezezagun batzuk plazara sartu eta epaile nagusia tiroz hil zuten. Atentatua argitzeko asmoz kazetari batzuk agertu ziren, baita ETB-koak ere, eta han ibili ziren jendeari galderak egiten, baina alferrik, inork ez baitzien deus erantzun.

Jendarmak aztoratuta ibili ziren, zizpak eskuan jendea mehatxatzen eta azkenean hamabost bat lagun preso eraman zituzten. Hori ikusirik, herritarrak oldartu zitzaizkien eta jendarmak plazatik uxatu zituzten.

Bigarren agerraldiaren hasieran bertsolariak gertatutako atentatuaz mintzatu ziren luze, deus handirik argitu gabe. A zer nolako tobera jaun jujerik gabe! Nork epaitu behar zuen? Jarraian dantzarien aldia izan zen: Makeako soka-dantza, Gau-ainarak  eta bukatzeko Claude Iruretagoienak eginiko Alapidea izeneko soka-dantza eder eta alegera. Gero antzerkiaren tenorea izan zen eta herrian gertatutako hainbat kontu ederki astindu zituzten kritika eta irrien artean. Lauak aeronautika enpresako afera izan zen ardatz, eta hor ibili ziren nagusia, idazkaria eta langileak hitz eta pitz eta joko handia erakutsiz. Lantegiko sarreran daukaten abionetaren antzeko bat plazara eraman zuten.

Hirugarren agerraldian bertsolariek aipatu enpresako gertaerak ekarri zizkiguten gogora eta gero herritarrek plaza bete zuten paregabeko fandango eta arin-arina eskaintzeko. Antzerki jokoa bizi-bizia izan zen eta hainbat aipamen egin zuten: lur salmentak, promotoreak eta auzapezaren deliberoak salatu zituzten, Bixente Larralde pilotaria eta bere oiloa aipatu zizkiguten eta baita Izturitzeko meategiko langileen afera ere. Halako batean, jendarmak igel-zangoz jantzirik azaldu ziren eta hainbat herritar atxilo zuten eraman.

Eta laugarren agerraldian ohiko egitura erepikatu zen baina antzerki jokorik gabe. Hasieran bertsolariak, ondoren makilariak eta bukatzeko dantzariak. Azken hauek Euskaldunak eta sorginak  eta Kadrilak  ederki dantzatu zituzten ikus-entzuleen esku-sarta beroak bereganatuz. Kadrila bereziak izan ziren Christian eta Patrick Larralde anaiek eginak, fin-finak eta alai-alaiak. Jujerik ez zenez, ez zen inolako epaiketarik izan. Bertsolariek bazuten lehenagotik hori iragarrita: Epaia nola emanen dute, epailea hil badute? –Ramuntxo Christyk, eta Epailea jo ta hil dute herririk har dezan hitza –Aitzol Iturbek; beraz, inolako epairik gabe bukatu zuten tobera.

Amaiera gisa, eta ohikoa den bezala, arizale guzti-guztiek azken kantua abestu zuten. Hitzak Ramuntxo Christyrenak ziren eta airea Kristof Hiriartenak. Kabalkadaren izen bereko kantua: Nafarroaren leihoan, Aiherrak duen kokapen geografiko berezia aipatuz. Hona hemen:

- Bildarritzetik Apairaino eta Hergaitzetik gora,
berdin Erketa eskualdetik ta Egipto axokora,
Peña gainetik, Zokoan barna edo Burgada ondora,
gure herria osatzen dugu denek auzotik auzora
eta auzoak begira dira Nafarroaren leihora.

- Ikus daitezke haur zonbeit plazan, pilotan zoin gehiago,
ta gazteria muntatu nahian zerbait antzerki arraro,
kantari botzak entzuten dira, xoriak baino finago,
pilota klaskak, irri, kantuak ta euskara ahoz aho,
Nafarroaren Leihoan oino argia pizturik dago.

- Posible balitz denak elkartzea gure herriko plazara,
hango hemengo, zahar ta gazte, denentzat lekua bada,
ni antzerkian, xu musikari ta ziek berriz dantzara,
guziak bildu elgarrekin ta bakoitxa bere gisara,
Nafarroaren leihoan hola sortu dugu kabalkada.

- Ta bihar ere bide beretik nahi dugu aitzina joan,
inguruari zabalik eta etxea non dugun gogoan,
gure erroak barneratuak lur emankor ta sendoan,
Aiherra beti geldituko da Nafarroaren leihoan.


    Ondoren, arizale guztien desfile alai eta airosa egun paregabea ezin hobeto bukatzeko. Gero gerokoak, jendea kantinan arnoa edaten edota taloak jaten eta Kiki Bordatxoren erromeria bazterrak alaitzeko. Eta hori dena euririk gabe. Baten batek egin zuen denok desiratzen genuen miraria.
Etxerako itzulbideari ekin genionean, hortxe, bide bazterrean, ikusi genuen bide-txartel oso berezi bat. Honela zioen: Antzuola 140 Km. Lehen aipatu birazkatzearen eta aihertarren umorearen lekuko ezin hobea.


3.- Kabalkadari buruzko nire iritzia

     Aurten, artikuluaren hasieran aipatu dudan bezala, bi kabalkada izan ditugu. Lehena Lapurdin, Itsasu herrian eta bigarrena Baxenafarroan, Aiherran. Bi-biak eder-ederrak eta merezimenduz beteak. Kabalkada-toberen afera honetan Itsasu dugu nagusi, bera baita historian zehar kabalkada gehien jokatu duen herria. Aurten, agorrilaren 31n eta irailaren 7an itsasuiarrek jokatu kabalkada ikaragarri ona izan zen eta jendea kexu zegoen Aiherrako kabalkadarekin, Itsasukoa parekatzea zail samarra izanen zelakoan.

    Baina aihertarrek ongi erakutsi zuten ez direla koldartzen diren horietakoak, eta aitzina eginez, sekulako kabalkada jokatu ziguten. Publikoa loriatu zen eta txaloaldi luze eta beroez saritu zituzten  aihertarren dantzak, makilariak, tobera jokoa eta kantua. Kabalkada hau izan zen Aiherran egin duten lehena, baina atzeman zuten arrakasta ikusirik, ez dut uste azkena izanen denik. Nire aldetik aihertarrak zoriondu nahi nituzke erakutsi duten adorea, jarrera eta sentimenduagatik.

Aiherra herri euskalduna da, gazteria badute, eta baita bizitzeko eta aitzina egiteko grina ere. Badute, beraz, kabalkadak egiteko behar-beharrezkoak diren osagai guztiak. Ramuntxo Christy bertsolariak kantuaren hirugarren koblaren bukaeran ederki azaldu zigun zein den Aiherra herriaren errealitatea: Nafarroaren Leihoan oino argia pizturik dago! Eta azken koblan mezu bera ekarri zigun gogora, baina indarrez eta itxaropenez beterik: Izan ginena gira gaur eta izanen gira geroan / Aiherra beti geldituko da Nafarroaren leihoan!

Dokumentuaren akzioak