Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aiert Beobide: "Freskotasun opari bat da 'Bi punturen artean' ikuskizuna"

Dokumentuaren akzioak

Aiert Beobide: "Freskotasun opari bat da 'Bi punturen artean' ikuskizuna"

Alurr dantza taldeak Bi punturen artean ikuskizun berria estreinatuko du larunbatean Tolosako Leidor antzokian

Bi punturen artean da Ibarrako dantza taldeak prestatu duen emanaldi berria. Larunbatean estreinatuko dute, Tolosako Leidorren. Dantza, musika eta marrazkiak biltzen ditu ikuskizunak, izan ere, abiapuntua Carmiña Dovaleren marrazkiak eta Joxean Artzeren poesiak dira. Taldeko Aier Beobidek egin ditu zuzendari eta koreografo lanak, eta Ataria berarekin bildu da, lan berezi honen xehetasunak ezagutzeko.
Egilea
Rebeka Calvo
Komunikabidea
Tolosaldeko ataria
Tokia
Ibarra
Mota
Elkarrizketa
Data
2015/06/02
Lotura
Tolosaldeko ataria

Zaila izango da ‘Bi punturen artean’ hitzez deskribatzea, baina saiatuko al zara? Zer aurkituko du ikusleak?
Lana guztiz berria da, baita koreografia guztiak ere. Aukeratutako gaiak behartu gaitu emanaldi guztia, goitik behera, berria egitera. Koreografiatutako 15-17 agerraldiz osatuta dago, guztiz desberdinak. Ikuskizunaren oinarrian Carmiña Dovaleren marrazkiak daude eta horiei esanahia bilatzeko Joxean Artzeren hitzak hartu ditugu. Bi hauek dira zutabeak. Eszena eta gaiak horren arabera aukeratu ditugu, hau da, bi zutabe hauek aukeratu ditugu hitz egiteko, eta horren gainean dantza desberdinak sortu ditugu.


Oinarria beraz, Dovaleren marrazkiak dira, puntu batean hasi eta beste batean bukatzen direnak...
Oso marrazki sinpleak dira, denbora pasan, telefonoz hitz egiten duen bitartean esaterako, egiten dituen marrazkiak dira. Bi puntu egiten ditu beti, eta horiek lotu, sinpletasunetik konplexutasunera doazen lanak dira. Marrazki hauen muina bi puntu dira; lerro batek lotutako bi puntu. Horiek ikustean segituan etorri zitzaigun burura Artzeren olerkia [Bi punturen artean, zein da biderik laburrena? Biderik ederrena!].  

Koreografia berriak dira eta musika berezia, ezta?
Dena desberdina da, koreografia guztietan freskotasuna eta originaltasuna mantentzen saiatu naiz, eta horrek dantzariak esfortzu handiagoa egitera behartu ditu. Musika aldetik ere doinuak desberdinak dira. Egitura aldetik erritmoa jarraitzeko pieza zailak dira eta dantzariek, zentzu honetan, lan handia egin dute. Dantzari hauek gainera, ez daude oholtzara ohituta, eta ziurtasuna hartzeko denbora gehiago beharko dute. Ikusleentzat freskotasun opari bat izango da. Musika oso librea, jazzeroa, entzun ahal izango da. Teknikaren zailtasunetik ateratzen saiatu naiz, eta nahiz eta mugimendu gimnastikoak egon, modu naturalean egiten saiatu naiz, modu organikoago batean txertatzen. Koreografiek bizipoza dute.

Alurren ezaugarria bada dantza tradizionalaren eta garaikidearen arteko mugan ibiltzea beti, baita oraingoan ere?
Badirudi tradizioa zaharkitua dagoen zerbait dela eta geldirik dagoela, ezin zaiola buelta eman, eta Alurrek bere hasieratik apustu hori egin du; gauza berrien bilaketa horretan aritzea tradizioa albo batera utzi gabe. Egia da tarteka atzera begiratzen dugula eta hausnartzen dugula ea noraino iritsi garen, nora goazen... baina hori da Alurren dantzarako estiloa; bilaketa horretan jarraitzea eta gauza berriak proposatzea lehengo dantzetan eta ohituretan oinarrituz.

Oreka aurkitu duzue hortaz...
Bi punturen artean ikuskizunaren kontzeptua erabat garaikidea da. Marrazkilari baten lanean eta Joxean Artzeren olerkietan oinarritzea garaikidea da, eta dantzak behar bada, harantz joan dira, baina pausoak ez dira erabat dantza garaikidekoak. Ez gara teknika eta mugimendu horietan erabat murgildu, egia da momentu batzuetan erabiltzen ditugula, baina gure dantza teknika horietara hurbildu dugu, besterik ez.


Zenbat dantzari ikusi ahal izango dira oholtza gainean?
25 dantzari ariko dira eszenatokian, momentu batzuetan bakarka ariko dira eta beste batzuetan taldeka. Jende asko ikusi ahal izango da dantzan, batera, eta horrek badu lana, baina baita saria ere; oholtza gainean horrenbeste jende dantzan ikustea, batera, oso polita izango da.


Eta nola daude? Egun batzuk besterik ez dira falta estreinaldirako.
Dantzariak koreografiak zatika-zatika joan dira ikasten, eta ez zioten tankera hartzen emanaldiari, orain konturatu dira zer den gutxi gorabehera. Hasieran zerbait planoa izango zela uste zuten, ez zuela erakargarritasun gehiagorik, eta orain konturatu dira atzean dagoen guztiaz.

Eta zu, nola zaude?
Ikuskizun konplexua da eta emaitza guztia osorik, paperetik harago, orain arte ezin izan dugu ikusi eta orain lasaiago nago. Orain arte zain geunden, ea zein zen emaitza, buruan genituen kontu guztiak ea nola lotuko genituen... eta orain posible dela ikusi dugunean lasaitasun pixka bat hartu dut. Ertzak limatu behar ditugu orain, eta xehetasun batzuk lotu, baina emanaldia badugu, orokorrean dena lotuta dugu.

Alurrek beti eman die garrantzia berezia jantziei.
Alurren beste ardatz nagusietako bat izan dira jantziak. Garrantzia handia ematen diegu eta horrek argiztapenean ere badu eragina... Zein estetika, zein plastika, ematen diogun oso garrantzitsua da guretzat. Jantzietarako berriz ere Ramon Garciarekin egin dugu lan, guk beti bezala, gauzak proposatu dizkiogu, baina bera artista handia denez, bere airea eman die jantziei, bere berezitasuna. Berriro ere jantzi tradizionalak oinarri hartuta kutsu garaikideko arropak egin ditu. Aurtengo kolorea gorrizta izango da, eta presentzia handia hartuko du eszenatokian –Alurrek ikuskizun bakoitzerako kolore bat aukeratzen du beti–.


Oholtzak dantza baino gehiago hartuko du...
Irudiek ere garrantzi handia izango dute. Argiztapen bereziarekin uztartu ditugu eta segundoz segundo neurtu dugu guztia, jantziekin nola funtzionatzen duen ikusi... Momentu goxoak sortuko ditugu, alaiak.... Ordubeteko emanaldi bizia izango da. Ikusleak zuzenean joango dira ikusten nola sortzen diren marrazkiak. Prozesu guztia ikusiko dute eta horrek ikuslea lotuko du. Oso erakargarria izango da.

Alurrek 20 urte betetzen ditu aurten, eta hori ere islatu duzue lanean.
20 urteurrena dela eta ez dugu ezer berezirik egingo, baina urteurrena ikuskizunean txertatu nahi genuen, eta belaunaldi aldaketa islatuko dugu. Hori Itziar Doyharzabalen eskutik egingo dugu. Berak gorpuztuko du eskualdatze hori.

Dokumentuaren akzioak