Tradizio handiko elementua da txalaparta, bada komunikazioa, bada soinu tresna. Komunikazio tresna modura erabili izan zen antzina Euskal Herriko baserrietan, eta orain, horren erabilera aldatu den arren, esanahi hori mantentzen du Kukai dantza taldeak estreinatu berri duen izen bereko lan berriak. Txalapartaren erritmoetatik eraikitako mugimenduek eta soinuek osatzen dute Txalaparta pieza.
Jon Mayak sortu zuen Kukai dantza taldea 2001ean, eta txalapartak beraien lan egiteko moduarekin “bat egiten” duela uste du. Egurrezko instrumentuak euskal tradizioarekin, identitatearekin, abangoardiarekin, transmisioarekin edota komunikazioarekin dauzkan loturak Kukaik lantzen dituen kontzeptuekin bat datozela dio koreografoak: “Txalapartak sinbolikoki badauka zerbait oso garrantzitsua gure diskurtsoarekin eta lanerako moduarekin bat datorrena. Txalaparta tradiziotik datorkigun elementua da, soinu tresna da, gure identitatearekin oso lotuta dagoena, eta, era berean, elementu abangoardista ere bada”.
Ikuskizuna elkarlanean eraiki du Kukaik, Jesus Rubio koreografoarekin batera. Sorkuntza propioak egiteaz gain, nazioarteko beste koreografo batzuekin lan egitea bilatzen du zenbaitetan dantza taldeak, eta bide hori jorratu du oraingoan. “Horrelako prozesu bakoitzak etxe barruan uzten duen ondarea oso garrantzi-tsua izan ohi da etorkizunerako. Eta, era berean, kanpo begirada batetik gure lana nola ikusten den jakitea eta lan hori beste testuinguru batera eramatea oso interesgarria da”, onartu du Mayak.
Rubiorekin lan egitea, koreografo zein artista bezala, “zoragarria” izan dela dio: “Hasieratik elkar ulertu genuen, biei erakartzen gintuen elkarrekin lan egiteak. Berarentzat erronka bat zen bere egituratik kanpo lan egitea, beste konpainia batentzat prestatu duen lehenengo koreografia delako Txalaparta. Guretzat ere erronka bat izan da bera bezalako pertsona batekin lan egitea”. Konfiantzazko giro batean lan egin dutela aitortu du Mayak, asko hitz eginez, kexkak mahaigainean lasaitasunez jarriz eta irtenbideak elkarrekin bilatuz.
Duela bi urte hasi ziren elkar ezagutzen, konfiantza eraikitzen: “Badago sorkun-tza abiatu baino lehenagoko lana, oso garrantzitsua, sorkuntzari lurra jartzeko balio diona. Urtebeteko lana izan zen gutxi gorabehera, eta gero, beste urtebete egin dugu sorkuntza lanetan”. Lauzpabost egonaldi labur egin dituzte, bizpahiru astekoak, eta horien artean, tarte bat utzi dute, “gauzak pentsatzeko, egindakoa eraldatzeko, eta praktikatzeko”.
Denbora tarte horretan txalaparta ulertu eta musika tresnak eskaintzen dituen aukerak ikasi behar izan dituzte koreografoek: “Txalaparta noski ezaguna daukagu, ze, gure ibilbidean, Juan Mari Beltran eta bere musika oso gertu izan ditugu beti, baita Oreka Txren musika ere. Txalaparta hor egon da beti, baina haratago joan gara oraingoan. Mekanikak ulertu eta ematen dituen aukerak ikusi behar izan ditugu. Hori izan da lanaren abiapuntua”.
Pertsonen etengabeko mugimendua da txalaparta, musikarien arteko alternantzian oinarritzen dena, eta mugimendu horiek jorratzearen erabakia hartu dute: “Ez da nagusiki dantzarako erabiltzen den instrumentua, baina bada erakartzen gintuen instrumentu lirikoa. Horren soinuak mugimenduarekin zelan transmititu genitzakeen arakatu dugu”.
Dantzariak interprete
Mayarentzat “zoragarria” izan da aztertzea zenbat aukera eskain ditzakeen txalapartak. Bi koreografoek lau musika tresna jarri dituzte oholtzan, eta zazpi dantzarik, edo “interpretek”, horiekin lan egiten dute ikuskizunean. “Zoragarria izan da ikustea nola interprete talde berak dantza egin, txalaparta jo eta ahotsetik lan egiten duen ikuskizunean. Gorputz berberek gaitasuna izan dute ahotsetik, erritmo instrumentutik eta gorpu-tzetik komunikatzeko. Eta konbinazio hori oso interesgarria izan da”, onartu du Mayak.
Izan ere, Kukai dan-tza taldeko zazpi dantzari interprete bihurtu dira. Dena egiten dute, eta hori guztia urtebeteko prozesuan ikasi dute. Txalapartari gisa euren burua frogatzea izan zen lehenengo pausoa, txalapartari horiek hutsetik sortu behar baitziren. Mugimendu estilo berri bat barneratu eta instrumentuan lan egiten ikasi behar zuten, eta Aitor Beltran txalapartariaren eta musikologoaren lanari esker lortu dute hori.
Jotzaileen arteko akordioa garran-tzitsua da txalaparta jotzerakoan, baita erritmoarekiko sentsibilitatea izatea ere. “Oso arin ikasi dute. Dantzariak dira, euren gorputza euren lantresnak dira, eta erritmoa barruan daramate. Erritmoak ulertzeko sekulako gaitasuna dute. Ez da ohikoa izaten horrelako profila duten talentudunak aurkitzea”.
Kukaiko dan-tzarien arteko konfiantzak txalaparta ikasteko “lana azkartu” duela dio Mayak ere, pertsonen arteko elkar ulertzean oinarritzen delako txalaparta jo-tzea, eta dantzarien arteko urteetako lanak bide hori erraztu duela uste duelako: “Abiapuntua ez da hutsetik hasi. Txalapartari ez izan arren, badira bizi oso bat erritmoekin harremanetan daramaten pertsonak. Horrek esan nahi du erritmo horiekiko harremana sortuta zegoela, eta erritmo horiek gorputz barruan bazeudela. Hori alde batetik, eta bestetik, orain dela urte askotatik elkarrekin lanean ari diren dantzariak dira, etengabean egunero elkar komunikatzen direnak”.
Beltran ere, musikari ezaguna zen Kukaikoentzat, 2002tik elkarrekin lan egindakoak direlako Maya eta txalapartaria. Hala ere, obra honetan berritasuna dantzariak txalaparta jotzaile gisa heztea izan dela dio Beltranek: “Lehenengo urtean txalaparta irakatsi nien, eta maila nahikoa hartu zutenean igaro ginen sorkuntza prozesura; hau da, Jesusen koreografiaren zerbitzura jarri ginen”. Sortzaile lanak ere egin ditu Beltranek Txalapartan, irakasle izateaz gain, konpositorea ere izan delako.
Txalaparta, lehen lerrora
Musika tresna da Txalaparta ikuskizunaren muina, eta horri ikusgarritasuna eman dio obrak. “Kukaik txalaparta eskutik hartu du eta beste eszenatoki bat eman dio”, azaldu du Beltranek. Baina txalapartaren balioaniztasuna azpimarratu nahi izan du: “Jendearen ikuspuntutik harago, txalaparta oso garatua dagoen tresna da. Normalean, txalapartaren musika estilo bat entzun ohi da, baina musika eskoletan, zorionez, asko sakondu da tresnan. Hala, Kukaik emandako aukera aprobetxatu dut erakusteko txalapartarekin erritmo modernoagoak edo konposatuagoak (zazpi bosteko, hamabi zortziko, bost zor-tziko...) landu daitezkeela”. Ondorioz, erritmo konposatu horietako asko ikus daitezke: hiru txalapartari hirukotean, eta zazpi interprete ere elkarrekin, esaterako. “Lau-lauko batean jotzen dute, baina konplexuagoa den Kirikoketa estiloa ere lantzen dute. Harro nago”, aitortu du Beltranek.
Materialak, estiloak, beste tresnekin jotzeko aukerak eskaintzen ditu musika tresnak, eta hori buruz ezagutzen dena baino “apur bat haratago joateko” aukera izan du: “Txalapartak sekulako indar sinbolikoa du gure herrian, tresna berezia da, baina musikalki ere oso interesgarria eta sakona da”.
Musika horizontala
Txalapartak leku esanguratsua du Mayak eta Beltranek zuzendutako obran, baina musika elektronikoak ere leku propioa hartzen du. Bi estiloek ez dute eszenatokia “asko” elkarbana-tzen, txalapartaren esanahaia, aldiz, bai. Aitor Etxebarria izan da ikuskizunerako musika elektroniko originala sortzeko arduraduna, eta txalapartaren bertikaltasuna musika horizontalarekin uztartu du: “Txalapartaren egurrak horizontalean kokatzen diren arren, instrumentu bertikala da, makilek goitik behera jotzen dituztelako egurrak. Dena dela, nik kontrako norabidea hartzea erabaki nuen”. Hala, musika horizontala sortzeko musika tresnak - biolinak eta biolak- oinarri hartu, eta musika klasiko zein neoklasikorantz jotzea erabaki zuen konpositoreak: “Dena instrumentu digitalekin egin dut. Musika elektroniko horizontala da sortu dudana, baina perkusio basati ba-tzuk ere egin ditugu, hunkigarriak”.
Koruen ahotsak ere jorratu ditu, zeintzuetan txalapartaren erritmoak nabaritu daitezkeen; izan ere, publikoari erritmo horiek “beste era batera” transmititzea bilatu du. “Txalapartaren erritmoak ahotsen bitartez heltzen zaizkie, euren an-tzekotasunak eta desberdintasunak erakutsiz”. Sortze prozesua luzea izan dela onartu du, eta aitortu du “oso” baliagarria izan zaiola, interpreteen eta koreografo zein musikagileen lana gertutik jarraitzea.
Emaitzarekin “gustura” geratu dira denak ala denak, ikusleen feedbacka “oso ona” izan da, eta konziente dira herritarrak erakartzeko obra eraiki dutela, estetikoki “interesgarria” eta koreografikoki “indartsua” dena.
Donostian eta Bilbon egon ondoren, Gasteizen egingo du geldialdia Kukai dantza taldeak bere ikuskizun berria jendaurrean erakusteko. Txalaparta ikuskizunaz gozatzeko aukera izango du ikus-entzuleak otsailaren 27an.