Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Agurtzane Intxaurraga: «Ez dakit norbaitentzat erreferente izan naizen edo naizen, ez da nire helburua»

Dokumentuaren akzioak

Agurtzane Intxaurraga: «Ez dakit norbaitentzat erreferente izan naizen edo naizen, ez da nire helburua»

Bere bizitzaren erdia baino gehiago eskaini dio Agurtzane Intxaurragak antzerkiari, baita Hika Teatroari ere; 35 urte bete berri ditu konpainiak. Euskal eszena nola aldatu den eta etorkizuneko erronkak zeintzuk diren ikusi ahal izan du antzerkigileak.
Egilea
Amaia Jimenez Larrea
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2024/06/30
Lotura
Berria

Agurtzane Intxaurraga, antzerkigilea eta Hika Teatroaren sortzaileetako bat, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU

Agurtzane Intxaurraga, antzerkigilea eta Hika Teatroaren sortzaileetako bat, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU

Lana, lana eta lana. Hori da Agurtzane Intxaurragaren (Orozko, Bizkaia, 1966) leloetako bat. Bizimodu arrunt bat izateari uko egin, eta antzerkiaren eta dantzaren munduan sartzea erabaki zuen gaztetan. Geroztik ez da arte eszenikoetatik urrundu. Antzertin ikasten hasi, eta segituan sortu zuen Hika Teatroa, beste bederatzi ikaskiderekin batera. Urteen poderioz, bakarrik geratu zen konpainiaren gidaritzan, baina bere lanean sinesten zuenez, proiektuarekin aurrera egitea erabaki zuen. 35 urte pasatu ditu horrela, eta, «lehen aldiz», bere buruari urteurrena ospatzeko «baimena» eman dio. Izan dira ospakizunak, tartean, ekainaren 14an, sektoreko lagun eta lankideekin batera, Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatu zuen dokumentala: 35 urte eszenara begira. Konpainia erdigunean jarri beharrean, sektorea 35 urte hauetan nola aldatu den aztertzen du dokumentalak, hainbat eragileren hitzetan.

Urteurrenaren ospakizun nagusietako bat pasatuta, zer moduz zaude?

Oso ondo, emozioz gainezka. Berezia izaten ari da. Dokumentala aurkeztu genuen ekainaren 14an, urrian neronek idatzitako obra estreinatuko dugu... Hori berezia izaten ari da, nigandik asko ematen ari naizelako.

Urteurrena dela eta, zeure buruari ospatzeko baimena eman diozula aipatu izan duzu. Zergatik diozu hori?

Beti izan naiz bigarren planoan geratzen diren horietakoa. Ez dakit heziketagatik, emakume izateagatik, edo baserri munduan jaio nintzelako den. Neure buruari gutxitan eman diot ospatzeko aukera, beti egon naiz lan, lan eta lan. Lanaren bidez iritsi naiz iritsi naizen tokira. Askotan ez dut erraza izan, edo ez didate erraz jarri; emakume izateagatik, edo dena delakoarengatik. Iaz lagun batek aipatu zidan: «35 urte? Konturatzen al zara?». Hor ikusi nuen nik ere ospatu egin behar nuela. Zergatik ez? Zeren eta Hikak beste 35 urte bete ditzake, baina agian nik ez. Espero dut Hikak betetzea, baina zaila da, errelebo falta baitago. Ni neu naizenetik, nigandik, eta ikasi dudanetik egiten ari naiz hau. Hika osasuntsu iritsi da, eta ni neu ere bai. Nire bizi proiektua osasuntsu dagoela sentitzea oso garrantzitsua da niretzat. Oparirik ederrena da.

Zein da sekretua?

Lana. Egiten duenarekin konprometitua den pertsona bat naiz, eta, beharbada, hori da urte hauetan aldatu dena: jendea oso konprometitua da, baina ez epe luzera. Sentitu dut bidean harri asko jarri dizkidatela. Eta horrelako jarreren aurrean, errebelatu egiten naiz. Erreferenteak behar dira. Ez dakit norbaitentzat erreferente izan naizen edo naizen, ez da nire helburua. Nire helburua barruan neukan sormen hori guztia ateratzea izan da. Bidea aldapatsua izan da, baina azken urteetan neure buruarekin oreka bilatu dudala esan dezaket, eta motxilak kentzen joan naizela.

 

Eta zeintzuk izan dira motxila horiek?

Neure burua kanpotik etengabe epaitu dut, esaterako. Asko etiketatzen gaituzte, eta nik etiketa horien aurka asko borrokatu behar izan dut. Nire sormena izendapen horiek baino askoz ere zabalagoa da. Gizartea bera ere bada beste motxila bat; gizarte patriarkal eta kapitalista. Produktu bilakatu gaituzte, ez gu geu, baina bai guk sortzen duguna. Bestalde, nik dena eskaini diot bizi proiektu honi, eta, beharbada, batzuetan ez dut asmatu oreka bilatzen nire bizitza pribatuaren eta profesionalaren artean.

Nolakoak izan ziren Hikaren hastapenak?

Ni herri txiki batekoa naiz, Orozkotik atera nintzen, eta kazetaritza gradua egiten ari nintzen antzerkia ikasten hasi nintzenean. Nigandik espero zen ibilbide ohikoago bat egitea. 19 urterekin Erriberriko [Nafarroa] antzerki jaialdira joan nintzen, eta erabat harrituta geratu nintzen. Oso jende berezia ezagutu nuen. Horrek maitemindu ninduen. Ordurako, nire dirua irabazten nuenez, dantza ikastaro batera joaten nintzen Laudiora [Araba]. Erriberriko kideek esan zidaten Resad eskola zegoela Madrilen, eta sartzeko hautaprobak egitera animatu ninduten. Joan nintzen, baina ez ninduten hartu. Gerora, Antzertin sartzeko probak zeudela ikusi nuen egunkarian; horietarako prestatu egin nintzen, eta hartu egin ninduten.

Nola bizi izan zuten hori zure ingurukoek?

Gogorra izan zen familiari eta lagunei esatea Donostiara nentorrela. Garai hartan Donostiara nentorrela esatea Alemaniara nindoala esatea bezala zen. Nire etxean ez genuen telefonorik, eta agian bi astez egoten ziren nire berririk gabe. Nire kideak izan ziren: Imanol Murua, Jaime Otamendi, Ane Albisu... Donostiako taldetxo bat elkartu ginen. Goenkale-n egon nintzen gero, aktore zuzendari gisa, baina ordurako Hika sortua genuen jada. Bederatzi kidek osatu genuen, eta, hasi eta gutxira, zazpi izan ginen. Gero bost, eta azkenak joan zirenak Mikel Laskurain eta Miren Gojenola izan ziren, 2005ean. Urte askoan zorte handia izan nuen, Goenkale-ko lana eta Hikarena uztartu ahal izan nituelako. Horrek askatasun handia ematen dizu arlo ekonomikoari dagokionez. Goenkale amaitu zenean, hasi nintzen Hika proiektu modura gehiago kokatzen.

Nolakoa da Hika ia-ia zeuk bakarrik eramatea?

Gogorra. Gure kasuan, hiru gara: bat administrazioaz arduratzen da, eta beste bat, komunikazioaz eta salmentaz, nirekin batera. Sortzen ni bakarrik nago. Kudeatzen eta sortzen ibiltzen naiz. Enpresaren diru sarrera guztiak nire menpe daude, eta hor dago arazoa. Nik lan asko egin behar dut egitura hori mantentzeko. Horrek presio handia eragiten dit. Nire lankideekin konpromisoa dut, azken finean, euren soldatak aurrera ateratzeko. Urte hauetan guztietan egin dut, baina kasu askotan oso modu larrian. Nik neuk aurreztua nuen dirutik ordaindu behar izan dut askotan. Gero, diru laguntzak jasotzean errekuperatu izan dut diru hori. Zoritxarrez, gaur egungo kultur politikek bakarrik ekoizpenak bultzatzen dituzte. Politika horiek aldatu behar direla uste dut. Sormenaren katearen katebegi guztiak zaindu behar dira, bestela etengabe ekoizpenak egiten ari gara. Izugarrizko eskaria dago.

Eskari handia dago, baina ematen al zaio erantzuna kantitate horri?

Eskari handia dago, baina udalek programatzeko dituzten diru sarrerak berberak dira. Eskenaren [Euskadiko Produkzio Eszenikoen Elkartea] ikerketa batek dio 2014. eta 2019. urteen artean Eusko Jaurlaritzaren ekoizpenetarako aurrekontua %18 igo dela, baina foru aldundien eta udalen aurrekontuak %30 jaitsi direla. Ekoizpena Eusko Jaurlaritzaren menpe dago, baina udalak dira dirua jartzen dutenak gure emanaldietarako, eta aurrekontua jaitsi zaie.

Horrek ez al dio zure lan egiteko moduari eragiten?

Noski, guk gure denbora behar dugu sortzeko, eta nik sentsazioa daukat presio eltze batean sortzen dudala; eta su geldoan sortzea da onena. Non dago gure jasangarritasuna? Gure egiturak jasangarriak izateko autoesplotaziora jo behar dugu. Gure denbora behar dugu sortzeko eta hausnartzeko. Teknologia berrien paradigmaren kontuarekin, non kokatzen dira arte eszenikoak? Horren inguruan lanketa egin beharra dago. Kontsumo moduak ere izugarri aldatu dira, gazteengana iristeko ere zer behar dugu? Horretarako denbora behar dugu, arnastu egin behar dugu. Nik neuk behintzat, ez dut hori lortzen. Zorionez, ikasi dut azkar sortzen. Ideiak batera lantzen noa.

Zer zentzutan aldatu dira kontsumo ereduak?

Terrazak agintzen du orain, asko gainera. Sold out-aren garai honetan, guk oso gutxitan lortu izan dugu hori. Nire ustez, horrek zerikusia du futbolaren masa kulturarekin; horrela deitzen diot nik. Jendeak oihu egin dezakeela sentitzen du horrelako lekuetan, edan, salto egin... Arte eszenikoek beste puntu bat eskatzen dute. Aipatu ditudan ekitaldi horietan niretzat zarata gailentzen da, eta nik geroz eta gehiago maite dut isiltasuna. Nik ez dut jendea gure emanaldietara zarata egitera etortzerik nahi.

Antzokietara joatea irakatsi egin daiteke agian.

Bai, hala da, irakurzaletasuna bultzatu daitekeen bezala, edo musikaren munduan barneratzen irakats daitekeen bezala. Orain, momentu honetan, ematen du guztia sakelakoetatik jasotakoa izan behar dela. Etorri parkera, eta entzun ingurua. Hori galtzen ari garela uste dut. Niretzat, arte eszenikoak egungo gizartea azaltzeko tresna bat dira, enpatiarako edo errebeldiarako tresna bat da eszenatokia.

Aipatu duzu gaur egun arte eszenikoetan ez dagoela erreleborik. Zergatik?

Egitura aldetik esan nahi dut. Hasieran zeuden konpainia berberek jarraitzen dugu, nahiz eta badauden berri batzuk. Baina nik esan nahi dudana zera da: iruditzen zait gaur egungo gazteek esperientziak bizi nahi dituztela, eta hainbeste esperientzia daude bizitzeko, non aldatzen ibil daitezkeen. Gaitasun handiagoa dute esateko: «Bueno, bost urte hauetan egitura honek funtzionatu dit, baina beste zerbait sortuko dut». Proiektu puntualak sortzen dira, hainbat sortzaile elkartu, eta ikuskizun bat sortzen dute. Baina egitura moduan, konpainia gisa edo, ez dago asko.

Urte hauetan guztietan noizbait sentitu izan duzu zure lana ez dutela baloratzen?

Bai. Nik jende asko daukat inguruan arte eszenikoak bizi dituena, baina badago beste jende bat ez duena ohiturarik. Gu Alemanian izan ginen joan den urtean, eta sarrerek izugarri balio zuten. Hala ere, lehen emanaldian 1.500 ikusle etorri ziren, eta bigarrenean, 1.000. Hori hemen Hikak ez du lortu. Prestigioa da jendeak sektorea mirestea ere. Nire garaian teatreroak deitzen gintuzten. Jendeak uste zuen pertsona alferrak ginela. Uste dut horri oraindik ez diogula buelta eman. Orain, glamourra duen mundu baten moduan ikusten da aktoreena. Antzertin ikasi nuen nik, eta itxi egin zuten 90eko hamarkadan, eta Dantzerti sortu zen arte [2015] ez da egon horrelako ikasketak egiteko lekurik.

Horrek asko esan nahi du.

Hala da. Adibidez, Euskal Herrian izugarrizko prestigioa du sukaldaritzak, eta hori ikasteko zentro asko daude. Prestigioa ez da bakarrik antzerki taldeak sortzen lortzen; ekosistema bat behar da. Prestigio hori txikitatik irakatsi behar da. Gazte ikuskizunean [Hika eta Oinkari dantza taldea, 2021] aritu nintzenean dantzari bati gertatu zitzaiona kontatuko dut: Suitzan dago konpainia batean lanean, eta azken emanaldia egitera etorri zen Euskal Herrira. Nik, kuriositatez, galdetu nion ea zenbat diru irabazten zuen, eta badakizu zenbat? 5.100 euro hilabetero. 19 urte ditu. Esan zidan: «Autobus geltokietan, proiektuaren zuzendaria edo dantzarietako batzuk agertzen gara». Hori da jendeak inguruan duena baloratzea; dantza konpainiak edo dena delakoak inguruari nolabaiteko balioa ematen diola sentitzea.

Zuk nola bizi duzu sorkuntza?

Gauza asko egiten ditut batera, eta hori da pena. Dokumentalean esaten dut noizbait erretiroa hartzen badut, lehenengo aldiz sorkuntza beste modu batera bizitzeko aukera izango dudala: nahi dudanean, nahi dudanarekin, nahi dudan moduan. Orain epe bat betetzera behartuta nago. Denborak dirua balio du. Nik den-den-dena kontratatu behar dut. Nire lagunak dira aktoreak, baina behin eszenatokian sartzen direnean, nire langileak dira. Ez dugu askatasunez sortzen. Gu Hikan hasi ginenean, prozesu bakoitza ia urtebetekoa zen. Profesionalizazioak ekarri du lan baldintzak hobetzea, baina, aldi berean, ekarri duena da gu epe horietan kartzelatuak sentitzea. Sormena denbora kontua da. Ez da matematika; uste duzu asko aurreratuko duzula egun batean, baina agian ez zara hainbestera iristen, eta, gainera, prozesuak irekitzen saiatzen naizenez, denborak ere asko aldatzen dira.

Nola egiten duzu sormen prozesuak irekitzearena?

Euskal Herriko herri batzuetara joaten gara, gure proiektuak guztiz bukatu gabe, edo estreinatzeko gutxi falta zaienean, jendearen erantzuna zein den jakiteko. Atearen beste aldean [2024] egin genuenean, Leioan [Bizkaia] eta Astigarragan [Gipuzkoa] egon ginen eskola batzuetako haurrei erakusten. 2016an hasi nintzen hori egiten, eta, harrezkero, saiatu naiz entseguetarako ateak irekita mantentzen. Guk etengabe behar dugu publikoa.

Eta zer-nolakoa izan da jendearen erantzuna?

Adibidez, Koadernoa zuri [2016] antzezlanarekin, ikusleak lehen irakurketara etorri ziren jada, eta, gero, hilabetean behin etortzen ziren. Normalean saiatzen naiz horrelako saioetara profesionalen bat ere gonbidatzen. Oso termometro ona da istorioak funtzionatzen duen ikusteko; bere biluztasunean ea ondo doan ikusteko, alegia. Azkenean, obraren euskarririk garrantzitsuenak antzezleak eta istorioa bera dira. Argirik eta jantzirik gabe komunitate hori istorioari harrapatuta geratu baldin bada, pentsatzen dut: «Bihotza badauka, orain jantzi egin behar dugu».

Kalea eta aretoa, biak dira zure eremu. Zein duzu gustukoago edo zein da bereziagoa?

Oso desberdinak dira, eta biak maite ditut. Gaur-gaurkoz konbinatu egiten ditut, halabeharrez. Aretoko epeak murriztu egin dira; urrian hasten gara, baina maiatz erdialdetik aurrera ez dago programaziorik. Zer gertatzen da maiatzetik aurrera? Kalera atera behar garela. Kalea basatiagoa da, ez dago babesik. Egiten duzun hori bene-benetakoa da. Aretoan argiek eta soinuak dramaturgia eraikitzen laguntzen dute. Arrisku handi bat du kaleak: obra bat egun batean izugarrizko arrakasta izan daiteke, eta beste egun batean, desastre hutsa. Hori zergatik? Ordua eta tokia ez direlako onak. Kalean etengabe lehian aritzen gara: zarata egin duen lagun talde bat, terraza bat... Pandemia garaian oso gogorra egin zitzaidan kalean ikuskizunak egitea.

Zergatik?

Hiruzpalau aldiz gertatu zitzaigun plaza batzuetara joan, eta segurtasun neurri guztiekin ikuskizunerako dena prestatu (distantzia, gela, maskarak...), eta justu ondoan jendea terraza batean distantzia eta bestelakoak mantendu gabe egotea, lasai asko. Orduan esan nuen: «Nahikoa da, ez programatu gure ikuskizunik baldintza hauetan berriro». Umiliagarria izan zen. Ni saiatzen naiz kalean, terrazen ondoan ikuskizunik ez egiten. Nahiago dut nire espazioa izan, eta ni ikustera datorrena, benetan nahi duelako etortzea.

Hikaren baliorik garrantzitsuenetako bat da euskara. Hala ere, gaur egun, euskal konpainia asko euskaraz zein gaztelaniaz sortzera ia behartuta zaudete.

Begira, oraintxe bertan diru laguntza bat eskatzeko lanetan nago. Betiko dilema da: hemendik kanpoko erakundeetarako erdaraz idazten ditugu, foru aldundietarako eta Jaurlaritzarako euskaraz, baina Europako funtsetarako erdaraz. Egia da konpainia moduan nik argi daukadala Hikak euskaraz bizi duela sormena, baina Hikak kanpora ere joan nahi du. Euskal Herria hemendik kilometro gutxitara amaitzen da, eta etengabe behartuta gaude bigarren bertsioa egitera. [Espainiako] Estatura hedatu ahal izateko, gaztelaniaz izan behar dute obrek nahitaez. Ezin gara soilik hemengo emanaldietatik bizi, eta proiektu modura ere zabaltzeko aukera da. Baina lan bikoitza da.

Justu, otsailean gaztelaniazko bertsio batekin izan zenuten arazoa Madrilen. La tarara antzezlana taularatu behar zenuten, baina emanaldi hura bertan behera utzi zuten, azken orduan. Zentsura izan zela salatu zenuten. Nola bizi izan zenuen hori?

Itziarren [Ituño] kontrako kanpaina bat zegoen momentu horretan, eta obrak berak ere eskuineko jendearentzat atseginak ez diren gai batzuk ukitzen ditu. Lehen bi egunetan shocka gailendu zen. Gero konturatu ginen gaur egun gizartearen parte direla horrela pentsatzen duten horiek, eta beldurra ematen du. Geroz eta altuago hitz egiten dute; sentitzen dute badutela baimena eurak diren hori beldurrik gabe aldarrikatzeko. Bestalde, gertaera horren atzean morboa dago. Hedabideek etengabe deitzen zidaten, eta une jakin batean hura gelditzea erabaki nuen. Salatu behar nuena salatu nuen, hori argi neukan, eta horren ondoren egin beharrekoa egin nuela sentitu nuen.

Gaur egun, sektorearen erronketako bat da digitalizazioa. Nola egin daiteke hori arte eszenikoetara ekartzeko? Nola uztar daitezke?

Dena ekarri liteke arte eszenikoetara, behar dena ezagutza da. Gure ezaugarririk handiena presentzialtasuna da, eta konbinazio asko egon daitezke. Beti dago konbinazioren bat, baina galdera da: zer egin dezakegu elkarrekin? Horretarako da eskatzen dugun denbora hori. Etengabe produzitzen ari bagara, ez dugu astirik forma berri horiek bilatzeko. Guk, profesional modura ere, denbora bera dugu; hausnartu, probatu eta ikasteko.

(ID_13993024) (/@FOKU) 2024-06-18, Donostia. Agurtzane Intxaurraga, zinema zuzendaria
Agurtzane Intxaurraga, Donostiako Gladis Enea parkean. MAIALEN ANDRES / FOKU

«Sortzaile berriak entzuteko beharra dugu, eta arte eszenikoak nondik bizi dituzten jakin»

Intxaurragak «behar-beharrezko» du gazteekin hartu-emana izatea: «Izugarri ematen didate». Sortzeko dituzten molde berrietatik ikasi, eta berak gaur egun duen lan egiteko modua eraldatzeko aukera moduan ikusten du hartu-eman hori. Gazteak entzutea ez da une jakin batean egin beharreko zerbait, eta konstantzia izan behar dela uste du antzerkigileak.

Belaunaldi desberdinetako bi antzerkigile elkartu dituzu dokumentalean (Amancay Gaztañaga eta Oihana Vesga), eta belaunaldi gazteagoekin elkarlanean aritzearen balioa azpimarratu duzu. Zer ematen dizute zehazki?

Bai, azkenean beste begirada bat daukate, eta eurak izango dira etorkizuna, ez gu. Nik egin dut bide gehiena, baina eurek ez. Beraiek ulertuko dute ondoen euren adineko jendea, ez nik. Sortzaile berriak entzuteko beharra dugu, eta arte eszenikoak nondik bizi dituzten jakin. Oihanak esaten zidan: «Guk ere behar ditugu gure erreferenteak». Noski, nik ere izan nituen bere garaian: Maribel Berastegi, Helena Pimenta, Maite Agirre... Bestalde, iruditzen zait momentu honetan ez garela gazteei oso gizarte ederra uzten ari. Mundua geroz eta ilunagoa da. Ni Gazte ikuskizunean ibili naiz, 17-25 urte bitarteko hamar gazterekin. Ez dakizu zer-nolako oparia izan den hori niretzat. «Zuek zuen ama banintz bezala ikusiko nauzue, baina nik zuen kuadrillakoa naizela sentitzen dut!», esaten nien. Hori sentitzea bizirik zaudela sentitzea da. Zahartzaroa bakardadearekin lotuta dago, eta bakardade hori ez sentitzeko, zer hobe konpartitzea baino.

Hori geroz eta lehenago egiten hasiz gero, hobe.

Noski. Baina konstantzia behar da, ez da pare bat urtez gazteak entzuten egotea bakarrik.

Zure ustez, arte eszenikoei dagokienez, belaunaldien artean ba al dago lan egiteko moduan desberdintasunik?

Ez. Agian belaunaldi berriagoak orain euren tokia egiten hasi dira. Denek egiten dute dena: sortu, idatzi, antzeztu, zuzendu... Kolektibotasunetik hasten dira. Iruditzen zait hori ez dela aldatu. Denboraren poderioz, bakoitza bere lekua hartzen joaten da. Handitu ahala, enpresa munduan sartzean, sormen hutsa izateari uzten dio. Ur handitan sartzen gara. Horregatik sentitzen dut saretzeko beharra, enpresa mundua badagoelako, baina baita beste pertsona batzuekin lan egitea ere.

Iruditzen zaizu jendeak zuk saretzeko duzun behar hori berdin sentitzen duela?

Bai, beharbada, jende gaztea ohituago dago saretzera, teknologia berriengatik-edo, irekiago egon direlako mundura. Eurentzat distantziak ez dira distantzia. Nire garaian Orozko-Donostia mundu bat zen. Gu hasi ginenean konpainia gutxi ginen, eta elkar ezagutzen genuen guztiok. Urteek aurrera egin ahala, agian autoesplotazio horrek ez digu utzi nahi adina saretzen, lanak aurrera ateratzen nahikoa izan dugulako. Diru laguntzetan asko ikusten da: «Zerk egiten zaitu desberdin besteengandik?», «Zergatik zara bestea baino hobea?». Hori saretzearen kontra doa.

Dokumentuaren akzioak